Saioa Alkaiza
Zertarako behar duzu euskara? Gustatzen zaizu? Zaindu beharko genuke? Zer-nolakoa litzateke euskararik gabeko Euskal Herria?”. Galdera horiek egiten dizkiet 10-12 urteko haurrei, bertso eskolan, euskarari buruzko hainbat bertso sorta lantzerakoan; jakina, erantzunak gisa guztietakoak dira, aintzat hartuta Nafarroako D ereduak hartzen duen testuinguru soziolinguistiko luze zabalean egiten dizkiedala; berberak dira galderak Nafarroako mendialdean, iparraldean eta Iruñerrian. Hausnarketak, mundu bat.
“Eremu euskalduneko” zenbait erantzun: “Euskara behar dut bizitzeko, gauzak esateko; gaztelaniaz ez dakit berdin esaten”; “Nik ez dakit erdaraz”; “Gaztelania kaka bat da”. Hegemonikoa eta normala, ohikoa eta kontrolatzen dutena euskara da, eta gainontzeko unibertso linguistikoa arrotza zaie; are askok ez dituzte behar bezalako baliabideak (oraindik) ehuneko ehunean nahi duten hori gaztelaniaz komunikatzeko.
“Zer-nolakoa litzateke euskararik gabeko Euskal Herria?” esanda, “Herria bakarrik, eta, igoal, hori ere ez”, esan zidan haur batek. 12 urte. Eta hau ez da zutabe bat idazteko hartutako lizentzia literarioa, benetako erantzuna baizik. Gainontzekoan, zaindu behar dela, bai noski, nola ez, eta “gurea” dela. Euskararen arnasguneetan bizi dira, haiengan existitzen da, umeen artean, hizkera biziena batik bat, oraindik gaztelaniaren makuluetara makurtu ez den hori.
“Eremu mistotzat” jo izan duten hirigunearen inguruko txoko honetan, ikasi dute garrantzitsua dela euskara eta ez dela galdu behar, baina askok ez dakite non dagoen ergatiboa, eta esaldi konplexu bat amaitzea ez zaie erraza, eta, hala ere, haientzat badu esanahi handia euskarak, esanahi sinbolikoa eta praktikoa badu, praktikoa baita komunikatzeko balio zaien hori, tz-ak eta z-ak eta ergatiboak gorabehera.
Haien identitatearen parte ezinbestekoa da. “Euskara gustatzen zait polita delako”, “Euskara behar dugu euskararik gabe ez legokeelako Korrika eta niri Korrika gustatzen zait” ohiko logikaz gaindiko erantzunek uste baino askoz gehiago ez ote duten esan nahi… Korrikaren erritualak ez ote duen asko egiten, hizkuntzaren muskulua indartzeaz aparte, “Euskara gustatzen zait euskalduna naizelako”.
Aho bete hortz utzi ninduen erantzun batek: “Euskara gustatzen zait dena egiten delako euskaraz: liburuak, marrazkiak, musika…”. Irribarre egin nion, eta galdera errepikatu: “Iruditzen zaizu euskaraz egiten direla liburu gehiago eta film gehiago? Gaztelaniaz baino gehiago?”, sinesgaitza egiten zitzaidan. “Bai, dena dago euskaraz; begira, liburu guztiak”, ikasgelako apalak seinalatuz, euskarazko haurrentzako obrez gainezka.
Balizko euskal kultur ekoizpen handi horrek txundituta utzi ninduen, eta areago kontsumoak; zenbat militantzia ekintza egin ote duten eremu erdalduneko haur horren ingurukoek euskara kultur hizkuntza nagusia dela iruditzeko… Irribarre egin eta ez nion deus esan. Herri imajinario polita utzi zidan.