Saioa Alkaiza
Sasi-esklabotza egoeran lan egiten zuten Azkoiengo baratzeetako langileek, LAB sindikatuak salatu duenez: 14 ordurainoko lanegunak; aparteko ordainsaririk jaso gabe baratzeetan pasatutako jaiegunak; kontratu mugagaberik ez, enpresan urteak pasatu arren… Noiz eta 2017ra arte, hauteskunde sindikalak egin, eta egoerak hobera egin arte: esaterako, zazpi ordura murriztu zen lan jarduna oinarrizko lan baldintzetara gerturatzeko urratsa, ez inongo pagotxa.
Eta aurrerapausoak errepresioa dakar berarekin; kaleratzeak izan dira harrezkeroztik, langileek eurek jakinarazi dutenez, lortutako lan baldintzen hobekuntzari erantzunez. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk laburbildu du egoera: “Enpresak ez du ongi hartu sindikatuen garaipena, eta errepresioaren, kaleratzeen eta zigorren bidez erantzun du”. Sorgin ehiza izan da.
Eta horren aurrean zer egin? Bada, greba mugagabea, lantoki aurreko protestak, herri harresia, Iruñeko manifestazioa… bi hitzetan, antolakuntza eta borroka. Eta subkontzientean, kanta bat, iltzaturik ia: Hokoke, hokoke. Damun fi oroke. Lan hansaha lau admuni, patronalaren aurrean kantatzen dutena; eta, miresmenez, lelo bat, itsasgarrietan: “Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko”.
Nork eta, ia-ia gehien-gehienean, migratzaileek osatutako taldeak, nork eta zapalkuntza baldintza gogorrenak pairatzen dituztenetako batzuek, nork eta, oro har, bestelako borroketan ahanzten ditugun horiek.
Houssine Yagoubi langile batzordeko presidentearen esanetan, ez dira “poliziaren kolpeak” min ematen dietenak, “kideen kaleratzeak baizik”, eta, horregatik, antolatzen segituko zutela iragarri zuen, egoera irauli arte. Errealitateak egia zioela erakutsi digu. Duintasunaren irudia izan da Azkoiengo baratzeetan ukabila altxatutako horiena.
Duintasunarena eta herri honen konplexutasunarena. Izan ere, arabieraz, gaztelaniaz eta euskaraz egin dute aldarri langileekiko elkartasunez bildutakoek mobilizazioetan non eta Azkoienen, gainera, Nafarroako eskuinak eremu ez-euskalduntzat duen horretan; izan ere, dantza eta salto egin dute Huertas de Peraltako langileek, borrokan oihukatu bitartean, Euskal Herriko langile mobilizazioetan ohi ez bezala, protesta praktika berriak gehituz; izan ere, sindikatu abertzale batekin atera dira langileok kalera, nortzuk eta xenofoboen mira puntuan daudenak. Bati baino gehiagori buruak eztanda eginen dio, segur aski, egunotako argazkiak ikusita.
Eta eredugarritik bezainbeste garaipenetik duen Azkoiengo Huerta de Peraltako langileen gatazka honek utzi beharko liguke denoi zer pentsatua auzi sindikalaz gaindi, nire ustez.
Barne arrak koxk egin baitit ikusterakoan zeinen kontent jaten dugun Azkoiengo protestaren ondoren prestatutako kuskusa eta zer-nolako ilusioa egiten diguten leloek beste hizkuntza exotikoetan, zeinen jatorrak bestetzat ditugun horiek guretzat zilegi diren borroketan sartuta. Etxe azpiko denda arabiarrean, ordea, ez naiz inoiz sartu.