Edurne Elizondo
Ez zuten zer jan, ezta zer edan ere. Etxalde batean utzi zituzten txakurrak, bakarrik, hil arte. Hamasei ziren, eta Foruzaingoa ari da zer gertatu zen argitzeko lanean. Asteon ezagutarazi du Ingurumen Ikerketarako Taldeak bost pertsona ikertzen ari dela, animaliok Tuterako etxalde horretan abandonatzeagatik, eta inolako zaintzarik ez emateagatik.
Ez da kasu bakarra. Iazko udan, gazte batek tiroz hil zuen ondoko etxeko katua, Tuteran. Abenduan, auto batean sartuta zeuden bost txakurren arduraduna salatu zuen Iruñeko Udaltzaingoak, tratu txarrengatik. Horiek ere ez zuten zer jan, ezta zer edan ere, eta autotik atera zituztenean, hezur eta azal bertzerik ez ziren. Berriki, zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, Erriberrin, bere ardurapean zen txakurra tiroz hil eta lurperatzeagatik. 2018an, hain zuzen ere, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak 169 ikerketa abiatu zituzten gizakiz bertzeko animalien aurkako tratu txarrengatik.
Urte hasieran, gisa horretako erasoak gogorrago zigortzeko asmoz, etxekotzat jotzen dituzten gizakiz bertzeko animalien lege berria onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta indarrean da, jada, herrialdean. Arau berriak ematen duen babesak, halere, badu mugarik: batetik, gizakiz bertzeko animaliak, oro har, objektutzat hartzen dituelako legeak, oraindik ere; bertzetik, eta, horren ondorioz, legez babestutakoak espezie jakin batzuk direlako; eta, hirugarrenik, ustez babestutako animalien aurkako eraso guztiak ez direlako tratu txartzat jotzen.
Adibide argi bat jarri du mahai gainean Etxauriko Neskak erakundeko Susana Garmendiak: “Karrika edo errepide erdian uztea ez, baina legezkoa da txakurra Etxauriko egoitzara eramatea, adibidez, eta han uztea; han abandonatzea legezkoa da, alegia”, salatu du. Erantsi du “itxaron zerrenda” badela abandonatzeko, eta sartzen diren baino animalia gehiago dituztela Etxauriko zentroan, jada. Gobernuarena da. Etxauriko Neskak boluntario gisa aritzen dira, txakurrentzako familiak bilatzen (https://sites.google.com/site/ adoptadifusion/home/txikas-de-etxauri).
Gehienak, ehiztarien esku
“Alde handia dago, anitzetan, legezkoa denaren eta etikoa denaren artean”, laburbildu du Garmendiak. Etxaurin txakur bat uzteko eskatzen den gauza bakarra dirua da. “Lehen, hamar euro ziren; orain, pixka bat gehiago. Baina, diruaren truke, txakurra abandonatzen ahal duzu”. Ez hori bakarrik: “Gerta daiteke Etxaurin txakur bat uztea, eta bertze bat hartzea, gehiago gustatzen zaizulako”, azaldu du, tristuraz eta amorruz.
Udako garaia da txakur gehien abandonatzen direnetako bat. Iaz, urte osoan, abandonatutako 850 txakur hartu zituzten Nafarroan; karrikan ziren 900 katu inguru jaso zituzten, gainera. Garmendiak zehaztu du, halere, herrialdean abandonatzen diren txakurren erdiak baino gehiago ehiztarien esku zirela. “Horiek dira baldintzarik txarrenetan jasotzen ditugun txakurrak”.
Ehiztariek, hain zuzen, parte hartu dute egun indarrean dagoen animalien lege berria osatzeko prozesuan. Animalistekin eta albaitariekin batera, ehiztariak eta abeltzainak ere aritu dira beren proposamenak egiten. Legea “aurrerapausotzat” jo du Susana Garmendiak, baina oraindik ere hobetzeko anitz badela berretsi du. “Gauza bat da legea indarrean izatea, eta bertze gauza bat da betetzea. Orain arte ere bazen lege bat, baina anitzetan inork ez zuen betearazteko ardurarik hartzen”.
Gakoetako bat animalien salerosketa dela nabarmendu du Etxauriko Neskak taldeko kideak. “Txakur emeak kumeak izateko makinak bertzerik ez dira negozio horretan”, erran du. Etxera gizakiz bertzeko animalia bat eraman nahi dutenei, gainera, “ongi pentsatzeko” eskatu die. “Animalia horren bizitza osorako konpromiso bat da, eta hori onartzeko prest egon behar dugu adoptatu aurretik”.
Gizakien “berekoikeria” jarri du Garmendiak agerian: “Haur bat izatea edo etxez aldatzea ez dira zurekin bizi diren animaliak abandonatzeko arrazoia; aitzakiak baino ez dira”. Etxauriko Neskak taldeko kideak onartu du anitzetan ez dakiela zer pentsatu: “Aurrera goazela sinetsi nahi dut; baina egunerokoak kontrakoa erakusten digu”. Berretsi du legeak eta etikak ez dutela bat egiten anitzetan; eta hori aldatu nahi duela.
Irudiak: Teresa Resano-Etxauriko Neskak