Ane Eslava
Udan kultur eskaintza Nafarroako txoko guztietaraino zabaltzeko helburua duen programa da Kultur. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatzen du, urtero, Turismo eta Merkataritza Departamentuarekin elkarlanean, kultura “deszentralizatzeko”. Aurtengoa martxan da dagoeneko: ekainaren 21ean hasi zen, Lesakan, Balerdi Balerdi taldearen kontzertuarekin, eta irailaren 7ra arte iraungo du. Denbora horretan, 35 kultur jarduera egongo dira herrialde osoko herrietan eta “intereseko” tokietan. Asteburuero, hiru artista edo taldek beren kultur eskaintza eramango dute Nafarroako hiru tokitara.
Kultur programa antolatzen den 24. aldia da aurtengoa, eta urteekin aldatuz eta garatuz joan da, egungo formatura iritsi arte. Aurtengo proposamen nagusiak musika ikuskizunak izango dira: folk, jazz, blues, pop, rock eta koru musikako 32 musikarik eta taldek parte hartuko dute. Horietako asko Euskal Herrikoak dira, baina badira kanpokoak ere.
Euskal Herritik etorritakoen artean daude, adibidez, Lemon y Tal, Izaki Gardenak, Iñaki Plaza Band eta Eunate XXI taldeak eta Aranguren haraneko abesbatza. Kultur programaren bitartez, Nafarroako Gobernuak “beren lana lurraldean zabaltzeko” aukera bat eman nahi die horiei guztiei. Kanpoko taldeen artean daude, besteak beste, Nat Simons espainiarra, eta Stacie Collins eta Elliott Murphy estatubatuarrak.
Asteburu honetako programazioan, estilo ezberdineko hiru talde daude: atzo, Hutsun txalaparta talde iruindarraren kontzertua izan zen Zugarramurdiko Sorginen Leizean; gaur, Alberto Arteta Garesko saxofoi jotzaileak osatu berri duen Laurok jazz taldeak kontzertua joko du Ribaforadako Zaldun Tenplarioen kalean, 22:00etan; eta bihar, berriz, Iñaki Plaza trikitilari, txalapartari eta perkusionista bilbotarraren Iñaki Plaza & Band taldeak Otsagabiko plazan emango du kontzertua, ordu berean. Heldu den astean, berriz, Baobabs Will Destroy Your Planet, Buffalo River Band eta Adriana Olmedo & The Disappointment taldeak egongo dira Olatzagutian, Artaxoan eta Mendigorrian, hurrenez hurren.
Dantza eskaintza bakarrak izango dira MugMus laborategiaren Esku Harriak ikuskizuna eta Mikelats taldearen dantza emanaldia; lehena Erronkarin izango da, eta bigarrena, Agoitzen.
‘Dantza’ filma, argazkietan
Musika eta dantza ez ezik, Kultur programak arte plastikoetako eskaintza ere badu: Xabier Artola Zubillaga EHUko irakaslearen Kamaren aurrean dantzari: ‘Dantza’ filmeko argazki sorta bat izeneko argazki erakusketa. Telmo Esnalen Dantza filmaren grabaketan egindako argazkiekin osatuta dago, eta uztailaren 4an zabaldu zuten, Bertizko jaurerrian. Zubillagak adierazi duenez, erakusketan ikus daitezkeen argazkien bitartez film horren estetika islatu nahi du, filmean agertzen diren koreografien eta eszenen “edertasuna” erakusteko. Abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai.
Turismoari lotutako eskaintzaren barruan, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte Nafarroako toki “tipikoetara”. Bisitatuko dituzten lekuen artean daude Martzillako gaztelua, Los Arcosko Santa Maria eliza, Azagrako Manzanos upategia eta Leireko monasterioa. Kontzertuak eta ikuskizunak ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo dituzte, eta turismo jarduerak, berriz, larunbatetan. Egitasmoarekin elkarlanean ari diren udal eta tokiko erakundeek baimenak eman eta azpiegiturak jarriko dituzte.