Ane Eslava
Gero eta ugariagoak dira espetxe zigorrean oinarritutako justizia sistemaren aurrean bide berriak proposatzen dituzten ahotsak. Horietako bat da Paz Frances legelari, NUPeko irakasle eta Salhaketako kidea (Iruñea, 1983). “Zigorraren kulturak” egungo gizartean duen pisua aztertu du Diana Restreporekin batera, ¿Se puede terminar con la prisión? Críticas y alternativas al sistema de justicia español liburuan. Egungo justizia sistema eraldatzeko bideak proposatu dituzte.
Zaila dirudien arren, kartzelarik gabeko mundu bat sortzen hasteko gakoak eman dituzue.
Bai, hori da. Gaur egun, oso urriak dira espetxerik gabeko kulturak; soilik Latinoamerikako herri txikiren bat geratzen da. Gaur egun, ezinezkoa iruditzen zaigu espetxerik gabeko mundu bat imajinatzea. Horregatik, gu liburuan saiatu gara gizartearen iruditerian txertatuta dagoen premisa horretatik ateratzen.
Zergatik uste duzu beharrezkoa dela espetxea deuseztatzea?
Espetxea abolitzea premiazkoa da bizi baldintza hobeagoak izango dituen gizarte berri bat sortzeko. Ez dugu itxaron behar gizarte perfektu bat izan arte espetxea deuseztatzeko. Izan ere, espetxeak ez ditu betetzen hura legitimatzeko funtzioak, eta sistematikoki urratzen ditu giza eskubideak. Gainera, ez da dirurik inbertitzen delituak saihesteko politika publikoak egiteko, biktimak artatzeko neurriak ezartzeko eta herritarrok gure gatazkak konpontzeko bideak bilatzeko.
Espetxea zigorrean oinarritutako sistema oso baten zati bat dela esan duzue liburuan.
Erdigunean jarri nahi izan dugu kartzela eta zigor zuzenbidea direla zigorrera etengabe jotzen duen kultura zibilizatzaile baten zati bat. Espetxea da kultura horren adierazpen instituzional nagusia, baina, gure ustez, ez da nahikoa zigorraren manifestazio bakar baten aurka lan egitea. Espetxea zerbait isolatu gisa ikusi beharrean, kultura horren oinarriak aztertu behar ditugu. Horretarako, lotu egin ditugu hainbat zapalkuntza sistemaren aurkako borrokak, sistema horien guztien oinarrian baitago zigorra.
Adibidez?
Aztertu dugu ea zer lotura duen espetxearen kontrako borrokak esklabotzaren aurkako borrokarekin, edo eskolan zigorretik urrundu nahi diren proiektuekin, edo buruko osasuneko arazoak dituzten pertsonak giltzaperatzeko espazioak abolitzeko mugimenduekin. Sistema horien sorrera aztertzen badugu, elementu komun bat ikusten dugu guztien artean: patriarkatuaren eta kapitalismoaren sendotzea. Izan ere, menderatzea dago patriarkatuaren oinarrian, eta sistema horrek, kapitalismoaren barruan, espetxea eta bestelako instituzio horien sorrera bultzatu du.
Bestalde, gaur egun jasota dauden delituen eduki politikoaz ere mintzatu zarete.
Bai. Aztertu dugu zergatik sistema patriarkal kapitalista batean lesio larriko delituek bezain zigor gogorrak dituzten lapurretek, edo zergatik lepo zuriko delituak deitutakoek zigor leunagoak dituzten. Erakutsi nahi dugu zer kolektiboren gainean dagoen zigorraren kontrola. Izan ere, zigorra erabiltzen da herritar guztiak menperatzeko, baina baita talde arrazializatuak, pobreak eta zaurgarriak kontrolpean izateko ere. Zigorra boterearen erabilera bat ere bai baita. Interes batzuk beste batzuen gainetik babesten dituen sistema batean gaude, argi eta garbi. Elementu horiek guztiak erakutsi nahi ditugu, eredu berri bat pentsatu behar dugula sinesten hasteko.
