Saioa Alkaiza
Astebete daramat hondartzan (baina Euskal Herrian), eta zutabe hau argitaratzerako, Pirinioetan egonen naiz, mendian. Euskaldun onaren bidaiak. Hegazkinik ez, bidaia luzerik ez, kutsadura gutxi eta kontsumo juxtua. Kontzientzia garbiketa zuria, neronen pribilegioak bezainbeste.
Baina oporrak, ai, oporrak, kapitalismoaren troiako zaldi morenotua, etnozentrismoaren zilbor-heste basa, errutinaren blody mary pozoitua; inork ez dizue ukorik egin nahi, ezta nik ere: izan Hego Amerikan, motxila, gitarra, malabare, Las venas abiertas de América latina eta guzti, izan kanpin dendan, musika jaialdi, kanpin gas herdoildu eta musika taldeetako kamisetekin edota mendiko botekin, izan Nuevo Mexikoko resortean, bikini zuri eta lastozko txapela, izan furgoneteo guayan, hondartzara begira lo egin eta bertako dutxak aprobetxatuz, zein Torrevellako lagunaren lagunaren pisu turistikoan, zure burua baino handiagoak diren flotagailuekin. Hortxe goaz denok, zuen bila.
Egiatan gureak ez diren bizitza horien irudikapenak dira oporrak, oasi kontsumistak: oro har, erosiko ez genituzkeen gutiziak erosteko unea, jantziko ez genituzkeen jantziak janztekoa, eginen ez genituzkeen horiek egitekoa. Edota monotoniak ukatzen dizkigunak martxan jartzeko momentuak: parapentea egin, ia inoiz egiten ez duzun txangoa prestatu, bizikletaz gurutzatu herrialde erdia… “Gozatu, ikusi, deskonektatu”. Turiston mantrak.
Zeren eta, zeinek bidaiatzen du(gu)? Zeintzuok eta zeinengana? Zertarako? Urrutira goaz, gu, bidaiari dirudunok, antropologiak erabilpenaren erabilpenaz urratu duen Bestearengana goaz. Besteak: gu ez garen horiek. Haiek, exotikoak diren horiek, gehienez ere, “natibo jatorrak” deituko ditugunak, harat-honako tratuan bost euroko mozkina lortu badugu. Bestela, eta gure nahiei izkin eginez gero, lehortzat izendatuko ditugunak.
Eta, horren urrutira ez bagoaz ere, ez diogu utziko turista izateari, gurean tokatuta Go home-ka agurtuko genituzkeenak gara, airbnb-ren eraginez kostako etxeen prezioa sanferminetako terrazen pare jartzen dugunak. Herri batzuk udatiarrez bete eta biziz husten ditugunak gara. Bai eta motxilero alternatiboenak garenean ere.
Paradisuaren paradoxa izendatu zuen Pamela Nowicka idazleak, Vacaciones en el paraiso, turismo y desarrollo liburuan; paradisuaren paradoxa, joaten direnentzako toki idiliko bilakatzen den hori bertakoentzako ez-bizigarri bihurtzen baita aldi berean.
Marc Augé antropologoak “turismoaren kaleidoskopio ilusorioa” utzi eta aniztasunaz gozatu behar zela zioen, ahal dela, gertuko tokietara joanez, eta bidaia agentziek produktu-helmuga bilakatu dituzten tokietatik urrunduz. Batek daki.
Zutabe hau bera ere, autoparodia ilusorio bat baino ez da izan, autokonplazentzia ariketa bat. Motxila egitera noa.
Irudia: Patxi Uriz.