Edurne Elizondo
Tuterako ikastolako kideek argi dute euskaraz bizi nahi dutela. Bost familiak jarri zuten martxan proiektua, eta, egun, ia berrehun ikasle ditu zentroak. Urte eta erdiz aritu dira igandean ospatuko duten Nafarroa Oinez besta prestatzen. Gogoz dira euskaltzaleak hartzeko, eta parte hartzera deitu ditu ikastolako lehendakari Maru Erizek (Arrasate, 1964).
Dena prest?
Azken egunotan egin beharreko lanekin ari gara. Ibilbidean eman dugu azken astea, dena prestatzen, karpak eta hesiak jartzen, bazterrak garbitzen…
Urte eta erdiko lana dago atzean. Luzea izan da?
Luzea da, besta hartuko duzula aipatzen denetik egin arte gauza asko antolatu behar direlako. Lan handia egin behar da. Batzordeak osatu, lanak banatu… Hasieran, hilabetero ziren bilerak, eta, irailetik, berriz, astero egin ditugu. Sanferminetako lana ere handia da, bederatzi egunez egoten baikara Oinez Txokoan. Bestaren egunerako entrenamendu baten gisakoa da. Ahalegin handia egin behar da, baina merezi du, jende askok egiten duelako bat gurekin. Orain, igandeko bestan dugu denok burua.
Sumatu da urduritasuna ikastolako giroan, azken egunotan?
Bai, giro berezia sumatzen da. Ikastola bera da Oinez bestaren inguruko kontu guztietarako erreferentziazko gunea, eta, ondorioz, gure egoitzara ailegatzen dira paketeak, kaxak, deiak eta bestelakoak. Mugimendu handia dago, eta horrek eragina du ikasleen arteko giroan. Bada Nafarroa Oinez ospatzeko gogoa: ikastolatik mugitzen zarenean, beti bada norbait gelaren batean prestatutako kanta abesten, edo dantza egiten, edo grabazioren bat egiten. Urrian hedabide askotako langileak etorri zaizkigu, eta bisita asko jaso ditugu. Badator Oinez, eta sumatzen da!
Ikasleak, ikasle ohiak ari dira laguntzen eta parte hartzen?
Bai, erabat murgildu dira besta prestatzeko lanetan. Jende asko dago laguntzeko prest. Aurreko astean lortu genuen goizeko txanda guztiak betetzea, eta argi dugu igandean moldatuko garela. Ikastolako familiei, ikasle ohiei, herritarrei eskatu diegu laguntza, bai eta beste herrietako ikastoletako kideei ere. Hamaika txokotako jendea etorriko da.
Bestan jasotakoa zertan baliatzeko asmoa duzue?
Nafarroa Oinez prestatzea erronka handia da, baina aukera ona ere bai; aukera ona, batetik, diru laguntza garrantzitsu bat lortzeko, eta, bestetik, gure proiektuaren berri zabaltzeko. Aurten, hiru proiektu uztartu nahi izan ditugu. Batetik, aipatzekoa da ikastolak murgilduta gaudela esparru pedagogiko berrian, eta horrek berekin dakar Haur Hezkuntzan hainbat aldaketa egin behar izatea, espazioak egokitzeko. Jasotako diruaren zati bat horretarako erabili nahi dugu. Bestetik, 2013an egindako kiroldegia moldatzeko baliatu nahi dugu beste zati bat. DBH legeztatzeko eraiki behar izan genuen, baina falta zaigu obra burutzea, eta horixe egin nahi dugu orain. Azkenik, dirua erabili nahi dugu ikastolaren eraikina txukuntzeko. Urteak joan dira egin genuenetik, eta beti behar da zerbait konpondu; teilatua, adibidez. Beti bada zerbait egiteko. Horiek dira gure asmoak, aurrera jarraitu ahal izateko.
1984. urtean egin zituen ikastolak lehen urratsak Tuteran. Nolakoa izan da bidea?
Lan asko eginda, baina asko lortu dugu. Bost familiak jarri zuten martxan proiektua, eta, gaur egun, ia berrehun ikasle ditugu. Asmo batekin hasi ginen, eta asmo berarekin jarraitzen dugu: hemengo familiek aukera izan dezatela euskaraz ikasteko. Aukera hori eman nahi dugu, normaltasun osoz. Batzuek ez dute hori nahi, beste batzuek ez dute ulertzen, baina guk aukera hori eskaini nahi diogu Erriberako gizarteari.
Aurreiritziak badira oraindik?
Bai. Oraindik ere, jende askok ez du ezagutzen gure eredua, eta aurreiritziak nagusitzen dira. Beldurra, ezjakintasuna eta abar nahasten dira. Guk gure esku dagoena egiten jarraitu behar dugu, lana ongi egiten, proiektu berritzaile eta aurrerakoiak garatzen. Finean, ikastolako gurasoek egiten ahal digute propagandarik onena.
Beti maldan gora aritzeko sentipena duzue?
Neurri handi batean, bai. Beti egin behar izan dugu lan handia, baina beste toki askotan ere bai. Gurea maratoi bat da: ez da ehun metroko lasterketa bat. Egunero-egunero eta poliki-poliki egin behar dugu lan, gizartearen esku jarri nahi dugun aukera hori eman ahal izateko.
Azken sententziak gogorrak izan dira zuentzat?
Bai. Argi dago erabaki politikoa dela. Kontua da ez dutela nahi; ez dute euskararen alde egin nahi. Aurrerapausoak ematen ditugu, baina, gero, horrelako sententziek jota uzten gaituzte, ikusten baitugu ez dagoela modurik aurrera egiteko dezenteko abiadura batekin. Bi urrats aurrera egiten ditugu, eta lau atzera. Horrelako ebazpenek ez dute batere laguntzen, baina aurrera egin beharko dugu.
Hasteko, Nafarroa Oinez ospatuz?
Hori da. Beti jaso dugu euskaltzaleen babesa, eta ziur gara igandean ere jasoko dugula. Denak hartzeko prest gara, egun ederra pasatzeko prest. Erribera ezagutzeko aukera polita ere izan daiteke Nafarroa Oinez besta.