Edurne Elizondo
Batasunak eman digu indarra. Ez dugu amore emateko asmorik. Lanean jarraituko dugu, langile guztien eskubideak bete ditzaten”. Azkoiengo Huerta de Peraltako El Houssine Yagoubik erran ditu hitzok. 2018ko abenduaren 26an greba mugagabea hasi zuen, lankideekin batera. 28 egun iraun zuen protestak; zuzendaritzarekin akordioa lortu eta gero eman zioten amaiera. Orduan zuen borrokarako konpromisoa berretsi du orain Yagoubik. “Ez dugu inoiz atzera eginen”.
Huerta de Peraltako langileen indar horrek bultzatu du Burlatan estreinatu berri duten Hokoke dokumentala, hain zuzen ere. Azkoiengo langileak ezagutu bezain pronto, haien arteko elkartasunak eta batasunak txundituta utzi zuten LABeko kide Unai Redin. “Zer kontatu bazela konturatu nintzen, berehala”. Eta horixe egin du Hokoke lanean. Dokumentalaren asmoa ez da grebaren kontakizun hutsa egitea; bertze bat da Redinek zabaldu nahi izan duen mezu nagusia: “Borrokak merezi duela. Nahiko nuke dokumentala ikusten duena sentsazio horrekin ateratzea aretotik”, nabarmendu du egileak.
“Galtzeko asko”
“Sindikalismoak duen borrokarako gaitasuna ahaztu zaio jendeari; baina Huerta de Peraltako grebak erakutsi du eraginkorra dela, lor ditzakeela gauzak”, erantsi du Redinek. Azkoiengo langileek egindako bideak dituen berezitasunak nabarmendu ditu, gainera, berezitasun horiek guztiek are garrantzitsuago bilakatzen dutelako lortu duten guztia. Izan ere, migratzaileak dira Huerta de Peraltan lanean ari diren gehienak; migratzaileak dira Erriberako baratze eta negutegietan ari diren langile gehienak. “Horrek esan nahi du galtzeko asko dutela. Migratzaileen egoera kaskarra da Erribera osoan; hori badakigu, baina normaltzat jo izan dugu beti. Guk nahi ez ditugun lanak egiten dituzte. Huerta de Peraltan horren aurka altxatu dira, eta dena eman dute beren eskubideak defendatzeko”, erran du.
Huerta de Peraltako langileek LAB izan dute ondoan bidean. 2017an jo zuten migratzaile marokoarrek sindikatuko kideengana. Amorratuta ziren enpresan zituzten lan baldintza eskasengatik, “eskubiderik gabeko langileak” zirelako. Ehun baino gehiago ari dira Huerta de Peraltan. 2017ko irailean langile batzordea osatzeko hauteskundeak egin zituzten lantegian, eta LABen izenean aurkeztutako migratzaile marokoarrek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei. CCOOk bi eskuratu zituen, eta, bakarra, berriz, UGTk.
Langile batzordea martxan jarri, eta ordura arteko hainbat arazo konpontzen hasi ziren Huerta de Peraltan; batzorderik gabe zirenean, adibidez, hamabi eta hamalau orduko jardunaldiak ere izaten zituzten langileek, eta aparteko orduak eta oporrak ez zituzten kobratzen. Gainera, nagusien oihuak entzun behar izaten zituzten. “Horrek min handia egiten zigun”, gogoratu du Yagoubik.
Migratzaileek langile guztien eskubideak betetzeko egindako lanak izan zuen emaitzarik, eta egoerak hobera egin zuen. Baina horrek ekarri zuen ondoriorik: “Enpresak mendekua hartu zuen; kaleratzeak izan ziren, eta LABeko ordezkarien aurkako jazarpenak gora egin zuen”, azaldu du Unai Redinek.
2018an egun bateko greba egin zuten Huerta de Peraltako langileek; egoerak bere horretan jarraitu zuenez, greba mugagabera deitu zuten, urte bereko abenduaren 26an. 28 egun iraun zuen protesta hasi zuten egun hartan.
Emakumeen parte hartzea
Unai Redinek 28 egun horietako manifestazioak, elkarretaratzeak, poliziaren oldarraldiak eta bertze jaso ditu Hokoke dokumentalean. Grebara deitu zuten egun berean hasi zen LABeko kidea grabatzen. Elkarrizketak ere egin ditu lana osatzeko, eta, batez ere, protestak emandakoaz harago, nafar anitz astindu zituen Huerta de Peraltako langileen duintasuna eta grina erakusteko.
“Duintasuna eta grina erakutsi zuten langileek kaleratzeen inguruan”, nabarmendu du Redinek. “Kanporatutako langile guztiak berriz hartu arte ez zutela amore emanen esan zuten, eta bete egin zuten. 28 egun iraun zuen grebak, baina jarraitzeko prest ziren”.
Gizonak dira Huerta de Peraltako negutegietan ari diren langile gehienak, eta haiek egin zuten greba, batez ere. Horrek ez du erran nahi, halere, emakumeek protestan parte hartu ez zutenik. Langileak egun oro karrikan egon ahal izateko, hain zuzen, emakumeek hartu behar izan zuten beren gain zaintza guztien ardura. “Gosaria, bazkaria eta afaria prestatzen zuten; ez genituen ikusten, baina emakumeen parte hartzea ezinbestekoa izan zen grebak aurrera egiteko”, erran du Unai Redinek.
Huerta de Peraltako langileak ondoan izan ditu LABeko kideak dokumentalaren estreinaldian. Yagoubik nabarmendu du “hagitz kontent” dela Redinek egindako lanarekin. “Langile guztiak dira ikusteko gogoz”. Hasieratik egin zuten bat proiektuarekin, eta uste dute balioko duela beren borrokak bertze hainbat pizteko. Erriberan Huerta de Peraltako langileen grebaren eragina sumatu dela erantsi du Yagoubik, hain zuzen ere. “Bertze hainbat tokitako langileak etorri zaizkigu erratera beren lan baldintzak hobetu dituztela, gure greba egin eta gero”, azaldu du. Horrek biziki poztu du LABeko ordezkaria, hori izan baita beren helburua, hasieratik: “Langile guztien alde ari gara lanean”, erran du El Houssine Yagoubik.
Orain, Huerta de Peraltako behin-behineko langileen egoerarekin dute kezka enpresako LABeko kideek. “Zuzendaritza ez da sinatutakoa betetzen ari; greba egin genuen langileon egoerak hobera egin du, baina behin-behinekoek, oraindik ere, arazo anitz dute”. Adi jarraituko dutela argi utzi du Yagoubik. “Denen eskubideen alde jarraituko dugu; ez dago bertzerik, hori da bidea”.
Burlatan estreinatu eta gero, Redinek Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hamaika tokitan erakutsiko du Hokoke dokumentala. Izenburuak gogoratu nahi du langile marokoarrek greba egin zuten bitartean behin eta berriz errepikatzen zuten oihua: Hokoke, hokoke. Damun fi oroke. Lan hansaha lau adamuni. (Nire eskubideak zainetan dudan odola dira. Ez naiz haietaz ahaztuko hiltzen banaute ere). Arabiera eta euskara batu zituzten grebako pankartek. “Biziki aberasgarria izan da dena”, bukatu du Redinek.
Irudiak: Ekinklik, LAB eta Foku.