Isun eta mehatxuen gainetik

Isun eta mehatxuen gainetik

Edurne Elizondo

Besta eta erresistentzia. Hiru urte bete ditu Iruñeko Arrotxapeko Gaztetxeak, eta ospatzeko aukera ez dute bazter utzi nahi izan auzoko kideek; urteurren jaia, halere, isunen eta husteko arriskuaren mehatxupean egin behar izan dute. Arrotxapeko gazteak hamaika aldiz saiatu dira, azken urteotan, beren gaztetxea martxan jartzen. 2016ko irailaren 3an hasi zen oraingo okupazioa, eta orain arteko luzeena izan da. Aurrera egiteko gogoa berretsi dute gaztetxeko kideek.

“Isunen eta mehatxuen gainetik, gure proiektuaren alde egiten jarraituko dugu, autogestioaren bidetik”, nabarmendu dute. Bide horretan ez dira bakarrik, urteurrena ospatzeko hilaren lehendabiziko astean egindako ekinaldietan agerian gelditu denez. “Jende asko etorri da gurekin bat egitera”. Besta nagusia joan den larunbatekoa izan zen: kalejira egin zuten gaztetxearen alde, eta, gero, bazkaria. 80 pertsona inguruk parte hartu zuten. Kontzertuak ere antolatu zituzten, baina egoitzatik kanpo.

Izan ere, Iruñeko Udaletik ekitaldi publikoak antolatzeko debekua jaso dute Arrotxapeko Gaztetxeko kideek. “6.000 eta 60.000 euro bitarteko isuna jaso dezakegu, eginez gero, eta espazioa ixten ahal dute”. Urtarrilean, adibidez, Saioa Alkaizarekin eta Julio Sotorekin egin behar zuten bertso afaria bertan behera utzi behar izan zuten, Iruñeko udaltzainen deia jaso eta gero. Maravillas gaztetxeari elkartasuna agertzeko antolatu zuten urtarrilaren 18ko ekinaldi hori.

Zailtasunak zailtasun, urratsak egiten jarraitu du Arrotxapeko Gaztetxeak, 2016an ateak ireki zituenetik. Asmo nagusietako bat izan da, hasieratik, auzoko talde, elkarte eta eragileekin elkarlana sustatzea, eta emaitzarekin “kontent” direla nabarmendu dute. Larunbateko bestan Arrotxapeko Batean kolektiboko kideekin aritu ziren haurrentzako jokoak prestatzen; ikasturte berriarekin batera, berriz, Zaporeak kolektiboarekin lan egiteko asmoa dute gaztetxeko kideek.

Auzoko mugak gainditu ditu Arrotxapeko Gaztetxeak elkarlanerako erakutsi duen gogoak, eta hamaika izan dira Iruñerritik Artika karrikako gaztetxearen egoitzara beren hitzaldiak eta bestak egitera joan diren elkarteak eta kolektiboak.

Diagnostikoa

Herritar anitzen topagune bilakatu da Arrotxapeko Gaztetxea. 2016ko irailean okupatu zuten, baina lanean aurretik hasi ziren auzoko gazteak. Arrotxapeko gazteen beharren inguruko diagnostikoa egin zuten, bertzeak bertze, 300 pertsonak bete zuten galdetegiaren bitartez. “Ikerketa horrek agerian utzi zuen auzoko gazteok guk kudeatutako espazio bat behar eta nahi genuela”, azaldu dute gaztetxeko kideek. 2015ean, gainera, gazteek eraikin bat okupatu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Compañia karrikan. “Okupazio horrek, neurri handi batean, piztu egin zuen, berriz ere, Iruñerriko okupazio mugimendua”. Eta azken bultzada eman zien Arrotxapeko gazteei Artikako eraikinera sartzeko.

2016tik, anitz izan dira Arrotxapeko Gaztetxean garatutako ekinaldiak. Hamaika taldek egin dituzte han beren hitzaldiak, tailerrak eta bertzelakoak; gaztetxeak berak, gainera, rokodromoa zabaldu du, serigrafia tailerrak egin ditu, eta okindegi komunala ere jarri du martxan.

Orain, hori guztia kolokan da, neurri handi batean, gaztetxean ekitaldi publikoak egiteko debekuarekin batera, husteko arriskuak ere baldintzatzen duelako auzoko gazteen jarduera. Duela hilabete bat agerraldia egin zuten gaztetxeko kideek arrisku horren berri emateko, eta, geroztik, “eusten” ari dira. Hau da, hogeita lau orduz bada norbait eraikinean, alarma pizteko asmoz.

Maiatzeko hauteskundeek ere izan dute eraginik gaztetxekoen egunerokoan. Navarra Sumak irabazi zituen Iruñeko Udalerako bozak, eta, ondorioz, alkatetza galdu zuen laukoaren babesa zuen Joseba Asironek (EH Bildu). “UPN hor egonda, argi dugu edonoiz etor daitezkeela gaztetxea hustera”.

Aurreko udal gobernuarekin ere gauzak ez ziren nahi bezala atera Arrotxapeko Gaztetxeko kideentzat. Negoziazioak hasi zituzten, baina emaitzarik lortu gabe utzi zituzten bertan behera: “Helburuetan ez genuen bat egiten; argi genuen ez genuela deus lortuko”, erran dute. Gaztetxeko kideen apustua autogestioaren aldekoa izan da, hasieratik, eta negoziazioek ez zuten bermatu beren espazioan beren erabakiak hartzeko aukera, azaldu dutenez.

Maravillas, hain zuzen, maiatzeko hauteskundeak egin aurretik hustu zuten. Alde Zaharreko gaztetxeko kideentzat nolabaiteko babesleku bilakatu da Arrotxapeko eraikina, geroztik. “Lehen ez genuen harreman handirik, baina lotura sendoa sortu da gure artean, elkarri laguntzeko eta elkar babesteko”, nabarmendu dute Arrotxapeko gazteek.

Epaiketaren zain

2016tik, gora eta behera egin du Arrotxapeko Gaztetxearen bideak. Azken bi urteotan, adibidez, bi epaiketari egin behar izan diote aurre auzoko gazteek. “Ez ditugu irabazi, baina lortu dugu prozesuok geldiaraztea”, azaldu dute gaztetxekoek. Epaiketa egiteko aukera, halere, ez da bazter gelditu, oraindik ere, eta arrisku hori mahai gainean dela ohartarazi dute Arrotxapeko kideek.

Beren aurkako debekuen, isunen eta salaketen aurrean, “auzo alternatibo” bat eraikitzen jarraitzeko asmoa eta gogoa berretsi dute Artika karrikako gaztetxeko partaideek. Kulturen arteko elkarrizketa aldarrikatu dute, auzoak espekulaziorako gune bilakatu nahi dituztenen interes ekonomikoen gainetik. Lanean jarraitzeko prest daude, auzoan eta auzokoentzat, besta eta erresistentzia uztartuz.