I. Martinez – E. Elizondo
Hagitz kontent gaude; Mendiko Erreskate Taldea desagertu zenetik, gisa bereko bertze bat sortzeko eskatu dugu suhiltzaile nafarrok, eta azkenean lortu dugu”. Juan Carlos Cisnerosenak dira hitzak. Maiatzetik lanean ari den Erreskate Teknikorako Taldeko kide da suhiltzailea. Lehendabiziko lau hilabeteotan, 38 erreskatetan parte hartu du talde horrek. Hogei suhiltzailek eta bost ordezkok osatzen dute. “Gogoz ari gara. Gerta daitezkeen larrialdi egoerei erantzun azkarra eta egokia ematea da helburua, eta edozein erreskatetan egon daitekeen ziurgabetasuna ahalik eta gehiena apaltzea”.
Maiatzarekin batera jarri zen martxan Erreskate Teknikorako Taldea. Denera, 42 pertsona aurkeztu ziren taldea osatzeko probetara, eta haietako 28k gainditu zituzten egindako laurak. Puntu gehien lortu zituzten lehendabiziko hogei suhiltzaileak bilakatu dira talde berriko partaide; gainera, bost ordezko izendatu dituzte. Lanean hasi baino lehen, trebatzeko ikastaroak egin dituzte denek. 350 orduko formakuntza jaso dute, zehazki. Andorran eta Kantabrian (Espainia) aritu dira, bertzeak bertze.
Aurreko legegintzaldian egin zuen Nafarroako Gobernuak suhiltzaileen eskaerari erantzuteko urratsa. Iazko ekainean, Nafarroako Parlamentuan agertu zen orduko Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilari Maria Jose Beaumont, eta han azaldu zuen “legeak agindutakoa” betetzen ari zirela. “Nafarroak du eskumena, eta, ondorioz, legeak taldea osatzera behartzen gaitu; kontua da aurreko gobernuek agindu horri jaramonik ez ziotela egin”, erran zuen Beaumontek, iazko ekaineko agerraldi horretan.
ETT Erreskate Teknikorako Taldea ez da salbamendu lanak egin dituen lehena Nafarroako suhiltzaileen zerbitzuan. 1990eko hamarkadan MET Mendiko Erreskate Taldea egon zen martxan herrialdean. Boluntarioak ziren han parte hartzen zuten suhiltzaileak, eta ez zuten soldatan osagarririk jasotzen. Talde hori, baina, 1999. urtean gelditu zen bertan behera.
Mendiko Erreskate Taldean aritzen ziren boluntarioek beraiek erabaki zuten taldea uztea. Garai hartan egindako txosten teknikoek zioten gutxienez 24 pertsona behar zirela zerbitzu egokia eskaintzeko; taldearen azken urtean, 16 ziren mendiko erreskateak egiten zituen taldea osatzen zuten suhiltzaileak.
Kopuru hori nahikoa ez zela agerian utzi zuen errealitateak, Mendiko Erreskate Taldeko kideen ibilbidearen azken txanpan. 1999ko urtarrilean, METeko kide Juan Mari Feliu suhiltzaileak erorialdi larri bat izan zuen Ori mendian, erreskate bat egiten ari zela. Bi ordu behar izan ziren METeko beste kide bat bertaratzeko: momentu hartan ez zeuden behar guztiei erantzuteko nahikoa suhiltzaile.
Feliuren istripua gertatu eta gero, eta ezbeharrak agerian utzitako egoerak bultzatuta, 1999ko apirilean, erreskaterako taldean geratzen ziren hamasei suhiltzaileetatik hamalauk dimisioa aurkeztu zuten, aldi berean. Erabaki horrek ekarri zuen taldea desagertzea. Langileen iritziz, ez zegoen antolakuntza egokirik 24 orduko zerbitzu etengabea eskaintzeko. Ordutik aurrera, ondorioz, Guardia Zibilak hartu zuen erreskaterako ardura osoa.
Eskumenak
Mendiko Erreskate Taldea desagertu zenetik eta joan den apirila bitarte, Guardia Zibilaren GREIM Mendiko Erreskate eta Ekintzarako Taldeak izan du salbamendurako eskumena. Aurreko legealdiko gobernuak, ordea, konpetentzia suhiltzaileei itzultzea erabaki zuen. Beaumont kontseilariak iaz parlamentuan azaldu bezala, Nafarroako Gobernuaren erabakiak 8/2005 Foru Legea du oinarri. Lege horren 45. artikuluak suhiltzaileen esku uzten du uretako eta mendiko erreskateak egiteko ardura, baita bestelako erreskate teknikoak egitekoa ere; horretarako talde berezi bat sortuko dela jasotzen du.
Legez jasotako proiektua izan arren, Erreskate Teknikorako Taldea sortzeko erabakiak eztabaida piztu zuen, iaz, parlamentuan. Sergio Sayas garaiko UPNko parlamentariak esan zuen orduko lauko gobernuak Guardia Zibilaren kontrako “obsesioa” zuela. Maria Jose Beaumont Barne eta Justizia kontseilari ohiak, aldiz, iritzi hori gezurtatu zuen: “Taldea sortzea legearen agindua zen; guk errespetatu besterik ez dugu egin, aurreko gobernuek ez bezala”.
