Idoia Sobrino
Urteak dira jada Iruñeko Alde Zaharreko liburutegiaren aferarekin bueltaka gabiltzala gu, auzokideok; gu, liburuzainok. Eta anitz dira jada gaiaren inguruan idatzitako lerroak. Egia da, baina, orain puntu berri batera iritsi garela: duela egun batzuk Iruñeko Alde Zaharreko liburutegi publiko baten aldeko lantaldeko kide batek, denen izenean pentsatzen dut, eskutitz bat argitaratu zuen, eskatuz, bertzeak bertze, pribatizatua dagoen eta printzipioz aurki kudeaketa publikora bueltatuko den liburutegi honek “berezitasun” bat izatea: liburutegiaren eta bizilagunen arteko partaidetza bermatzea, hau da, “liburutegi komunitarioa” izatea, irekia, parte hartzailea, integratzailea eta berdintasunean oinarritua, eskuragarria, gardena eta kulturalki bizia.
Ez dakit noiz galdu zen lantalde honek zeukan auzokide eta liburuzainen arteko elkarlana, baina argi dago galdua dagoela. Bertzenaz, eskutitz horretan ez zen erranen auzoak nahi duena “liburutegi komunitario bat” denik. Eta ez ezaugarri horiek guztiek izan behar ez dituelako, baizik eta ezaugarri horiek guztiek “liburutegi publikoa” definitzen dutelako. “Berezitasunik” gabe. Hori da liburutegi publiko bat: irekia, parte hartzailea, herri edo auzoaren parte dena. Herriaren zerbitzu publiko bat, beraientzat eta beraiena, gaian adituak diren profesionalek kudeatua: liburuzainek.
Nondik dator, beraz, kontzeptuen nahaste hori? Auzokideek zergatik uste dute liburutegi publiko batekin ez dela nahikoa eta zergatik ari dira eskatzen “berezitasunak” dituen liburutegi bat? Bada, urteetan Nafarroako Gobernuak eta haren bitartez Nafarroako Liburutegien Sareko buruek ez dituztelako liburutegiak beharrezkoak diren baliabide ekonomiko, material eta pertsonalekin hornitu. Beraiek izan dira liburutegietan “sinetsi” ez duten lehendabizikoak, eta liburutegi publikoari lotuta joaten diren ezaugarri horiek guttinaka kentzen joan dira, herriari sinetsaraziz liburutegi publikoak liburuz betetako eraikinak bertzerik ez direla.
Horregatik, pozgarria da ongi hornitutako liburutegi publikoetan sinesten (eta amesten) duen herritar bezala, Alde Zaharreko bizilagunak herri aldarrikapen hori egiten ari direla ikustea. Urteak pasata ere hor jarraitzen dutela, tinko eta eutsiz. Egiazki pozgarria da. Baina liburuzain gisa hemendik ozen erran nahi dut eskatzen ari direna ez dela deus berezirik, baizik eta beraien lantaldearen izenak argi uzten duen bezala, liburutegi publiko baten alde egiten ari direla. Eta hor gaudela gu ere, kolektibo profesional bezala, borroka beraren bidetik pausoak ematen, baliabide ekonomiko, material eta batez ere pertsonalak eskatzen, profesionaltasunetik herriarena den zerbitzu publikoa kalitatez eskaini ahal izateko.
Lortuko dugulakoan nago, gauzak aldatzen ari baitira. Ez da erraza izanen, baina elkarlana eta auzolana alde ditugulako, auzokideek eta liburuzainek lortuko dugu. Eta liburutegi publiko bat zer den —zer beharko lukeen— gehiago jakin nahi duenarendako, irakur dezala Pautas sobre los servicios de las bibliotecas públicas.