Edurne Elizondo
Maisu izan naiz ni. Orain irakasle anitz dago, baina maisu gutxi. Dena aldatu da”. Malenkonia pixka bat sumatzen zaio Guillermo Iriarte Aranazi, eskolari buruz hitz egiten duenean. Bokazioak eraman zuen irakaskuntzaren esparrura, eta bokazioak bultzatuta idatzi du, orain, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak argitaratu berri duen Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970) liburua.
Iriartek Hezkuntza Departamentuko jarduneko agintari nagusien aurrean aurkeztu du bere lana, Nafarroako eskoletan maisu eta maistra izandako lagun anitzen babespean. Pertsonak jarri nahi izan ditu Iriartek erdigunean, bere liburuaren bidez: ikasleen ahaleginak eta maisu eta maistren lanak idatzitako intrahistoria utzi du agerian; eraikin zaharretako gelek xurgatutako istorioak gogoratu ditu; jaso ditu pedagogiaren esparruko gako nagusiak; eta, oro har, herrialdeko eskolen garapena jorratu du, hitzak eta irudiak uztartuz.
Bostehun orri baino gehiago eta bostehun argazki baino gehiago biltzen dituen lana da emaitza, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Hezkuntza Departamentuak.
Maisu eta orientatzaile izan da Iriarte, 2009an erretiroa hartu zuen arte. “Eskola da garaian garaiko testuinguru historikoa hobekien islatzen duen esparrua”, erran du. Hain zuzen, garaian garaiko testuinguruari egin dio so bere liburuan, urte luzez eta bere lanbideari esker lortutako materialak lagunduta.
Jasotako agiri, argazki eta testu horiekin liburua osatzeko prozesuan, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte izan du Iriartek bultzatzaile nagusi. Liburua aurkezteko agerraldian ere ondoan izan du egileak eskola kontseiluko burua. “Gazte eta zaharrentzako liburu bat da hau, hamaika irakurketa eskaintzen dituena. Gure eskolen errealitate historikoa kontatzen du; gustuko duguna, bai eta gustuko ez duguna ere, gustuko ez dugunari buruz ere hitz egin behar baitugu”, erran du Etxartek, Iriarteren lanari buruz.
Bost atal
Iriartek ia mende eta erdiko bidea egin du Nafarroako eskolaren historian, 1828tik 1970era. Bost atalen bidez kontatu du historia hori: XIX. mendeko eskolari buruzkoa da lehenengoa; XX. mendeko lehen hereneko hezkuntza politikari egin dio so bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, Espainiako II. Errepublikan egindako urratsei eta 1936ko gerrak eragin zuen atzerakadari. Laugarren atala da frankismoaren garaiko hezkuntzari buruzkoa, eta bosgarrenak, azkenik, irakaskuntzan lanean aritutako hainbat maisu eta maistraren ibilbideak nabarmendu nahi izan ditu.
Nafarroako hezkuntza publikoaren lehendabiziko urratsak izan ditu Iriartek ardatz, liburuko aurreneko atalean. Egileak nabarmendu du 1831n Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako Lehen Hizkien Eskoletako Araudia. “Irakaskuntzaren oinarriak ezarri zituen”. Nafarroa bere berezitasunei eusten saiatu zela erantsi du Iriartek, eta, ahalegin horren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat derrigorrezkoa zen eskolara joatea. “Estatuan, 5 eta 9 urte bitartekoek joan behar zuten; Nafarroan, gainera, 150 biztanle baino gehiagoko herrietan nesken eskolak baziren, estatuko gainerako herrietan ez bezala”.
XIX. mendekoak dira Nafarroan maisuentzat eta maistrentzat sortutako lehen eskolak. Gizonena 1840. urtean jarri zuten martxan. Gisako bertze eskola bat bazen, garai hartan, Madrilen. “1847an, berriz, maistren lehen eskola ireki zuten Nafarroan”, azaldu du Iriartek.
XX. mendeko lehen herenari buruz, Iriartek liburuan nabarmendu du ikasteko eta irakasteko modu berriak sartu zirela eskoletan. “Neurri pedagogikoak eta sozialak hartu zituen administrazioak, eta ahalegina egin zuen Heziketa Libreko Erakundearen korronte berritzaileetara eta Eskola Berriak defendatzen zuen hezkuntza mugimendura egokitzeko”.
Primo de Riveraren diktadurak izan zuen ondoriorik hezkuntzaren esparruan. “Aberria goratzeko jarduerek gora egin zuten eskoletan; eraikin guztietako aurrealdean armarriak jarri zituzten. Askatasuna galdu zen, baina eskola anitz eraiki zituzten”, kontatu du Iriartek.
