Jon Barberena Ibarra
Amets Arzallusek argi adierazi zuen: “Mundu guztia dago euskararen alde. Baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak eta haien oinordekoak ere. Euskara onartzen dute, baina bere eremu ttipian eta ahal dela, ez dezala trabarik egin. Hortik atera eta erdigunean paratzen denean arazoak sortzen dira”.
Korrika dela medio, euskara bere xokotik atera eta protagonismoa hartu duelarik, UPNk bere klika partikularra egin dio. hamar egunez, harrigarria bada ere, mudu oso bat lasterka ibili da Euskal Herri osoa zeharkatzen. Tarteka, Luzaideko bolantak, Ibañetako elurra, bertsoak eta irrintziak bidaide izan dituzte korrikalari nekaezinek. Era horretan, jende uholde batek AEKri behar-beharrezkoa duen bultzada ekonomikoa eskaini dio besta giroan. Baina UPNkoak arranguratu dira. Euskara ez dute aipatu eta epaitu. Ez modu zuzen-zuzenean behinik behin. Halere, euskarak erdigunea hartu duelarik, deseroso sentitu dira eta ikurrina hartu dute aitzakiatako. Alberto Catalanek, UPNko bozeramaileak, Nafarroa Garaiko eskola eta ikastetxeetan ikurrina goraipatzen duten Korrikako ekintzak onartzea kritikatu du. Ikurrina agertzen den kartel dibulgatzaileak Nafarroako Gobernuaren logoarekin babestuta egotea “justifikaezina” dela adierazi, eta Hezkuntza departamentuaren “utzikeria” kritikatu du.
Catalanendako, “horrelako portaerak Nafarroako ikur propioen iraina dira”. To! Oraindik oroitzen naiz 2001-2002 ikasturtean Cortesen irakasle aritu nintzeneko sasoia. Zuri-beltzezko lau fotokopia eta imajinazio handia tartekatuz, eginahalak egiten nituen hango umeei euskara erakusteko. Geletako batean orduko Espainiako errege-erreginen irudia zintzilikatua egoten zen. Jakizu deseroso sentitzen nintzela Sofiaren eta Juan Carlosen begiradapean aditz taulak erakusten.
Horrekin nahikoa ez, eta Catalanendako, “horrelako jokamoldearekin”, lauko gobernuak agerian utzi omen du gure lurraldeko ikur propioekiko “mespretxua eta hezkuntza sistemaren errealitatearekiko errespetu falta”. Bere ustez, hezkuntzaren gainetik helburu politikoak lehenesten omen ditu Nafarroa Garaiko gobernuak. Baina zeintzuk dira Nafarroa Garaiko ikur propioak? Noiz onartuko duzue lurralde honetako aniztasuna? Noiz ohartuko zarete zuen sinboloek ez dutela Nafarroa Garaia bere osotasunean ordezkatzen? Gazteleraren eta zuen ikurren hegemoniak espazio pixka bat galtzeko arriskua nabaritu, eta jotzen duzue euskaldunon kontra eta, doike, euskararen kontra.
Galderekin hasi naizenez, zein da Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren errealitatea? Zure alderdikideen begiek ikusi nahi dutena bakar-bakarrik? XVII. mendean ez, baina 2013. urtean, Jose Iribas Hezkuntza kontseilari ohiak zehaztu zuen zein liburu erabili behar genuen D ereduko eskoletan. Euskal Herriko mapa bat agertzea nahikoa zen liburu horren erabilera galarazteko. Debekuak eta trabak.
Dena den, gorroto duzuena maita dezakezue? Nik uste dut ezetz! Korrika bezalako ekintza baten arrakasta eta herri mailako antolamendua goraipatu beharrean, beti zabiltzate mami gutiko aitzakien bila. Aurten, euskararen herria irudikatzen duen ikurrinari suertatu zaio, baina horren gibelean dagoena argi dago: euskararekiko gorrotoa. Foruak saltzear zaudeten zuen lurraldeko hizkuntza ere badenarekiko ikusiezina eta gorrotoa. Horra zuen klika partikularra.