Ainhoa Larretxea Agirre
Gaur egun, ez da sexu heziketa modu arautuan irakasten Nafarroako Hezkuntza sisteman. Hutsune horri aitzin egiteko Sexu heziketari buruzko gida, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzat gida, sortu berri du LAB sindikatuak. Itxaso Torregrosa (Burlata, 1985) sexologoa eta LABeko kidea da gidaren arduraduna.
Nondik sortu da gida?
Nafarroako LAB sindikatuko irakaskuntza alorrak sortua da. Denbora asko zeramaten alor horretan feminismoa lantzen. Hala ere, sexualitatea lantzeko irizpide batzuk ematea eskatzen zuten irakasleek. Dinamika bat egitea pentsatu genuen: Sexualitate Askatzaileak Iruten izenekoa.
Zer helburu du dinamikak?
Gure asmoa da sexualitatea modu positiboan elikatzea. Ikusi genuen, batez ere, DBHn badaudela gauzak, behar baino askoz gutxiago, baina, egiten dela zerbait, eta Haur eta Lehen Hezkuntzarako ez dagoela ezer. Sexualitatea dugu jaiotzetik hil arte, eta ezinbestekoa da sexualitatea lantzen hastea ahalik eta lasterrena. Horregatik erabaki genuen hastea Haur eta Lehen Hezkuntzari bideratutako gidarekin.
Nolakoa da gida?
Zaila izan da dena sartzea. Zazpi atal ditu; zer den sexualitatea, nola lantzen ahal den… Gidaren bidez, kontzeptuak kokatzen saiatu gara, beharrezko iruditzen zaigulako betaurrekoak aldatzea. Gida honekin kokatu ondotik, bertzelako materiala sortuko dugu hurrengo pauso gisa. Zalantzak argitzeko aholkularitza bat sortzea da azken asmoa.
Nolakoa izan da gidaren sortze prozesua?
Polita izan da, baina, aldi berean, zaila. Kosta zaigu praktikoa, irakurtzeko erraza eta interesgarria izatearen artean oreka lortzea. Azkenean gako nagusiak eman ditugu, batzuk zehaztasun gehiagorekin. Ni ibili naiz sortze lanetan, eta bertze sexologo batzuen laguntza ere izan dut. Irakaskuntzako kideekin ere koordinatu gara, zer behar zuten jakiteko.
Aipatu duzu sexu hezkuntza ez dela behin ere lantzen plazeraren eta harremanen ikuspegitik. Zergatik da garrantzitsua ikuspegi horiek lantzea?
Zoritxarrez, ugaltzearen auzian bakarrik zentratzen gara. Sexu heziketa lantzen hasten den adinari so egitea besterik ez da behar horretaz ohartzeko: DBH inguruan egiten da, koito bidezko harremanak izan eta haurdun gelditu gaitezkeenean. Preserbatiboa erabili, ez gaixotu, ez haurdun gelditu… beti miseriak saihesteko egiten da, ez gauza positiboak elikatzeko. Ez da elikatzen norbere ezagutza, errespetua, aniztasuna… Garrantzitsuena alboratzen da. Sexu heziketaren helburu nagusia norberak bere burua ezagutzea da.
Hezkuntzan ez dago arautua sexu hezkuntza lantzeko plan integralik. Beharrezkoa da?
Ezinbestekoa da. Hau partxe bat besterik ez da, LABek egiten duen ekarpena. Instituzioek sexu heziketa emateko ardura beren gain hartu eta bermatu beharko lukete. Osasunaren Mundu Erakundeak eta eragile ezberdinek esaten dute derrigorrezkoa dela sexu heziketa lantzea. Badaude gomendioak eta irizpideak, baina Espainiako Estatua da orokorrean notarik txarrena daukana.
Eta Nafarroan?
Nafarroaren kasuan, Skolae egin da, eta nahiko aitzindaria izan da; ontzat ematen dugu, baina ez da nahikoa. Urrats positiboa da, baina sexu heziketa arautua izan beharko genuke, transbertsalki ikasgai baten bidez, eskolan hasten garenetik derrigorrezko hezkuntza bukatu arte. Orain arte ez dugunez formakuntza nahikorik, edo ez dakigunez zer egin, ez da egin. Hori sekulako akatsa da.
Skolae aipatu duzu. Eskuinak kanpaina abiatu du horren kontra. Nola egiten ahal zaie aurre horrelakoei?
Informazioa emanda eta haien jokoan ez sartuta. Esaten diren gauzak ezjakintasunez esaten dira. Uste dut konplexu asko ditugula horrelako erasoak jasotzeko eta horrek askotan mugatzen gaituela. Alemanian, adibidez, umeak ez badoaz sexu heziketako eskoletara, gainontzeko ikasgaietara bezala, gurasoak zigor ditzakete. Estatu batek jendearen ongizaterako neurriak hartzen ditu, eta, gisa berean, auzi honetan ere konpromisoa hartu beharko luke, eta esan: hau egin behar da, ezinbestekoa da umeak aske eta zoriontsuak izan daitezen. Badago jendea berdintasunari beldurra diona, baina gu horretan ezin gara sartu.
Zer harrera izan du gidak?
Nafarroako eskola eta ikastetxe guztietan banatu da gida, eta kanpotik ere eskatu digute. Guraso eta irakasle asko oso galduta egoten dira gai hauetan, eta, orain, uste dut argi printza bat ikusi dutela. Instituzioek ere eskatu digute, baita LGTBI elkarteek ere. Ikusi beharko da zer harrera dugun bigarren pausoa ematean. Oraingoz, gidarekin hasi gara. Abiapuntua positiboa izan da.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku