Edurne Elizondo
Eguneroko errutinak hartu du Tafalla, berriz ere. Ez herri osoa, ordea. Uztailaren 8ko uholdeek gogorren kolpatutako karriketan eguzkiak hauts bilakatutako lokatza nagusi zen, oraindik ere, aste hasieran. Euri erauntsiak hondatutako lokal anitzetan aseguru konpentsazio partzuergoko perituen zain ziren astelehenean, eta adituon bisita jaso zutenen artean, berriz, konfiantzarik eza agertzen zuten anitzek.
Kalean ez da bertze mintzagairik. “Urak eraman al dizu zerbait?”, galdetu dio bizilagun batek zubi parean aurkitu duen lagunari. “Garaiz atera nuen autoa garajetik, zorionez!”. Zubipean, hain zuzen, oraindik jaso gabe dago uholdeak Zidakosen ibilgura eramandako auto bat. Berea salbatu duen herritarrak aurrera jarraitu du. Zubiaren ondoko karriketan, lanean gelditu dira bertze anitz. Eutsi nahiaren eta etsipenaren artean.
Hilaren 8ko euri erauntsiak ezustean harrapatu zituen Tafalla aldeko herritarrak. Adituek iragarri zuten euri jasa handiak izanen zirela arratsalde horretan, baina Aemet Espainiako Meteorologia Agentziako Nafarroako arduradun Peio Oriak nabarmendu duenez, etorri zena ezin izan zuten aurreikusi.
Eguerdirako eman zuten abisu horia; 17:00etan, berriz, laranja. Sei orduan, 0,10 metrotik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian. Ur emari handiena gauerdian izan zuen. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta jendeari etxean gelditzeko eskatu zieten agintariek. Atarrabiako 25 urteko gazte batek ezin izan zion uholdeari ihes egin, eta Ezporogi ondoan zendu zen, urak autoan harrapatuta.
Ur emariaren bat-bateko igoera handi horrek anitz erraten du hilaren 8an gertatu zenari buruz, Camino Jaso adituaren ustez. “Biescasen gertatutako uholdearen gisakoa izan da; Zidakosen ezker magaleko sakan guztiak buxatu zituen autobideak; ezker magal horretan egin zuen euri gehien, gainera; gure esku ditugun datuen arabera, ematen du zerbaitek atxiki zuela ura, ez bakarrik Zidakosen ibilguan, akaso bertze erreka batzuen ibilguetan ere bai”.
Ibaien leheneratzean aditua da Jaso, bai eta Urbizi talde ekologistako kide ere. Elkarte horrek jasotako datuen eta argazkien arabera mintzatu da, baina argi utzi du Nafarroako Gobernuari dagokiola Tafalla aldean gertatu dena behar bezala azaltzea. “Gobernuak eskura ditu datu guztiak. Premiazkoa da datu horiek interpretatzea, eta herritarrei azaltzea zer eta zergatik gertatu den”.
“Sekulakoa izan da”
“Hondamendia” izan dela zalantzarik ez du Jasok. Tafallako herritarrentzat ere hondamendia da hilaren 8ko uholdeek eragindakoa. Martinez de Espronceda karrika da kalte gehien jasan dituztenetako bat. Hor zuten bulegoa genero indarkeriaren biktimak artatzeko taldeak, zailtasunak dituzten haur eta gazteak artatzeko taldeak, bai eta gizarteratze eta laneratze taldeak ere. Bulegoko langileetako bat da Gerezi Perez. Barruan zuten guztia galdu dute. “Gure zerbitzuetako erabiltzaileak beren etxebizitzetan artatzen jarraitu ahal izan dugu, baina informazio anitz galdu dugu”. Lokatz artean gelditutako agiriak eta txostenak jasotzen aritu ziren astelehenean.
Hilaren 8an, 19:00etan bukatu zuten lanaldia, ohi bezala. “Euria hasi zuen, baina gero gertatu zena ezin genuen imajinatu. Bulegotik gertu dut nik etxea, eta handik ikusi nuen urak nola eramaten zituen gure bulegoko gauza guztiak. Izugarria izan zen”. Etsipenari aurre egiten lagundu dio jasotako babesak eta elkartasunak Perezi: “Sekulakoa izan da; herri guztia aritu da laguntzen, goizetik gauera arte”, eskertu du.
Lan horri esker, herritarrak ohiko egunerokora itzuli dira, poliki-poliki. Ez denak, halere. Suhiltzaileek, adibidez, Tafallako Xabierko San Frantzisko zahar etxean lanean jarraitzen zuten, asteartean, uholdeak eraikin barrura sartutako ibilgailu bat handik ateratzeko. Ehun zahar inguru bizi dira etxe horretan, eta uholdeak kalte handiak eragin ditu haien egoitzan.
