Edurne Elizondo
Ez dago eskinosoaren alarma hotsa bertze inorenarekin nahasterik. Nafarroako baso anitzetan, halere, bada espazio horiek berezi bilakatzen dituen bertze ahots nahasezin bat: okilena. Ez da bakarra, okilak ere bat baino gehiago baitira, eta nork bere ahotsa baitu. Txorion arrastorik ikusi gabe ere, zuhaitz artean danbor kolpetxoen gisako hotsak entzuten direnean, okilak gertu direla iragartzen du basoak. Gorka Gorospe ornitologoa eta gidaria da, eta igandean hegaztion bila joateko txangoa gidatuko du, Mirua etxearen eskutik.
Kintoa, Irati, Bertiz. Hiru horietako edozein da toki ona okilei behatzeko; okilen ahotsa entzuteko. Zuhaitzak jotzen dituzte mokoarekin, arboletan dauden intsektuen bila. Nafarroa, oro har, herrialde ezin hobea da okilei so egiteko, penintsulan bizi diren zazpi okil espezieak ikus baitaitezke hemen. Bertizen, adibidez, zazpiak daude: okil txikia, okil ertaina, okil handia, okil beltza, okil berde iberiarra, okil gibelnabarra eta lepitzulia. Herrialdeko basoak maite dituzte.
Okila ematen ez duen okila
Okil gibelnabarra eta lepitzulia nabarmendu ditu Gorospek: gibelnabarra, ia bere populazio osoa Nafarroan dagoelako; eta lepitzulia, berriz, bertze okilekin alderatuta hagitz bertzelako ezaugarriak dituelako. “Ez du ematen okil bat; marroia da, eta ez du moko luze eta indartsua, besteek bezala”.
Gibelnabarra, zehazki, mendebaldeko Pirinioetan bizi da, hegoaldeko isurian. “Nafarroan dago populazio osoa, bikote bat izan ezik; beste hori Huescan dago”, azaldu du Gorospek. Ondorioz, ornitologo anitz etortzen da herrialdera, prismatikoekin okil gibelnabarrak bilatzera.
Lepitzuliari buruz, “berezia” dela erran du Gorospek. “Ez du okilen ohiko jokabidea, eta, gainera, migratzailea da. Apiril aldera etortzen dira, eta irailean edo urrian itzultzen dira Afrikara, negua pasatzera”.
Lepitzuliak parke eta ibar basoetan egoten dira, batez ere. “Baso nahiko irekietan, oro har”. Okil gibelnabarrak, berriz, baso hagitz bereziak maite ditu: “Pagadietan egoten da; izei pagadietan ere bai, Iratin, adibidez”. Baso horietan, zuhaitz zahar eta handiak maite dituzte okilok, batez ere.
Bertze hainbat okil ikusteko aukera gehiago izaten da. Iruñetik gertu, adibidez, Arga ondoko bazterrak dira aproposak: “Okil txikia, okil handia eta okil berdea ikus ditzakegu bazter horietan”. Hegaztiok ikusteko aukera izateak ez du bermatzen, halere, haiekin topo egitea: “Hegazti lotsatiak dira”. Martxo aldera dute araldia, eta orduan “aktiboago” direla erran du ornitologoak. “Aukera gehiago dago okilak ikusteko; mokoarekin zuhaitzetan jotzen dute, eta basoan entzuten da haien hotsa”, erantsi du Gorospek. Igandean eginen dute saiakera.