Zehazki, zuek zer proposamen egin dituzue liburuan?
Ez dugu gidalibururik, eta badakigu transformazio prozesua motela izango dela, baina aldaketa batzuk proposatu ditugu. Pertsonen benetako beharrizanetan oinarritutako komunaren politikak pentsatzen hastea proposatu dugu, gatazkak modu komunitarioan konpontzeko ereduak sortzeko, behetik abiatuta.
Halako esperientziarik ezagutzen duzue?
Bai, guk AEBetan eta Alemanian gauzatzen ari diren esperientzia batzuk kontatu ditugu. Ereduak Transformative justice du izena, eta AEBetako auzo batzuetan sortu zen, zeinetan arrazializatutako biztanleriaren gaineko zigor bidezko kontrola izugarria baita. Han, konturatu ziren gatazka baten aurrean botere publikoetara jotzen zutenean indarkeria espiral handiak sortzen zirela. Horri aurre egiteko, esku hartze komunitarioko eredu bat sortu zuten, oso esanguratsua.
Zertan datza eredu hori?
Hiru premisatan oinarrituta dago: lehenik, garrantzi berbera ematen diote gizabanakoaren justiziari eta askapen kolektiboari; bigarrenik, auzoetatik eta espazio komunitarioetatik lan egiten dute indarkeria desagerrarazteko; eta, azkenik, indarkeria pairatu duen pertsona babesteko estrategiak sortzen dituzte, bai eta indarkeria gauzatu duen pertsonarentzako programa emantzipatzaileak ere, bere portaera aldatzeko aukera izan dezan.
Proposamen abolizionistek utopikoak irudi dezakete; halako ereduekin erakutsi nahi duzue posible dela espetxearen alternatibak sortzea?
Bai. Liburuan proposamen hau sartu dugu itxaropena zabaltzeko, erakusteko halako ereduak gauzatzen ari direla jada; gainera, zigor bidezko kontrola hobekien ezagutzen duten komunitateetan.
Hala ere, ez duzue proposamen bakarra egin, ezta?
Hori da. Liburua edonork irakurri ahal izatea nahi dugu; badakigu ez dela oso gai ezaguna, eta ez dugu sektarioak izan nahi; ez dugu eredu bakar bat proposatu nahi. Modu progresiboan idatzi dugu: lehenik, kartzelaren abolizioa proposatu dugu; ondoren, kartzelaren eta justizia sistemaren abolizioa, eta, azkenik, zigorraren kultura osoaren abolizioa. Baina irakurlea nahi duen tokian gelditu daiteke. Ez dugu inor ikaratu nahi, ezta hau guztia zerbait oso utopiko gisa ikus dezaten ere. Horregatik, atal bat erantsi dugu, esateko: guk espetxea deuseztatu daitekeela uste dugu, baina oraingoz ez bagara horretarako gai, zer aldatu behar dugu nahitaez, giza eskubideak sistematikoki urratzeari uzteko?
Nola ikusten duzu gizartea gai honen aurrean? Izan ere, azkenaldian zigorrak gogortzearen aldeko adierazpenak egon dira.
Hemen uste faltsu batzuk zabalduta daude. Komunikabideek eta batez ere alderdi politikoek modu arduragabean erabiltzen dituzte biktimak eta zigor zuzenbidea, egoera konplexuen aurrean gizarteari baliabideak emateko, modu sinplista batean. Eta gizartearen zati bat horren mende erortzen da. Beldurraren kultura batean, beldurraren aurrean erantzuna da: “Jende hori giltzapetu dezatela”. Hortaz, gizarteak zigorraren aldeko joera duela pentsa dezakegu. Baina gaiaren inguruan egin diren ikerketak ez datoz bat uste horrekin. Beste bide batzuk daudenean, jendeak horiek nahiago ditu kartzela zigor luzeak baino. Uste dut hobekuntza bat ongi hartuko lukeela gizarteak. Are gehiago hemen, kontrol penalaren eta estatuaren indarkeriaren esperientzia ugari egon diren toki batean.