Edurne Elizondo
Oholtzara lehendabizikoz igoko dira gaur, Barañaingo auditoriumean, Mejorana eta Perro Verde elkarteetako hainbat kide. Sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonak dira, eta haien testigantzak oinarri hartuta osatu dute Que nadie camine por mi mente con los pies sucios lanaren gidoia. Sormen prozesuan ikasitakoaz aritu da Garbi Losada zuzendaria (Algorta, Bizkaia, 1959).
Nola sortu da proiektua?
Giza eskubideen gaia jorratzeko prestatzen dugun hirugarren obra da hau. Lehen urtean, langabetuekin eta migratzaileekin egin genuen lan, eta, iaz, berriz, zaharrekin. Orain, dibertsitate mentala duten pertsonekin ari gara, Acronica Producciones taldeko kideekin batera.
Zergatik hautatu duzue dibertsitate mentala dutenen kolektiboa?
Uste dugulako gai hori tabutzat hartzen dela oraindik ere. Ez dugu ahaztu behar, ordea, datuek diotela lau pertsonatik batek izanen duela adimen osasuneko arazoren bat. Baina ez dugu horri buruz hitz egin nahi ere. Estigma sozial handia dago, eta autoestigma ere bai. Acronica taldeko kideek ere gaia jorratu nahi zutela jakin genuenean, aukera ona zela pentsatu genuen.
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Diagnostikoa duten pertsonekin eta aktore profesionalekin egin dugu lan. Prozesua hagitz aberasgarria izan da. Egia erran behar badut, uste dut hitz hori motz gelditzen dela zer sentitu dudan azaltzeko. Biziki hunkigarria izan da dena. Gidoia dibertsitate mentala duten pertsonen testigantzak oinarri hartuta osatu dugu. Hagitz eskuzabalak izan dira, eta lanerako gaitasun handia izan dute.
Ongi moldatzen dira oholtza gainean?
Bai. Hasieran uste genuen baino asmo handiagoko lana osatu dugu azkenean, arrazoi horregatik, hain zuzen ere: ikusi dugulako oholtza gainean lan egiteko gaitasun handia duela taldeak. Talentu handikoak dira, eta erabat murgildu dira prozesu osoan. Zenbait unetan, profesionalak ez direla ere ahaztu egin zait, hagitz ongi egiten dutelako lan, eta eskatzen diedan guztia egiteko prest direlako. Eszenarik zailenak ere ederki prestatu dituzte, beti daudelako lan egiteko prest. Ziur naiz hagitz lan interesgarria izanen dela emaitza.
Ongi uztartu duzue, beraz, amateurren eta profesionalen arteko lana?
Bai. Mila Espiga aktoreak aspaldi hasi zuen bere bidea, eta egunotan erran dit hau izan dela gehien gogobete duten proiektuetako bat. Profesional eta pertsona gisa izandako esperientzia zoragarria izan delako.
Estigmaren auzia aipatu duzu; gero eta biziagoa da, halere, dibertsitate mentalaren arloko aktibismoa. Sumatu duzue mugimendu horren eragina?
Mejorana eta Perro Verde elkarteetako kideak ditugu taldean. Lan handia egin dute dibertsitate mentalaren aldeko mugimendu horretan, eta hori sumatzen da. Hasieran, adibidez, erabat hunkitu ninduen beren istorioak kontatzeko eta sentitzen zutena azaltzeko erakusten zuten eskuzabaltasunak. Anitz eman digute. Dena. Hori guztia natural kontatzeko lana egina dute, eta hori agerikoa da. Eskertzekoa da. Nik uste dut pertsona indartsuagoak direla beren istorioen berri eman eta gero. Ahaldundu direla. Bide horren zati bat elkarrekin egin dugu, obrari esker. Negar egin dugu elkarrekin, hunkitu gara, barre egin dugu, denetarik. Hagitz prozesu bizia izan da elkarrekin egindako lana.
Elkar ezagutzea da estigmak bazter uzteko gakoa?
Bai. Eta hori da, hain zuzen ere, lanaren bidez zabaldu nahi dugun mezua. Elkar ezagutzeko beharra. Gure helburua izan da, gainera, dibertsitate mentala duten pertsonek hartzea hitza. Haien esku utzi dugu eman nahi izan duten mezua aukeratzea. Hori da gakoa. Arlo teknikoa, ikuskizunarekin lotutakoak, guk zuzendu ditugu; baina mezua, gidoia, erran nahi duguna, haiek erabaki dute. Haien eskutik egin dugu guk aurrera.
Erronka izan da bi alde horiek, arlo artistikoa eta arlo soziala edo politikoa batzea?
Bai. Bi arlo horiek ongi uztartzea izan da gure erronka nagusia. Gidoia osatzeko prozesua, adibidez, neketsua izan da; neurri handi batean, bizia izan delako, eta denen artean osatu dugulako, entseguetan. Musika, bideo irudiak eta bertze ere erabili ditugu, eta horrek guztiak ongi funtzionatzen duela uste dut. Poesiak badu bere tokia, umoreak ere bai. Oro har, nik uste dut lan honek lortuko duela ikuslea hunkitzea.
Azken uneko urduritasuna bazter utzita, dena prest?
Bai. Urduritasuna berezkoa du antzerkiak. Ni urduri nago, eta aktoreak ere bai. Baina, batez ere, ilusio handia dugu gure lana erakusteko. Kontuan izan behar dugu anitzentzat oholtza gainera igoko diren lehen aldia izanen dela hau. Anitzek ohitura handia dute jendaurrean hitz egiteko, ekintzaile sutsuak direlako.
Barañainen estreinatu eta gero, zer bide eginen duzue?
Igandean Atarrabian aurkeztuko dugu lana, eta otsailaren 1ean eta 3an, berriz, Antsoainen eta Arangurenen. Oraingoz aurkezpen horiek lotu ditugu, baina izanen dira gehiago. Estreinaldiarekin, nolabait, amaiera emanen diogu orain arteko prozesuari.
Hasiera bat ere izanen da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe, oholtza gaineko aldi guztiak ezberdinak baitira. Gauzak beti dira ezberdinak, eta hori da, hain zuzen ere, antzerkiak duen onena eta txarrena, aldi berean. Espazioak ezberdinak dira, eta tokian tokiko egoerara egokitu behar dugu dena. Iruñerriko antzoki guztietan egin ditugu entseguak, eta horrek abantaila txiki bat ematen digu.
Zuretzat zer izan da obra hau prestatzeko lana?
Giza eskubideen arloa jorratzeko beharra sortu zitzaidan Koldo nebaren heriotzagatik. Nik banuen nire barruan bete egin behar nuen huts bat. Eta giza eskubideen arloko lan horri ekin nion. Amak beti erran izan dit buruarekin lotutako kontuek edozein unetan egiten dutela eztanda. Eta hala dela uste dut. Alzheimerrari buruzko lan bat egin nuen. Gai honen inguruko interesa banuen, baina gauza anitz ez nituen ezagutzen. Lan hau egin dudan bitartean konturatu naiz oraindik ere indarrean direla desagertutzat jotzen nituen hainbat egoera.
Dibertsitate mentala duten pertsonak ospitaleetan ohera lotzeko sistemez ari zara?
Bai. Ikaragarria da. Giza eskubideak daude jokoan. Sufrimendu handia dago, eta uste dut jendeak ez duela horren berri. Nik ere orain ikusi dut gauzak nolakoak diren. Lan handia bada egiteko.