Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek 2015. urtean sinatutako akordio programatikoan jasota zegoen; Iruñeko Udalak 2016. urtean onartutako III. Berdintasun Planean ere bai. Orain arte, halere, oztopoak izan dira nagusi Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko bidean. Iruñeko Udalak, azkenean, Pablo Sarasate musika kontserbatorioaren egoitza zaharra moldatzeko eta atontzeko lanak egiteko txostena onartu du, eta 2019ko aurrekontuko 142.300 euroko diru saila zehaztu du horretarako.
Iruñeko Udalak 2017ko abenduan jarri zuen martxan Emakumeen Etxea egiteko proiektua garatzeko parte hartze prozesua. Hogei eragile baino gehiago aritu dira lanean, geroztik. Azken berdintasun plana onartu baino lehen, diagnostikoa egin zuen Iruñeko Udalak, eta azterketak agerian utzi zuen Iruñean bazela emakumeentzat etxea martxan jartzeko beharra. Nafarroa osoan gisakorik ez da.
Parte-hartze prozesua martxan jarri zuenetik, Iruñeko Udalak Donostiako, Zaragozako eta Madrilgo emakumeen etxeak bisitatu ditu, hiri horietan egindako bidea ezagutzeko asmoz. “Gure asmoa izan zen etxe autonomo eta horizontal bat sortzea; behetik egindako proiektu bat izatea”, erran du Aranzadiko Laura Berrok.
Iazko uztailera arte, Berro izan da Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia, eta haren sailaren esku egon da, ondorioz, etxea egiteko proiektua. Uztailean, baina, krisia piztu zen hiriko gobernuan, eta Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanpo utzi zituen Aranzadiko zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino.
Uztailaren 5ean hautsi zuen Asironek udal gobernua. Ordura arte Aranzadiko zinegotzi Laura Berroren esku egondako Berdintasun eta LGTBI sailaren ardura hartu zuen Asironek. Krisiak agerian utzi zituen udal gobernuko taldeen arteko aspaldiko tentsioak. Uztaileko gertaeretan, halere, Emakumeen Etxearen inguruko erabakiek zerikusi handia izan zuten.
“Mugimendu feministaren aspaldiko eskaera da Emakumeen Etxearena; guk jaso genuen; udalaren berdintasun planak ere jaso zuen, baina argi dago egungo gobernu taldearentzat ez dela lehentasuna”, erran du Berrok.
Asironek Aranzadiko eta Ezkerrako kideak udal gobernutik kanporatu baino lehen, haustura ekarri zuen bozketa egin zuten udaletxeko osoko bilkuran. 2017. urteko sei milioi euroko superabita zertan inbertitu eztabaidatu eta bozkatu behar zuten, zehazki. Aranzadik 500.000 euro bideratu nahi zituen Emakumeen Etxea egiteko; EH Bilduk, berriz, 50.000. Iruñeko Udalak, azkenean, irailean egindako osoko bileran, 150.000 eurora igo zuen saila.
Lanak, eskas
Uztailetik Asiron da Berdintasun eta LGBTI arduraduna. Irailean ezagutarazi zuen udalak Pablo Sarasate kontserbatorioa moldatzeko asmoa bazuela, Emakumeen Etxe bihurtzeko. Proiektua garatzen aritu diren emakume taldeek, talde feministek eta emakumeek erdigunetik gertuago nahi zuten etxea, baina udalak ezinezkotzat jo zuen aukera hori. Sarasate kontserbatorioa hautatuz gero, ekitaldi aretoa moldatu eta erabili ahal izanen zutela azaldu zuen, trukean. “Zehaztutako diruarekin ezin izanen dute obra hori egin, ordea”, salatu du Berrok.
Iruñeko Udalak ere onartu du hori. Zehaztu duenez, onartutako diru sailarekin, eraikinaren kanpoko aldean lanak eginen dituzte, batetik, egoitza denentzat irisgarri bilakatu ahal izateko; bertzetik, zorua konpondu eta paretak atondu eta margotuko dituzte; azkenik, komunak ere berrituko dituzte, eta, gainera, etxea bere funtzio berrietara egokitzeko bertze hainbat lan eginen dituzte. Ekitaldi aretoan egin beharreko lanik ez du zehaztu udalak, ordea.
Berrok nabarmendu du Emakumeen Etxeak “horizontala eta autonomoa” izan beharko lukeela, eta, horretarako, etxea moldatzeko ez ezik, kudeaketarako ere diru saila bideratu beharko lukeela udalak. “Milioi bat euro eskatu ditugu guk”, erran du.
Berrok argi utzi nahi izan du orain arteko bidean emakumeek eta emakume taldeek eta talde feministek izan duten garrantzia. “Haiei esker egin da egin den guztia; emakume anitzek eta askotarikoek parte hartu dute prozesuan”. Udalak “huts” egin duela uste du Berrok, ordea. “Berandu ari dira, eta argi utzi dute ez dutela lehentasun”, erran du Aranzadiko kideak udal gobernuko taldeei buruz.
“Etxe fisiko bat behar da hirian, bai eta ikur bilakatu den etxe bat ere, emakumeak norbanako eta talde gisa ahalduntzeko”, erantsi du Berrok. Zinegotziak uste du aldaketaren aldeko gobernua ez dela aritu zegokion mailan.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku