Edurne Elizondo
Aranzadi zientzia elkarteak Auritzen duen lantaldeko kide da Oihane Mendizabal (Donostia, 1992). Aurkitutako aztarnen garrantzia nabarmendu du ikerlariak.
Ari zarete puzzlea osatzen?
Bai, baina pieza asko falta da oraindik. Eraikin handia da; 600 metro koadro baino gehiago ditu, eta oraingoz espazioaren erdia aztertu dugu. Hiru urte daramagu aztarnategi hau induskatzen, eta, hasieratik, gure hipotesia zen hemen termak izan zirela. Baina ez genekien ziur hala izan zen, ateratzen zitzaizkigun elementuak ez zeudelako beren jatorrizko lekuan kokatuta. Aurten, azkenean, ura eta gelak berotzeko erabiliko zuten egitura bat aurkitu dugu, bere jatorrizko lekuan, eta horri esker baieztatu ahal izan dugu eraikinaren funtzioa.
Zuen hipotesia zuzena zela baieztatu duzue, beraz?
Bai, eta urrats garrantzitsua da hori. Argi genuen eraikin inportante bat zela, botere leku bat, aurkitzen genituen egiturek, teknikek eta materialek horixe erakusten baitzuten, baina ezin genuen ziurtatu. Eta ezin genuen zehaztu zer-nolako botere lekua izaten ahal zen. Orain, bai, esan dezakegu terma publikoak izango zirela.
Zer-nolako garrantzia zuen horrelako azpiegitura batek?
Erromatarren garaiko zenbait ohitura asko hedatu ziren inperioan, eta Erroman edo Italian edo inperioko beste lurralderen batean jaio ez arren, bertako biztanleak ere joan ziren pixkanaka erromatarren bizimodu horretan integratuz; ohituretako bat zen bainuetara joatea. Garbitzeko joaten ziren, garai hartan gorputzaren zaintzari garrantzi handia ematen baitzioten, bai eta besteekin harremanetan jartzeko ere. Espazio sozial bat ziren termak, bizitza sozialerako toki bat.
Kokapenak ere erakusten du eraikinak zuen garrantzia?
Bai. Geofisikari esker, badakigu herriguneak nondik norako espazioa hartzen zuen, gutxi gorabehera, eta termak izango ziren galtzada edo bide nagusiaren ertzean, eta, gainera, herriguneko erdigunean. Badakigu, beraz, leku garrantzitsu batean kokatuta zegoela.
Bertze aurkikuntza bat nabarmendu duzue aurtengo kanpainan. Zer da, zehazki?
Irudi antropomorfo bat. Aurkitu dugun terma erabiltzeari utzi zioten, noizbait. Aprobetxatzen ahal zen guztia eraman zuten handik, eta gainerakoa harriz eta hondakinez beteta gelditu zen. Arkeologoak halako toki batera ailegatzen garenean, lehen pausoa da aurkitzen ditugun hondakin horiek guztiak ateratzea, zehazteko hondakina non amaitzen den eta non hasten den eraikina. Harriak kentzen ari ginenean, konturatu ginen haietako batek grabatu bat zuela. Eskematikoki bada ere, pertsona baten irudikapena dago, eta, azpiko aldean, hiru letra idatzita. T bat eta E bat irakur daitezke, baina hirugarrena ez, harria hautsita dagoelako.
Hipotesirik baduzue?
Goiz da jakiteko. Ikertzen jarraitu behar dugu. Baina nabarmentzekoa da ez dela batere ohikoa erromatarren aztarnategietan horrelako materialak aurkitzea. Nafarroan, oso gutxi dira harrian grabatuta aurkitutako pertsonen irudiak, beraz, pista esanguratsu bat izan daiteke.
Ikertzen jarraitzeko gogoak gora egiten du aurkikuntzekin?
Bai, zalantzarik gabe. Urtez urte, puzzlea osatzen ari gara, baina oraindik ez dakigu puzzle horren ertzak non dauden. Ateratzen zaizkigun materialen arabera, ikerketa ildo berriak garatuz goaz.
Zein izan zen lehen pista Zalduako puzzlea osatzen hasteko?
Juan Mari Martinez Txoperena Aurizberriko herritar eta Aranzadiko kideak egindako aurkikuntzarekin hasi zen dena. Material erromatarrak aurkitu zituen soro batean; lehen indusketak hasi genituen, eta bilatzen hasi ginen ere hemengo ingurua zeharkatu zuen galtzada erromatarraren arrastoak. Orain badakigu Donibane Garazitik Zangoza ingururaino zein izan zen galtzada horren bidea, Martinez Txoperenak egindako lanari esker. 2012an egin zen Zalduan lehen indusketa, galtzadaren ondoko eremu horretan besteetan baino material gehiago ateratzen zelako. Orain badakigu arrazoia dela hor termak zeudela.
Nafarroako testuinguruan, zer garrantzi du Zalduako aztarnategiak?
Erromatar garaiari buruz asko ikertu da Nafarroan, baina, batez ere, Ebro ibaiaren inguruan, Iruñerrian, gehienbat lauak diren tokietan, eta nekazaritzak garrantzi handia izan zuen lekuetan; klima eta paisaia lehorrak dauden lekuetan, oro har. Pirinioetako eremua eta mendialdea beti bigarren mailan gelditu dira. Zalduako terma hau eta hemengo galtzada aurkitu izanak irauli egin du 50 urtez hemen zegoen ikuspegia. Duela hamar urte, ez zegoen ia ezer, eta orain herrigune bat eta galtzada bat ditugu. Garai hartako errealitatearen nondik norakoak ezagutzen ari gara, finean.
Erromatarren eragina, beraz, uste zena baino handiagoa izan zen?
Hori da. Beti izan dugu mito erromantiko hori, euskaldunok mendialdeko artzainak, independenteak izan zirela beti, eta etorri ziren beste herriek ez zituztela menperatu. Gaur egun ikusten dugunak bestelako errealitate bat erakusten digu, eta erromatarren eragina nabarmena izan zela.
Lanean segitzeko prest?
Bai, noski. Dirua ere behar da horretarako. Nafarroako Gobernuaren eta Aurizko Udalaren laguntza izan dugu orain arte. Herritarrek ere bat egin dute, eta aritu dira boluntario gisa. Eskertzekoa da inplikazio hori. Bestelako finantzaketa bideak ere bilatu nahi ditugu. Urtetik urtera antolatzen ditugu kanpainak.