Edurne Elizondo
Kur, kur, kur”. Lehendabizi entzun, eta gero ikusi. Kurriloen kantuak ez du parekorik, eta aditu orduko zerura bideratzen ditu denen begiradak. Negua ekartzen dute hegaztiok, hotza hasten denean hartzen baitute Europa iparraldeko herrietatik hegoalderako bidea. Nafarroatik igarotzen dira haietako anitz bidaldi horretan. Jada 120.000 inguru pasatu dira herrialdeko zeru gainetik. Denek ez dute aurrera eginen, eta hemen geldituko dira. Figarol herri ingurua dute gustuko, hango arroz soroetan zer jan izaten baitute neguan.
“2016an, Figarolen, 6.000 kurrilo baziren neguan; gero eta gehiago gelditzen dira herrialdean”, erran du Jesus Mari Lekuona biologoak. Nafarroan, Lekuona da kurriloen errolda egiteko lanen koordinatzailea. Berez, herritar orok parte hartzen ahal du zeregin horretan. “Gogoa da behar den gauza bakarra”, azaldu du Lekuonak. Zeruari behatzeko, kurriloak zenbatzeko eta datuak jasotzeko gogoa, alegia.
Jasotako datu horiek guztiak aztertzen ditu biologoak gero; hau da, batek hemen eta bertzeak han ikusitako kurrilo taldeen inguruko informazioa hartu, eta errepika daitezkeenak bazter uzten ditu, datu ahalik eta zehatzenak eduki ahal izateko. “Batek Iruñean ikusi badu kurrilo talde bat, eta handik hogei minutura bertze batek Tafallan ematen badu antzeko bertze talde baten berri, ziurrenik hegazti multzo berari behatzen ari dira”, azaldu du.
30.000 egun bakar batean
Irailaren erdialdean hasi ziren kurriloak herrialdetik pasatzen. Hegazti gehienak, halere, urrian eta azaroan igarotzen dira Nafarroa gainetik. Hilaren 4an, adibidez, Aurizko Lindus tontorrean zeruari so ziren Lindus 2 proiektuko ornitologoek 26.700 kurrilo zenbatu zituzten, gutxienez. “Bertze egun batean 30.000 pasatu ziren”, erran du Lekuonak. 240-260.000 kurrilok pasatzen dute negua, denera, Iberiar penintsulan; gehienek Andaluzian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan. “Nafarroatik 120.000 pasatzea, beraz, ez da datu txarra”.
Udaberrian kontrako bidea eginen dute kurriloek. Hegaztion migrazioei buruz gero eta datu gehiago dituzte adituek, teknologiak haien bideari jarraitzeko gero eta aukera gehiago ematen duelako. Jatorria ezagutzeko aukera ere bada. “Hemen izan ditugu Norvegia, Alemania, Lituania, Letonia eta Poloniatik etorritako kurriloak”, erran du Lekuonak.
Hegaztion bideari so eginez, adituek jakin dute uste baino ordu gehiago pasatzen ahal dituztela hegan. “Jakin dugu zortzi eta bederatzi ordu eman ditzaketela zeruan; eta 80-100 kilometro mugitzen dira, orduan”, erran du biologoak, kurriloen ingurukoek liluratuta. “Kur, kur, kur”. Zeruari egin dio so.