Kattalin Barber
Bruno eta Lorena Jimenezek osatzen duten flamenko taldeak kontzertua eskainiko du, gaur, Esako San Esteban eliza zaharrean, 20:00etan hasita. Bihar, berriz, Urraulgoitin izanen dira. Zangozako musikariak gustura ari dira han eta hemen kontzertuak ematen. Lorena Jimenez (Zangoza, 1996) abeslaria da eta kaxoia jotzen du; nebak, berriz, gitarra. Runba eta flamenko kutsua ematen diete beren abestiei. Diskoa prestatzen ari dira orain.
Nola hasi zinen musikaren munduan?
Etxean, jostailuen ordez, musika tresnak izan ditugu. Txikitatik sustatu didate flamenkoarekiko zaletasuna. Horrez gain, Zangozako kontserbatorioan musika ikasketak egin ditut. Pianoa jo dut lau urtez, eta gitarra 10 urte nituenetik jotzen dut. Nebak saskibaloian lesio bat izan zuen, eta gitarra jotzen erakutsi nion. Bera ezin da geldirik egon. Orduan sortu genuen Bruno eta Lorena. Ez zen batere serioa, baina egun batean pare bat abesti grabatu, eta Interneten jarri genituen. Hortik aurrera hasi ginen. Nik betidanik abestu dut, Zangozako abesbatza txikian parte hartu dut urte luzez, eta, nebarekin batera, orain dela hiru urte inguru abiatu genuen egitasmoa. Ez gara talde handia, bakarrik kaxoia, gitarra eta bi ahots. Eta horrekin asko egiten dugu; aski da guretzat.
Diskoa prestatzen ari zarete. Noizko izanen duzue prest?
Oraindik ez dakigu; horretan gabiltza, poliki-poliki. Azkenaldian gauza asko izan dugu egiteko, eta ezin izan dugu guztia aurrera eraman. Baina laster ateratzea da asmoa. Oraingoz, kontzertuetan bertsioak abesten ditugu, eta, diskoa ateratzean, gure kantak hasiko gara abesten.
Nolakoa izaten ari da sormen prozesua?
Ni ari naiz abestien musika eta hitzak egiten. Egia esan, ez da batere erraza, eta zerk inspiratu behar izaten dut. Runba gustatzen zait, eta hori nabarituko da abestietan, segur aski. Hau da, mundu guztiak dantzatzeko abestiak izanen dira, runba bidez gaur egunera ekarrita flamenkoa.
Zergatik ematen diezue pop kutsua abestiei?
Nik flamenkoa maite dut. Flamenko garbia abestea gustatzen zaie batzuei, eta beste batzuei ez. Ni gustura nago fusioa egiten, eta nabaritzen da publikoari runba gustatzen zaiola. Baina flamenko garbiarekin ere asko disfrutatzen dut. Agian flamenkoa entzutera ohituta ez dagoen publikoarentzat errazagoa izan daiteke fusioa, edo guk egiten duguna entzutea eta gustukoa izatea. Niri behin baino gehiagotan esan didate: ez zait flamenkoa gustatzen, baina zuek abesten baduzue, bai. Denetarik dago. Flamenco on Fire jaialdian, adibidez, eskertuko dute flamenko garbia abestea, segur aski, baina beste toki askotan, berriz, ez.
Uda mugitua izan duzue. Zer moduz egon zara?
Toki askotan ibili gara jotzen, eta gustura egon gara. Egia esan, urtarriletik jende askok deitu gaitu, eta han-hemenka eskaini ditugu kontzertuak. Astebete hartu genuen opor, eta beste astebete Flamenco on Fire jaialdian egon ginen. Hortik aurrera, ez dugu atseden gehiagorik hartu uda osoan. Baina emanaldiak politak izan dira, eta jendeak eskerrak eman dizkigu.
Nolakoa izan da aurtengo Flamenco on Fire jaialdia?
Jaialdiak antolatutako jam sesioetan aritu ginen, batez ere. Iruñeko Basotxoan antolatzen zituzten, eta giro oso ona sortu zen. Ikaragarria.
Gero eta jende gehiago erakartzen du jaialdiak…
Bai, oso pozik gaude. Jende asko etorri da. Uste dut 60.000 pertsona inguru izan zirela. Aurten itzela izan da. Jaialdi osoan ez dugu atsedenik hartu. Goizean balkoietan egoten ginen: Mañuetan, udaletxean eta La Perlako hotelean. Hortik Basotxora joaten ginen eta gero kontzertuak ikustera. Sanfermin flamenkoa deitzen diogu guk jaialdiari. Adibidez, Andaluziatik datozen artistak harrituta gelditzen dira hemen dagoen flamenko giroarekin eta etortzen den jende guztiarekin. Arraroa egiten zaie Nafarroan flamenkoa entzutea. Halere, asko eskertzen dute, hemengo jendeak gertutasuna erakusten dielako.
Sabicas da Nafarroako flamenko gitarrista ezagunena. Zure erreferentea izan da?
Bai, eta pare bat alditan parte hartu dugu bere omenaldian. Erreferentea da. Sabicas itzela zen gitarra jotzen. Adibidez, nebarentzat erreferente handia izan da, eta gitarra jotzen imitatzen du. Asko maite du. Gainera, hari esker dugu jaialdia.
Zuk zer entzuten duzu?
Camaronen zale sutsua naiz. Agian topikoa da, baina horrela da. Edozein egun eta edozein ordu dela, Camaron entzutea gustatzen zait. Marina Heredia, Montse Cortes eta Niña Pastori ere entzuten ditut.
Joan den urtean antzerkia eta flamenkoa uztartzen duen proiektu batean parte hartu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
El sexto sentido du izena antzezlanak, eta emakumeen aurkako indarkeria da haren gaia. Ni ahots nagusia naiz, eta neba txalo-jotzailea da. Joan den urteko azaroan estreinatu genuen, eta oraindik ere emanaldi gehiago eginen dugu. Azaroaren 8an, adibidez, Zarautzen egonen gara. Oso antzerki gogorra da, baina esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Lola Rodriguez da zuzendaria.
Zangozan entzuten da flamenkoa?
Bai, entzuten da, baina runba gehiago. Bertan eman ditugu kontzertuak, eta kultur ekitaldietan parte hartu ohi dugu. Aurrekoan jo genuen, eta giro polita sortu zen, jendea dantzatzen aritu zen. Askok uste dute Andaluziakoak garela, baina gu harro gaude hemengoak garelako. Emakumea eta ijitoa naiz ni, eta nafarra. Artista onak daude hemen; agian ikusgarritasuna falta zaio, baina Nafarroan flamenkoak indar handia du.