Lur Albizu Etxetxipia
Beti jartzen naiz urduri. Hitzordua goizeko bostetan, arratsaldeko zazpietan, gaueko bederatzietan edo eguerdiko ordu batean dela ere, urduri jartzen naiz. Euria egin, eguzkia egin, bero, hotz. Karkarren, Isun, San Adrianen, Irunberrin, Iruñean edo Garesen (Artazutik ez baita duela hamar bat urte pasatzen).
Ekitaldi, egun edo ekimen batzuetarako nahiko ohitura-zalea naiz (tradizioak traizionatzea plazera ere bada, baina batzuetan…). Txupinazoaren aurretik zuriz janztea bezalakoa izaten da Korrikaren kilometroa zein izanen den aurretik begiratzea, zain egotea; eta ez da preseski korrika egitea bereziki maite dudalako.
Eta aurtengoa bereziagoa izanen da, bereziena, beharbada. Denok ez dugu hori bizitzeko plazera eta zortea, herritik apenas lau kilometrora Korrika hastea, alegia. Tontakeria bat irudituko zaio norbaiti agian, baina ez da gutxi eremu diskriminatuaren mugan (nahiz eta muga horiek pixka bat urrunago dauden duela bi urte baino, eta nahiz eta muga horiek pixka bat lausotu diren) Korrika hastea eta hori gertu(ago)tik bizitzea.
Zein gutxi aldatu diren gauza batzuk, beste batzuk aldatu badira ere. Eta ez dakit duela lau urte orain non egonen ginen pentsatzen genuen, zer imajinatzen genuen 2019az, urrun edo gertu ikusten genuen. Segur aski, beste gauza asko esperoko genituen; batez ere, eremu diskriminatutik atera ahal izatea. Baina eremu diskriminatuarekin amaitu nahi genuelako eta amaitu nahi dugulako.
Korrika ez delako bakarrik korrika. Korrika egitea, lekukoa hartzea. Korrika aurrera egiteko konpromiso bat, euskara ez galtzeko konpromiso bat. Baina ez bakarrik ez galtzekoa: saltoak ematekoa, eremuak birkonkistatzekoa, berreskuratzekoa. #Klika egitekoa. Mundua eraldatzekoa, baita kulturalki eta musikalki ere. Bardeako ziertzoa guregan arnasteko tartea ere bada Korrika, eta “korrikarako balio” ez omen duten abestiak hizketagai bihurtzekoa (ez da gutxi hori lortu izana; “korrikarako balio” omen duten abestiak gutxiago gustatzen zaizkigu beste batzuei). Korrikak, hamarkada batzuen ondoren, apurtzailea izaten jarraitzea lortzen du; horregatik bakarrik, merezi du.
Korrika bada ofizialtasunaren aldeko lasterketa. Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak desagertzeko apustua egiten duen furgoneta. Lagunak urtean behin batzen dituena. Korrika bada ahobizien oihua, belarripresten garrasia. Korrika bada instituzioei duten ardura behingoz har dezaten exijitzea.
Eta bada txinaurri lan oso handia eta urte luzeetan egin duten horientzako omenaldi txiki bat ere; hori baino askoz gehiago merezi dute herria euskalduntzen, beren burua euskalduntzen, D eredua bultzatzen, euskara(z) irakasten, ahalegin guztiak egiten ibili diren horiek. Isilik, baina gelditu gabe. Isilik, baina esfortzu handiz, apustu handiak eginez, bai pertsonal eta bai kolektiboak. Haiei esker gaude gu hemen, eta ez dakit konturatzen ote garen zein balio handia daukan horrek guztiak denontzat. Lekukorik garrantzitsuena zarete zuek. Ez dadila haria eten!
Irudia: Iñigo Uriz / Foku