Agindua bete, eta 2018ko uztailean egin zen ofizialki Erreskate Teknikorako Taldea osatzeko urratsa. Lehenagotik baina, 2017an, Suhiltzaileen eta Babes Zibileko Mahai Sektorialeko sindikatuek %82ko babesarekin oniritzia eman zioten erreskaterako taldea sortzeko erabakiari.
Formakuntza
“Aurretik lanean aritu zen Mendiko Erreskate Taldearen esperientzia baliatu dugu oraingo taldea osatzeko”, azaldu du Juan Carlos Cisnerosek. Orduko eta oraingo profesionalen jardueraren artean bada aldea, halere. Batetik, orain 150 euroko osagarria jasotzen dute soldatarekin batera. Bertzetik, formakuntzaren alorrari anitzez ere garrantzi handiagoa eman zaio orain, eta, ondorioz, Erreskate Teknikorako Taldean ari diren suhiltzaileek urte osoko lanordu guztien ia erdiak ematen dituzte erreskate lanetan. “Hori da alde nagusia”, nabarmendu du Cisnerosek.
Egun oro, Erreskate Teknikorako Taldeko bi kide egoten dira Cordovillako suhiltzaleen parke nagusian, larrialdi zerbitzuetatik bideratutako deiei erantzuteko prest. Haiekin batera, garabia erabiltzeko teknikariak eta helikopteroko pilotuak osatzen dute taldea. 08:00etan hasten dute lanaldia erreskate taldeko suhiltzaileek. Batek hogeita lau orduko lanaldia egiten du, eta, bertzeak, berriz, hamalaukoa. Egun oro, gainera, erreskate taldeko bertze bi suhiltzaile izaten dira helikopteroa edo kamioia hartzeko prest, nor bere parkean.
Asmo nagusia da, betiere, larrialdi egoerei ahalik eta azkarrena aurre egitea. “Hamar minutu barru taldea lanean hasteko prest da, airean”, erran du Cisnerosek. Oraingoz, Erreskate Teknikorako Taldeko kideek baliatzen duten helikopteroa Miluzeko parkean egoten da. Asmoa da, halere, horko heliportua Cordovillako parke nagusira mugitzea. Ondorioz, suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek erabiltzen dituzten hiru helikopteroak erreskate taldearena, helikoptero medikalizatua eta sua itzaltzeko erabiltzen dutena han gordeko dituzte, aurrerantzean.
Prebentzioa
“Bokazioak zer erran handia du; motibazioa behar da lan hau egiteko, eta, batez ere, etenik gabeko formakuntza”. Horixe nabarmendu du Erreskate Teknikorako Taldeko kide Juan Carlos Cisnerosek. Suhiltzaileak azaldu du arrisku nagusia herrialdean dauden leizeak direla. Horregatik, espeleologia da erreskateetan ari diren profesionalek jorratzen dituzten arlo garrantzitsuenetako bat. Hilabeteotan, hain zuzen ere, Txaruta 2 leizeko erreskate simulakroan parte hartu dute Erreskate Teknikorako Taldeko kideek, Euskal Herriko eta Espainiako hainbat espeleologo talderekin batera.
Etengabe trebatzeko behar duten lan hori lanaldiaren barruan eta lanalditik at egiten dute suhiltzaileek. “Nork bere kasa egiten duena ere kontrolatzen dugu: eskalada, mendiko eskia, espeleologia… Gutxieneko ordu kopuru bat bete behar dugu. Lanerako prest egon behar dugu beti”.
Lehendabiziko hilabeteotan, lanerako prest direla erakusteko hamaika aukera izan dute erreskate taldeko kideek. “Lan anitz izan dugu”. Mendian gertatutako istripuengatik ez ezik, galdutako pertsonak edo bihotzekoa izandakoak artatzeko ere jarri dira martxan suhiltzaileak. “Taldeak lortu du hagitz azkar erantzutea, eta, ondorioz, gure lan esparrutik at diren larrialdietara ere deitu gaituzte”.
Airean ez direnean, formakuntza lantzen jarraitzeko baliatzen dute denbora taldeko kideek. Irailetik aurrera, prebentzioa jorratzeko lanak pisu gehiago izanen duela azaldu du Cisnerosek, halere. “Gure asmoa da Nafarroako eskalatzeko paretak aztertzea eta hornitzea, bertzeak bertze, bai eta eskalatzaileak eta espeleologoak trebatzea ere. Arriskuak behera egitea da xedea, eta, istripua gertatuz gero, zer egin behar den jakitea”, azaldu du.
Larrialdi zerbitzu integrala eskaintzea da Erreskate Teknikorako Taldeko kideen helburua, eta maiatzetik xede hori egia bilakatzeko egindako bidearekin kontent dela berretsi du Juan Carlos Cisnerosek. Hobera egitea baino ez dute nahi, halere, suhiltzaileek: laguntza behar duenak ahalik eta azkarrena jaso dezan. Erreskate Teknikorako Taldea prest da; suhiltzaileek prest dute kamioia; prest dute helikopteroa. Erreskaterako prest dira.