Saioa Alkaiza
Demagun herrialde batean bizi zarela, lan egiten duzula, familia bat duzula, teilatupe bat duzula behar duzunerako, beheko dendako dendaria agurtzen duzula eta zure izenez deitzen zaituela. Edo ez.
Demagun herrialde batean bizi zarela, lanik ere ez duzula eta bakarrik zaudela eta ingurukoek ez zaituztela agurtzen.
Demagun azal zuria duzula, baina jaio zinen herria ez dagoela Europako Batasunean eta Espainiako Estatua deritzoten horretara ailegatu zarela.
Demagun azal beltza duzula, ilea nola, laztutako eskuak paperik gabe egindako lanarengatik. Demagun aspaldi etorri zinela, orain hogei urte. Edo agian orain dela urtebete baino ez zinen iritsi.
Funtsean, zerk eginen zintuzke nor?
Demagun botoa emateko aukera izan zenuela. Demagun. Zer gertatuko ote zen? Zer gertatuko zen Nafarroan botoa emateko eskubiderik gabe dauden 50.000 pertsona migratuek botoa emateko eskubidea izan balute? Berdin leudeke banaturik eserlekuak? Horren zuria litzateke Espainiako Kongresua? Eta horren etnozentrikoa? Gogoa legoke bestelako subjektibotasunei hitza emateko? Eta beharra? Migrazioa izanen ez balitz “olatua, krisia, erasoa edota oldarraldia” eta “egoera, behar, aukera, erabakia edo aukera” balitz, zer?
Imajina ezazu zer izanen den eztabaida politikoen erdigunean egotea, besteek erabakitzen duten bitartean herrialde batean nor izatea merezi ote duzun; erabakitzen duten bitartean CIEetako itxaronaldiak luzatu beharko ote liratekeen, deportazioak azkarrago egin beharko ote lituzketen, zure kulturaren defentsa beste baten konkista ote den edo, besterik gabe, komunitate baten iraupena.
Imajina ezazu zer izanen den eztabaida politikoaren erdigunean egotea eta, hala ere, subjektu ez izatea. Periferia erdigunean, zurion zirku sozialdemokratan. Eskuin muturraren jopuntuan.
Adibidez, ba ote zenekien Espainiako Estatuan jaiotakoek ez dutela berez herritartasuna? Migranteen seme-alabek prozesu luze bat pasatu behar dutela eskuratzeko eta beraz botoa emateko? Ba al zenekien, hemen jaiota ere, 20 urteren bueltan dauden askok ezin dutela botorik eman? Izan ere, askok uste dutenaren kontra, gurasoen herritartasunak zehazten du eskubidea, ez jaiotze lekuak.
Horren harira, Africa United, Flor de Africa, Paperak Denontzat eta SOS Arrazakeria taldeek elkarretaratzea egin zuten, Hemen bizi naiz, hemen bozkatzen dut lelopean, herritartasuna nazionalitatearen eta egoera administratiboaren arabera erabakitzen dela salatzeko. Hau da, pertsona migrante askori botoa emateko eskubidea ukatzen zaiola agerian uzteko. Bazterketa juridikoaren kontra.
Gizarte baten ordenamendu juridiko guztiak betetzera derrigorturik daude pertsona migratuak, gu pribilegiatuok baino betebehar gehiagorekin, baina eskubide gutxiagoren jabe.
Demagun kapaz garela ikusteko zeinen injustua den gure auzokoak eskubiderik ez izatea bizi den herriaren inguruko iritzirik emateko.