Erauntsia gertatu eta berehala hasi ziren Puiun ere lanean, uraren indarrak N-121 errepidea txikitu baitzuen. Asteartean amaitu zituzten lan nagusiak, eta berriz ireki ahal izan zuten. Asun Aierraren senarrak ezin izanen du bere Tafallako denda berriz ere ireki, ordea. Ereta pasealekuan du, Zidakosen ondoan. Biltegia garbitzen jarraitzen du Aierrak. “Lokatzak dena hartu du; garbitu eta garbitu egiten dugu, baina ez da erabat desagertzen. Hainbat astetarako lana dugu, oraindik ere”.
Nekazarientzako burdindegia da Marino Valencia izenekoa. Bazen, hobeki erranda. “Tresna gehienak hondatu zaizkigu; erretiroa hartzeko adina gertu dugunez, denda ixtea eta lokala saltzea erabaki dugu”, azaldu du, tristuraz. Metro eta erdi hartu zuen urak denda barruan.
“Ezin izanen dut inoiz ahaztu ikusitakoa”, nabarmendu du Aierrak. Ibaia “itsaso” bilakatu zela erran du. Dendaren gaineko etxebizitzan gelditu behar izan zuten, ezin atera. “Autoak alde batera eta bestera ikusten genituen; olatuak sortu ziren eta zubiko pareta bat behera erori zen; biharamunean, 07:00etan jaitsi ginen. Dena zegoen lokatzez beteta. Dena”.
Gerezi Perezek bezala, herritarren babesa biziki eskertu du Asun Aierrak ere. “Jendetza etorri da laguntzera; babes hori jasotzea hunkigarria izan da”, erran du bizilagunak, oraindik ere, hunkituta.
Ibaiak “garbitu”
Tafallako Udalak hasieratik deitu zituen herritarrak auzolanera, eta inor ez da etxean gelditu. Aukera izan duten guztiek hartu dute parte herria garbitzeko lanetan. Erriberrin ere bai. Carlos Tancok gazteen prestasuna nabarmendu nahi izan du, batez ere. “Izugarria izan da; denek nahi zuten lagundu”.
Erriberriko Geltokiko karrikan du Tancok bere etxea; bai eta negozioa ere. “Nekazariak gara, eta nekazarientzako tresnak saltzen ditugu. Baina urak dena eraman edo izorratu egin du”, azaldu du, amorruz. “Lanean jarraitu ahal izanen dugu, baina kostata”.
Herritarren eta udalaren babesa eta laguntza eskertu ditu. Baina badu kexarik, halere. “Ibaian gora, hemendik kilometro eta erdira dagoen zubiak aspalditik zuen bi begietako bat enborrek eta zaborrak itxita, eta inork ez du deus egin, orain arte. Hondamendia gertatu den arte”. Carlos Tancoren aita Jose Luis Tancok ere haserrea agertu du. “Ez digute kasurik egiten. Ekologistek ez dute ibaia ukitzea nahi, baina garbitu egin behar da”, erran du Erriberrikoak.
Uholdeak gertatzen direnean, ohikoak dira ibaiak garbitzeko beharraz ohartarazten duten ahotsak. Nekazarienak izaten dira, nagusiki. “Garbitu behar dela erraten dutenean, ibaia draga dezatela eskatzen dute; batetik, hori ez da ibaia garbitzea, ibaia garbitzea da izan dezakeen zaborra ateratzea; eta, bertzetik, dragatzea ez da eraginkorra: ibaiak berezkoa du erregulatzeko eta garbitzeko gaitasuna”, zehaztu du Camino Jasok.
Zubi bateko begia buxatuta badago, garbitu behar dela zalantzarik ez du. Baina argi du, batez ere, ibaiari erregulatzeko eta garbitzeko aukera uztea dela biderik eraginkorrena. “Kontua da ibaiari ez diogula hori egiteko biderik ematen”, salatu du adituak. Ibaiek behar dute uholde lautada, emariak gora egiten duenean behar duen tokia izan dezan. Egun, lautada horietan ere gizakiak eraikitako azpiegiturak daude, eta ibaien dinamikari eragiten diote. “Hondamendia eragin duten uholdeen atzean beti dago gizakion eskua”.
Gobernuak uholdeak utzitako datuak aztertu eta interpretatu beharko lituzkeela berretsi du Jasok. Tafallan eta inguruko herrietan ere informazioa nahi dute. Premiazkoak du lehentasuna, halere: garbitzen jarraitzeak.