Lohizune Amatria
Korrika lasterraldian parte hartzeak sortzen didan zirrara, ilusioa eta emozioa bildu nahi nituen lerro hauetan: lekukoa lehen aldiz hartzen duen horren irribarrea nolakoa izan den zuei kontatu; herri batean kilometro bat egin, atzetik zen autoan igo, Korrika aurreratu, eta maldan gorakoa saihestuz beste kilometro batean nola batu garen azaldu; Pirinioetako bailarek egunotan euskararekiko erakusten duten konpromisoa islatu…
Halakoak, baina, asko irakurriko zenituzten egunotan. Horregatik agian, edo kontatzera noan honek sortzen didanagatik, aldatu dut zutabe honen edukia. Edo edukia baino, ikuspuntua.
“Zerbait larria gertatu dela dirudi, inoiz baino polizia gehiago dabil errepidean”. Duela pare bat aste iritsi zitzaidan mezua, ostirala zen. Nirekin ere gurutzatu ziren argidun auto zenbait hiritik Pirinioetarako bidean gora nindoala. Ohikoan baino gehiago zirela pentsatu nuen nik ere bai.
Sumo horrekin bat eginez, bigarren batek idatzi zuen: “Kontrola ezarri dute hemen”. Minutu gutxira heldu zen hurrengo mezua: “Hemen ere ezarri dute, bi norabideetan”. Eta ez ziren mezu bakarrak izan asteburu horretan. Hurrengo egunean, antzerako beste bi jaso nituen.
Inguratuta eman genuen asteburua, kontrolatuta. Eta nahigabe hasierako hipotesi hura izan nuen buruan bueltaka: “Egia izango ote da bada? Zerbait larria gertatu ote da?”. Baina igaro dira zenbait egun, eta, ez, ez da aparteko ezer entzun inguruan.
Gertatukoari azalpen xume bat eman dakiokeen albistea zekarren egunkari espainiar batek duela aste gutxi. Landa eremuko kuartelak sendotuko ditu Espainiako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko. “Gutxiegi erabiltzen dituen” azpiegiturak indartuz, jendez hustutako eremuak dinamizatu nahi ditu Pedro Sanchezen gobernuak. Diotenez, lanpostuak bakarrik ez, “herrietan falta diren” zerbitzuak eta sareak heda ditzakete.
1.820 guardia zibil ditu aktibo Guardia Zibilak Nafarroan. Langile gehien dituen erakundea da – 1.100 foruzain eta 739 polizia daude Nafarroan -, baina PSOEk gehiago jarri nahi dizkigu. Garai ilunak datozkit burura.
Korrika abiatzeko egun gutxi geratzen zirela beste berri bat iritsi zitzaidan. “Aupa! Aste honetan guardia zibilak bi isun jarri dizkigu Korrikaren harira”. Erronkarin ezarri zuten lehenengo isuna: karrika-korrikan parte hartzen ari zirenei 500 euro eskatu dizkiete. Bigarrena, Aezkoan jarri dute. Kilometroak markatzen ari zirenek jaso dute, autoa errepidean uzteagatik. 80 euro.
Argi dago, ari da jada Guardia Zibila landa eremuan lanean. Diskurtsoa aldatuko dute, baina molde bera erabiltzen ari dira. Beti bezala, euskararen aldeko mugimendua oztopatzen dabiltza, errepideak kontrolez josiz izua hedatzen… Noren arazoak konpontzeko neurria izango ote da kuartelak sendotzearena?
Gauzak gertatu dira, bai; eta larriak dira, gainera. Baina, tamalez, ez dira apartekoak izan. Eskerrak oraindik asko garen lekuko baten atzean hamaika egunez korrika egiteko prest gaudenak hemen. Herri zoro zoragarria da gurea.