Edurne Elizondo
Duela 50 urte gertatu zen Stonewalleko errebolta. Data hori gogoratu nahi izan du E28 plataformako Edur Gartziak (Iruñea, 1995), LGTBI mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko. “Borrokak antikapitalista, antifaxista eta antikolonialista behar du”.
Zer prestatu du plataformak ekainaren 28rako?
Manifestaziora deitu dugu. 19:00etan abiatuko da, Baluartetik, Gazteluko plazaraino. Han manifestua irakurri eta gero, Nabarreriara joanen gara, ospatzera.
Borroka eta besta uztartzeko modua bada?
Bai. Urtero egiten dugu besta protestaren bukaeran, merezi duelako. Eguneko ahalegin nagusia manifestazioan eginen dugu, halere, haren bidez karrikara eramanen dugulako gure aldarrikapena. Aurten, gainera, saiatu gara deialdi ahalik eta zabalena egiten, eta dibertsitate funtzionala dutenentzako espazioa gordeko dugu, parte hartzeko arazorik izan ez dezaten. Ez haiek, ez bestelako beharrak dituztenek.
Hilabete osorako antolatu dituzue ekinaldiak aurten. Inoiz baino behar gehiago dago?
Bai. Nafarroan, eta Iruñean, eskuinaren eta Opus Deiren zapalkuntza sufritu dugu luzaroan. Zulo horretatik ateratzen hasiak ginen azken urteotan. Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den, baina argi dugu karrikan egon behar badugu egonen garela, aterako garela.
Karrika duzue berezko esparru?
Bai. Hemen, onerako eta txarrerako, gutxi gara, eta horrek ekartzen du karrikan dugun presentzia ez galtzea. Mugimenduak lortu du bere oinarriari eustea, nahiz eta gutxi izan. Mugimenduaren nortasunarekin fidel jokatzen jarraitzen dugu. Madrilen gisako hirietan, hori zailagoa da, eta, neurri batean, Ekainaren 28ko borroka edukiz hustu dute. Guk hori aldarrikatu nahi dugu, are gehiago aurten, 50 urte beteko baitira Stonewalleko errebolta gertatu zenetik. Data hori gogoratzeko, karrikak jendez bete nahi ditugu. Agian batzuei ahaztu egin zaie kaleak gureak ere badirela.
Borrokarekin lotutako oinarria jarri nahi duzue erdigunean?
Bai, hori egin nahi dugu. Gaur egun, LGTBI+ mugimenduari buruzko ideia kolonizatzaile eta kapitalista bat saltzen da. Iruñean, beste mugimendu bat sortu da: mugimendu transmarikabolloa. Mugimendu horretan gaudenok gara antikapitalista, antifaxista, eta antikolonialista. Sumatu dugu hiri handietan gure borroka edukiz hustu dutela, eta kapitalismoak xurgatu egin duela. Herrialde bakoitzak bere testuingurua du, eta nork bere esparrura egokitu behar du. Ezin ditugu ahaztu arrazializatutako pertsonak, eta ezin dugu ahaztu zapalkuntzen intersekzionalitatea oraindik ere ezkutuan gelditzen dela.
Horrek are ikusezinago bilakatzen du batzuen errealitatea?
Bai. Horregatik segitu behar dugu borrokan, denon eskubideak eta askatasunak onartu arte. Nik ezin dut aske izan besteak aske ez badira. Gurea kolektibo zabala da. Ezberdintasunak egon daitezke, baina garrantzitsuena da argi izatea borroka kanpoan dagoela. Ezberdintasunen gainetik dago sufritu dugun indarkeria. E28 plataforman dauden pertsona asko dira, gainera, mugimendu feministako kide, edo Hiesaren Aurkako Batzordeko kide edo beste hainbat mugimendutako kide.
Azken lau urteotan, aldaketaren gobernuek izan dute agintea Iruñean eta Nafarroan. LGTBI kolektiboaren alde egindako lana ontzat ematen duzue?
Bai. Udalak martxan jarritako Harrotu zerbitzua eta gobernuaren Transbide urrats garrantzitsuak izan dira. Ni transa naiz; bi zerbitzuok erabili ditut, eta esperientzia oso ona izan da, ni bezala sentitzen duten pertsonekin bat egin ahal izateko. Askotan gertatzen da zure lagunak edo familia ez direla kolektiboaren parte, eta kolektiboko jendea ezagutu nahi duzula. Halako zerbitzuen bidez, mugak zabaldu egiten dira, zurearen gisako bizipenak dituzten beste pertsonak ezagutzen dituzulako.
Navarra Sumako hautagai Enrique Maia da orain Iruñeko alkate. Harrotu zerbitzua arriskuan egon daitekeela uste duzu?
Duela urte eta erdi jarri zuten martxan, eta ongi funtzionatu duela uste dut. Orain zer gertatuko den ez dakigu, baina espero dugu egoera ez aldatzea. Eta, aldatzen bada, argi dugu zerbitzuaren alde lan eta borroka eginen dugula. Harrotu itxi baino, finantzaketa murriztuko duten beldur gara.
Zerbitzua beharrezkoa dela uste duzue?
Bai, erabat. Familiek ere erabiltzen dute. Nire gurasoek erabili dute, adibidez, bai eta nire lagunek ere. Funtzio asko ditu: ez da bakarrik arreta psikologikoa; elkarbizitza da, elkar errespetatzea. Eta horrek balio handia du.
Eta, hala ere, horren alde borrokan segitu behar duzue?
Hala da. Jende askok ez du ulertzen. Askotan esaten digute jada gainerakoek dituzten eskubideak baditugula, ea zer gehiago nahi dugun. Hori esaten dutenei erantzuten diet eraso bat sufritzen badute, haiekin bat egiten duten pertsonen babesa jasotzen badute, orduan konturatuko direla saretze horrek zenbaterainoko garrantzia duen. Finean, zure burua zaintzea eta elkar zaintzea da kontua. Eta zaintza horren bidez ahalduntzea. Horrek indar handia ematen digu.
Dibertsitatearen ingurukoak oraindik ez ditugu behar bezala jorratzen, eskolatik hasita?
Lan handia bada egiteko. Nire ikasle garaian, adibidez, gure gelan ez zegoen marikarik, ezta bollerarik, ez eta transik ere. Horri guztiari buruz ez genuen hitz egiten. Sexuari buruz mintzatzen ginenean, dena zen heteroarauari buruzkoa eta koitoaren ingurukoa. Nik argi dut nire egoera asko aldatu izanen zela eskolan auzi hau beste modu batera jorratu izan bagenu.
Oraindik ere LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak gertatzen dira.
Bai. Tamalez, oraindik ere gertatzen dira. Gutxiago, baina gertatzen dira. Nik trans gisa ez dut erasorik sufritu, baina emakume gisa bai. Ni genderqueer naiz, pertsona ez-binarioa, eta trans gisa izendatzen dut neure burua. Jendeak erraz uler dezan, lehen emakumea nintzen, eta orain mutila. Emakume gisa indarkeria sufritu nuen bollera izateagatik. Horrelakoak zergatik gertatzen diren galdetzen nion nire buruari.
Eta zein da erantzuna?
Boterea gizon zisheteroen esku dago, eta botere hori erakustea zen nire kontrako eraso horien arrazoi bakarra. Hori da halakoen helburua. Ni, halere, aske sentitzen naiz orain, ahaldunduta kalera ateratzeko, Harrotun egindako lanari eta plataformari esker.
Zer erranen zenieke iruindarrei kalean zuekin bat egiteko?
Guztion artean lor dezakegula behar dugun aldaketa, eta sarea osatuko dugula.