Espainiako II. Errepublikak loraldia eragin zuen irakaskuntzan. “Eskola eredu moderno, aske, laiko eta sozial bat lortu zen. Eskolak denentzako toki bilakatu ziren; hezkuntza eraman zuten herrialdeko txoko guztietara, eta eskolek gogoz egin zuten lan analfabetismoaren aurka. Elebitasuna eta hezkidetza bultzatu zituzten”, azaldu du egileak. Nafarroako lehen ikastolak ere garai horretan sortu zirela gogoratu du Iriartek, eta sortu zirela hezkuntza zabaltzeko jarduera anitz: “Liburutegi ibiltariak eta misio pedagogikoak, bertzeak bertze”.
Federico Garcia Lorca Nafarroan izan zeneko aldia nabarmendu du Iriartek, hain zuzen ere. “Iruñean eta Lizarran izan zen, baina prentsan ez zen horren berririk agertu. Garcia Lorcak Argentinatik idatzi zuen hemengo esperientzia, ordea: Iruñeko Gaiarre antzokia doan utzi zietela, eta Lizarran harrika hartu zituztela bera eta La Barraca bere taldeko gainerako kideak. Gero, ordea, oholtza gainera igo zirenean, txalo egin zieten”.
Errepresioa
1936ko altxamendu militarrak bertan behera utzi zituen ordura arte egindako urratsak. “Errepresio latza jasan zuten irakasleek eta eskolek”, nabarmendu du Iriartek. Frankismoarekin “hezkuntzarentzako eta askatasunarentzako etaparik ilunena” garatu zen. “Eskolak aberriaren eta erlijioaren aldeko tresna bilakatu ziren, doktrinamendu politiko eta erlijiosorako tresna”, erran du liburuaren egileak.
1970eko Hezkuntza Lege Nagusia da Guillermo Iriarteren liburuko azken helmuga. “Franco hil ondokoa da hezkuntzaren urrezko aroa”, erran du Iriartek. “Hezkuntza eskumenen transferentzia garaia da, eta Nafarroa gai izan zen bere hezkuntza sistema antolatzeko”. Hezkidetzaren esparruan egindako urratsak ekarri nahi izan ditu Iriartek gogora, azken hilabeteotan Skolae programaren inguruan sortutako eztabaidei aurre egiteko: “Harrigarria da, oraindik ere, erabat gaindituta egon beharko lukeen eztabaida bati eutsi nahi izatea. Aspaldikoak dira hezkidetzaren inguruko saioak Nafarroan”, erran du.
“Eztabaida hutsalak” ez dira egungo hezkuntza sistemaren arazo bakarra, egilearen hitzetan. “Sakonera ailegatu ordez, azalean gelditzen gara, eta irakasleak ez dira gai ezartzen diren aldaketa guztietara egokitzeko. Ez genuke ahaztu behar eskolaren lana dela ikasleak gai izatea beren ezagutza eraikitzeko, elkarlanean”.
Elkarlanaren ideia nabarmendu nahi izan du Iriartek. “Arlo guztiek inplikatu behar dute haurren hezkuntzan”. Iritzi berekoa da Esther Pagola. 83 urte ditu, eta maistra izan zen urte luzez, bai eta Hezkuntza Departamentuko aholkulari ere. Pagolarena da Iriartek liburuko azken atalean jaso dituen testigantzetako bat. Kontent da lanarekin, eta eskertu du aitortza. “1950eko hamarkadan bilakatu nintzen maistra. Madrilen aritu nintzen lanean, eta, gero, Nafarroan. Behar bereziak zituzten haurrekin egin nuen lan urte luzez”. Pagolak ez du zalantzarik: “Hezkuntza sistemak helburu hartu behar du nork bere onena ematea, inguruan dituenen laguntzarekin eta babesarekin”.
Pagolari eta hezkuntzaren esparruan inplikatu diren maisu eta maistrei eskaini die Iriartek bere liburua: “Atzoko, gaurko eta betiko maisu eta maistrei, nire omenaldirik beroena”, idatzi du lehendabiziko orrietan. Liburua aurkezteko hautatu duen aretoko paretetako batean ageri diren izenei egin die so egileak, atzoko eta betiko maisu-maistra horiek aipatu dituenean. Frankismoaren garaian errepresioa pairatu zutenen aldeko plaka dago Hezkuntza Departamentuko areto nagusian zintzilik. Haiek izan nahi ditu gogoan Iriartek; bai eta aurrerantzean ere hezkuntzaren ardura hartuko dutenak ere.
Irudiak: Nafarroako Eskolaren Historia Ilustratua-Nafarroako Gobernua