Jon Barberena Ibarra
Handiena, ederrena, laudatuena… -ena atzizkiaren zaleak gara, eta horren adibide dugu munduko mendi ederrenean, handienean eta laudatuenean pasatzen ari dena. Azken hogei urteotan alimaleko jendeketa bildu da Everestera goititzeko ohiko bideetan, eta, ondorioz, Everest jendez gainezka dago. Edozein bihur liteke mendizale diru anitz edukiz gero, eta, era horretan, enpresariak, hegazkin pilotuak edo etxe oneko seme-alabak pioleta eskuan hartu eta heroi izan daitezke. Balentria gauzatu dadin punta-puntako eskalatzaileak, xerpak, material askotarikoa eta sukaldariak izanen dituzte esku-eskura. Une batez sinetsiko dute mendigoizaleak direla eta edozein balentria gauzatzeko trebatuak daudela. 1993an, Antzuolan, Jon Sarasuak horrela kantatu zion Everesteko gaina zapaldu zuen Felix Iñurrategi lagunari: “Nahiz-ta zu egin munduko mendi gailur altunaren jabe/ segi ezazu beti bezela gehiegi sinistu gabe>”. Felixek ez zuen solas eta aholku horien beharrik, mendizale amorratua eta esperientzia handikoa baitzen, baina urte osoan mendirik usaindu ez eta bat-batean Everest igo duenak badu bertso horretako hitzen beharrik.
Aspaldi, kontu handiz aukeratutako zenbait espediziok bakarrik lortzen zuten mendia hupatzeko baimena, baina 90eko hamarkadan atea parez pare zabaldu zuten Nepalgo agintariek, eta egun negozio paregabe bihurtu da. Bidaia agentziendako lehentasuna ez da izanen bidaiarien trebetasun fisikoa, dirua baizik, eta sosa barra-barra izanez gero, gutizia preziatua eskuratzeko aukera izanen du inoiz gutitan mendira joan den edonork. 60.000 euro euro inguru ordaindu, eta arriskua gutxietsiz, pausoz pauso aitzinera egitea da afera, baina eskalatzeko tekniken berri ez dutenez eta altuera handietara egokitzeko zailtasunak dituztenez, igoerako puntu zailenetan ilara amaigabeak sortzen dira, eta arriskua handitzen da.
Turismoaren masifikazioak ez du ondorio onik uzten eta, pilaketaren ondorioz, Everest munduko zabortegirik handien bihurtu da. Sokak, elikagaien edukiontziak, kartoia, pilak, kanpin-denden oihalak, garagardo botilak, oxigeno-botilak… Dena soberan daukate behin erabili eta gero, eta, mendizale kontzientziak hala aginduta, lurrera bota eta kito!
Munduko mendirik handiena goititzen lehen euskalduna Martin Zabaleta izan zen. 1980an Everesten ikurrina zabaldu eta “Gora Euskadi askatuta!”, oihukatu zuen. Orduko irudi eta adierazpen horiek alimaleko oihartzuna izan zuten, herri zahar honen izaera aldarrikatu baitzuen munduko medi kasko altuenetik.
Baina zenbat aldatu diren gauzak, kamarada! Orain turista dirudunen erromesaldi eta kapritxo bihurtu da, eta horren harira, hedabideen diru laguntzarekin eta multinazional handien babesarekin mendia ogibide bihurtu duten zenbait mendizale haserre sumatu ditut. Halere, iruditzen zait maiz heroismoz behatu izan diegula haien dokumentalei, eta, horrek ere, hein handi batean, 8.000 metroko mendien mitifikazioan eta, ondorioz, masifikazioan lagundu duela. Nork ez du sentitu Al filo de lo imposible programa ikusi eta gero, menditzar horietara joateko tentaziorik?
Proportzio desberdinetan, denok errudun garela iduritzen zait. Agian, Goizalde Landabasok BERRIA egunkarian idatzi berri duen hitz eder hauetan dago soluzioa: “Behin baino ez dut bisitatu Venezia, beti itzuli nahi dut, baina agian beragatik, bere iraupenagatik, bere edertasunagatik egin dezakegun onena ez itzultzea da”.
Irudia: Simone Moro.