Saioa Alkaiza
Normaltasuna bueltatuko diogu hiriari. Sanferminetara begira, gauza batzuk ezin izanen ditugu ukitu, Errekoletak plazako txosnak, adibidez, baina heldu den urtean, halakorik ez da egonen, ziur”.
Bota du bere mehatxua Enrique Maiak. Aurten ezin deus egin, baina 2020. urterako ez du txosnarik nahi hirian, sanferminetan. Hiria eta kultura merkantilizatuko dituen jai eredu kapitalista desio baitu erregimenak, autogestioaz ez dakien hori, zuri-beltzezkoa. Izan ere, badakite festa parrandako eszenaratzea baino askoz gehiago dela.
Miren Guillo antropologoak xehatu du, besteak beste, jaiaren kontzeptua; hitz lauz: gizartearen geruzen isla da: “Festa ez da sozietatetik aparte dagoen zerbait, sozietaterik gabe ez baitago festarik. Pozez gain, gatazkak eta mina ere azaleratu, nahastu edota irudikatu egiten dira festetan. Kultur (sistemen) adierazpen ahaltsuak direnez gero, jendarte, herri, talde edota komunitate jakinen ezaugarri guztiak islatzen dira haietan”.
Eta, nola ez, Manuel Delgado ikerlariak ere gizartearen ispilutzat hartu ditu, eta ispilu diren heinean, hegemoniaren birproduzitzaile edota iraultzaile izan daitezke. Jendartearen egituraketaren maketa bezain arrakala omen. Maussek ere, egitate sozialaz mintzo zenean, zioen mundu ikuskera jakin bat islatzen zutela festek, eta talkan egon daitezkeen gizarte proiektuak barnebil ditzaketela. Errealitatearen bertsioen matrix bat dira, azken finean.
Durkheimenentzat denboraz aparteko denbora ziren, esperientzia erlijiosoa (eta ez zen prozesioaz ari): “Norbanakoak batzea da festaren efektua, eferbeszentzia egoera bat sortzea, baita delirioa ere zenbaitetan, eta honek ez du ahaidetasun gutxi estatu erlijiosoarekin”.
Giza talde ezberdinak azaltzen omen dira festetan (hori Josefina Romari entzun genion), giza talde askotarikoak eta beren arteko kolaborazioa eta gatazka, comunnitas delakoaren edukiontzia baitira.
Nolabait azaltzeko, pertsona masa unitate ezberdinek lehiatu eta kolaboratu egiten dute parrandan, gizartearen inguruko haien irudikapen eta irakurketa propioak egin nahian, kultur edukien bitartez. Hau da, nork bere mundua sortu egiten du jaietan.
Herri sanferminetako bazkariak, Herriko Tabernako kontzertuak eta Katakrakeko DJak sanferminak dira, Sarasate pasealekuko jotak bezainbeste, alpargataren dantza adina, zoritxarrez, piropoak, baboseoak, animalien aurkako tortura eta kontsumoa bezain.
Horregatik, gatazka da geratzen zaigun aukera, kosmobisio baten birdefinitzea, denboraren, espazioaren, ekintzaren eta kulturaren iruditegi berrietara lehiatzea, hegemoniari lubakitik erantzuteko.
Festak eta kapitalaren kontrako erresistentzia guk erabakiko dugun hori izanen dira; argi izan behar dugu hori. Goazen herri sanferminen bidean, bestelako jendarte bat irudikatzera. Funtsean, Aldapa kaleko margoketa batek dioen bezala: Ezin bada irauli, ez da nire dantza.