Lohizune Amatria
Nora joango gara asteburu honetan? Zer egingo dugu?”. Ostiralero Whatsappeko talde jakin batean errepikatzen dugun galdera da. Lagunen erantzuna gero eta etsigarriagoa da: “Ni, pijama jantzi, eta ohera joango naiz”. A ze plana! Baina larunbata da, 21:00ak, eta sutondoan bero nagoela pijama janztea erabaki dut. Larunbat gaueko film txar bat ikusi, eta ohera noa.
“Ez dugu deus egiten, ez gara ateratzen”. Horrelakoak ere irakurtzen ditut talde berean. Eta nik ere jartzen ditut halakoak. Baina zeinena da errua? Gauzak antolatzen dira, elkartzeko gogoa dugu; beraz, zergatik ez dugu egiten? Galderari erantzuna emateko, gure taldearen hainbat ezaugarri jakitea komeni da. Aezkoa ibarreko lagun talde bat gara, herri txiki batean gaztetatik elkartzen den taldea. Eta nongoak garen aipatzeak garrantzia du, horrek eragiten duelako dugun egoera, nire ustez.
Pirinioetan ez dago bizitzarik. Hilzorian dago. Pirinioetan ez dago bizitzeko aukerarik, ez dago gazteentzako erraztasunik. Hoberena Iruñera joatea da. Bertan bada lana, bizitza soziala egiteko aukera, badira zinema aretoak, milaka jatetxe, marka ezberdinetako dendak, liburutegi asko, kiroldegiak… Bai, horrela pentsatzen dugu. Zulo beltz batean bizi garela errepikatzen diogu geure buruari behin eta berriz. Egoera horrelakoa dela sinisten dugun arte. Nahi gabe askotan.
Baina ez da egia. Besteak beste, utzikeria instituzionalak eragin duen mitoa da. Pirinioetan bada bizitza, badira bizitzeko baliabideak, eta bada lanetik kanpo bizitzaren alderdi soziala garatzeko aukera ere. Egun hainbestetan errepikatzen den hitza da gakoa: ahalduntzea. Pirinioetako herritarrengandik sortu beharreko gauza da, ez baitira kanpotik etorriko gure egoera konpontzera. Guk erabaki beharko genuke nolako Pirinioak nahi ditugun, nolako garapen ekonomikoa nahi dugun. Gure zonaldean, esaterako, turismoa bultzatu izan da nagusiki, baina herritar guztiak ez dira horri esker bizi. Zein beste sektore bultzatu behar dugu? Nola?
Eremuaren garapenerako bestelako estrategia bat beharko genuke, eta hori sortzeko herritarren parte hartzea sustatu. Herritarrek osatzen baditugu Pirinioak. Indarrak batuz goragoko erakundeetan eragiteko aukera izanen dugu, urrunago iristeko aukera. Eta herritarren parte hartzetik sortutako estrategia batek, gainera, babes sozial zabala izango luke herrian.
Ahal dugun lasterren egin beharreko lana da, baina, nire ustez. Egoera ez baita batere ona. Behin eta berriz entzuten dugu Pirinioak jendez husten ari direla, eta hori egia da. Baina gauzak alda daitezke, egoerari buelta emateko saioa egin beharko genuke. Eta ez badugu asmatzen, beste zerbait probatu.
Baina oinarritik abiatu beharko genuke aldaketa. Gure pentsamenduetatik. Gure ingurura begiratu, eta urte hauetan guztietan Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko herritar askok sortu dituzten ekimenak aztertu. Horietatik ikasi. Argi dago bidea ez dela erraza izango. Baina nahi badugu, posible egingo dugu.
Aiba, Whatsappen mezu bat: “Zer egingo dugu asteburu honetan?”.