Edurne Elizondo
“Gero eta gehiago gara”. Horixe erran du klima aldaketaren aurkako Fridays for Future (Ostiralak Etorkizunarentzat) mugimenduko Nafarroako ordezkari Iruña Errok. 22 urte ditu, eta, bertze gazte anitzekin batera, martxan jarri da ingurumenaren alde. Oporretan ere, lanean jarraitzen dute gazteok, protesta eginez hasi nahi baitute ikasturte berria: nazioarteko deialdiarekin bat egin dute, eta greba prestatzen ari dira, irailaren 27rako.
“Klima aldaketaren auzia serio har dezatela eskatu nahi diegu mundu osoko agintariei; bai eta Nafarroakoei ere. Entzun dezatela zientzialariak erraten ari direna, eta har ditzatela neurriak klima aldaketari aurre egiteko”, nabarmendu du Errok.
Hori da Fridays for Future mugimenduaren helburu nagusia. Gazteek aldarrikatu dute etorkizuna irabazi nahi dutela, eta ez dutela galdu nahi daukaten planeta bakarra. Munduan, Suediako Greta Thunberg gazte autista
bilakatu da Fridays for Future mugimenduko ikur. Klima aldaketaren aurkako gazteen protestak oihartzuna izaten hasi ziren, hain zuzen, Thunberg bere herriko parlamentuaren aurrean agertzen hasi zenean, 2018ko udan.
Martxotik lanean
“Sekulakoa da Greta Thunbergek egin duena; jende anitz altxarazi du klima aldaketaren aurka”, erran du Errok. Nafarroan ere izan du eraginik. Hemengo taldea martxoan hasi ziren mamitzen. “Martxoaren 15ekoa protesta eguna izan zen; bizpahiru egun lehenago hasi ginen hemen antolatzen, korrika eta presaka, baina lortu genuen jendea mugitzea. Lauzpabost ginen hasieran, eta elkarretaratzean berrehun inguruk egin genuen bat”.
Berrogei pertsona inguruk osatzen dute taldea, gaur egun. Estatuko bertze taldeekin elkarlanean aritzen dira, sare sozialen bidez hamaika hiri eta herritako ekintzaileek egin baitute bat, ingurumenaren alde mugitzeko. “Nafarroan, taldeko kiderik gazteenak 12 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 40 baino gehiago”, zehaztu du Errok.
Gazteek, oraindik ere, informazioa behar dutela argi du Errok. “Horregatik, garrantzitsua da gurearen gisako mugimendu bat sortzea. Klima aldaketa hemen dugu, eta ordua da duen eraginaz ohartzeko, eta gaian sakontzeko”.
Ikastetxe orotan klima aldaketa erdigunean jartzeko eskatu du Errok, hain zuzen. “Beharrezkoa da kontzientzia hartzea, ahalik eta azkarren”. Administrazioak ere lan egin behar duela argi du, bere esku direlako baliabideak. “Hasi gara Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuko taldeekin bilerak egiten, kontuan har gaitzaten”. Horixe izanen da irailaren 27ko grebaren xedea ere: klima aldaketa mahai gainean jartzea, neurriak hartzeko.