Ane Eslava
Generoa eta adina. Bi faktore horiek direla-eta bi aldiz zapalduak eta baztertuak direla salatu dute Euskal Herriko emakume pentsiodunek. Bizitza osoa lanean eman ostean, azken arora heltzerakoan ikusten dute egindako lanak ez duela baliorik, eta horrek pobreziara eramaten dituela haietako asko. “Bidegabekeria” hori salatzeko eta egoera aldatzeko neurriak eskatzeko sortu dute Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen plataforma. “Kalera eta agenda politikoen erdigunera” eraman nahi dituzte aldarrikapenak. Nafarroako taldea aurkeztu berri dute.
Azkenaldian indar handia hartu dute pentsiodunen mobilizazioek, eta haien aldarrikapenak eztabaida publikoaren erdigunera heldu dira. Onekako kideek esan dutenez, bat egiten dute mugimendu horren aldarrikapenekin; baina, emakumezko gisa, “arazo eta premia bereiziak” dituzte.
Hori dela eta, iaz, ikusi zuten “beharrezkoa” zela beren artean antolatzea, emakume eta pentsiodun gisa dituzten beharrei “bidezko erantzuna” eman ahal izateko, eta beren ahotsaren jabe izateko: “Guk geuk izan nahi dugulako bozeramaile gizartearen eta instituzioen aurrean”. Urrian egin zuten urratsa: Oneka taldea aurkeztu zuten, Donostian, eta han izan ziren Nafarroako hainbat lagun ere. Baina, Ana Sarobe kideak azaldu duen moduan, autonomia erkidego bakoitzeko administrazioak funtzionamendu bat duenez, tokian-tokian antolatzea erabaki zuten. Hala, astelehenean erregistratu zuten ofizialki Nafarroako taldea.
Zaintza lana
Oneka taldearen eskaera nagusietako bat da “zaintza lanak balioestea”, Sarobek adierazi duenez. Haren hitzetan, gizarteak ez ditu aintzat hartzen emakume askok bizitzan egiten dituzten lanak, eta horrek eragiten du haien pentsioak gizonezkoenak baino “askoz ere txikiagoak” izatea. “Gutako askok bizitza osoa eman dugu lanean, gure inguruko pertsonen bizitzak zaintzen; baina gizarteak ez du hori ikusten, ez du onartzen”. Gaineratu du andre asko “eskubiderik gabe” heltzen direla zahartzarora, kobratu gabeko eta kotizatu gabeko lanak egin izanaren ondorioz.
Pentsioen arrakala desagerrarazteko, Onekako kideek eskatu dute Babes eta Gizarte Segurantzako sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzeko. Organo horren bitartez, haien eskaerei erantzuteko formulak bilatuko dituzte. Pentsiodunen mugimendu orokorrak eskatzen duen moduan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa nahi dute. Izan ere, Nafarroako emakume pentsiodunen %79k kopuru hori baino gutxiago jasotzen dute, eta emakumeen gutxieneko pentsioa gizonena baino %45 txikiagoa da. Era berean, neurri sozial eta politikoak eskatu dituzte “autonomia” eta “indarkeriarik gabeko zahartzaroa” izateko.
Pentsioen datuak atalka aztertuz gero, ikus daiteke Nafarroako emakume pentsiodunen %29k 150 eta 600 euro arteko pentsioa jasotzen dutela; gizonezkoen %10ek baino ez dute diru hori kobratzen. Haatik, diru gehien jasotzen dutenen artean —2.000 euro baino gehiagoko pentsioa—, askoz gizon gehiago daude: %21 dira, eta emakumezkoak, berriz, %4. Bestalde, gizonek ez bezala, andre askok alargun pentsioa jasotzen dute, eta, Onekako kideak gogorarazi duenez, askok, ezta hori ere: “Pobreziak emakume aurpegia du, eta miseriak, berriz, emakume helduarena”.
Ezaugarri bereziak dituztelako beren borroka propioa egitea erabaki duten arren, Onekako kideek ziurtatu dute pentsiodunen gainontzeko plataformekin elkarlanean ariko direla. Horretaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenak bere egin dituzte, eta prest azaldu dira emakumeen arteko aliantzak sortzeko, batik bat Martxoaren 8ko grebari begira. “Grebak erdigunean jarriko du gure aldarrikapen nagusia, zaintza lanen balioa; beraz, babestu egingo dugu”. Emakume pentsiodunek greba egunean parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: “Hala, egiten dugun guztia azaleratuko da”.
Irudia: Oneka.