Edurne Elizondo
Ludopatiak jo dituenak artatzen dituztelako badakite. Bazekiten. Aspaldi hasi zen Aralar elkartea kirol apustuen eta zorizko joko berrien arriskuaz ohartarazten. Administrazioak, baina, ez du serio hartu abisua. Orain arte: departamentu arteko batzordea osatu du Nafarroako Gobernuak, batetik, legea egokitzeko; bertzetik, Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio araudia moldatu arte, behin-behinean, joko areto gehiago zabaltzeko lizentziarik ez emateko. Gobernuak onartu du eskaera, eta asteon iragarri du sei hilabeteko moratoria jarriko duela martxan. Iruñeko Udalak ere auzia aztertzea erabaki du, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuta.
Azken urteotan, aldatuz joan da Aralar elkarteko profesionalengana eta boluntarioengana laguntza bila joan direnen soslaia: “Gero eta gazteagoak dira, eta prozesu gero eta azkarragoen biktima”, azaldu du Aralar elkarteko kudeatzaile Sergio Garciak. Datu argigarri bat jarri du mahai gainean: “Lehen, txanpon-makinetan aritzen zenak 5-8 urte behar zituen ludopata bilakatzeko; orain, kirol apustuetako aretoetan eta gisakoetan aritzen direnak sei hilabetean edo urtebetean bihurtzen ahal dira ludopata”. Jokoak jolas izateari uzten dionean sortzen dira arazoak. Iaz, Aralar elkarteko kideengana jo zutenen %35 aritzen ziren kirol apustuetan eta sarearen bidezko jokoetan. “Gehienek 35 urte baino gutxiago zituzten”, erantsi du Garciak.
Errealitate horri aurre egiteko, herritarrak hasi dira administrazioa baino lehen antolatzen. Iruñerrian hamaika plataforma sortu dituzte, azken hilabeteotan. Karrikara atera dute gaia, eta mahai gainean jarri dute arazoari buruzko eztabaida. Erakunde publikoak “mantso” aritu direla argi dute.
Urte hasieran, hain zuzen ere, orduko Nafarroako Gobernuko Joko eta Ikuskizun Publikoetako atalburu Miguel Angel Marzabalek BERRIAn erran zuen “gehiegikeria eta gezur ugari” erran direla jokoaren inguruan: “Azken urteetan, elur bola baten antzera hazi da kontua, eta jendea arrazoi objektiborik gabe asaldatu da”. Apustuen sektorearen hazkunde bizkorrari buruz, Marzabalek adierazi zuen “merkatuaren gorabehera bat” besterik ez zela: “Azken urteetan, joko mota batzuk hazi egin dira, eta beste batzuk, murriztu. Baina kopuru orokorrei erreparatuta, ez dirudi apokalipsi baten aurrean gaudenik, inondik inora ere”.
Nafarroan, 2006. urtekoa da jokoari buruzko legea. 2010ean, araudi hori garatzeko bi dekretu onartu zituen gobernuak. Haietako batek eman zien bidea kirol apustuak egiteko aretoei. Geroztik, etengabe egin du gora apustu etxeen kopuruak. 2010etik 2018ra, hain zuzen ere, bikoiztu egin da: 2010ean 28 apustu eta joko etxe zegoen herrialdean; 2018an, berriz, 61. Haietako 41 Iruñean daude. “Bartzelonan, zorizko jokoarekin lotutako etxeentzako 53 lizentzia badaude. Iruñean dugun apustu etxeen kopurua ikaragarria da”, salatu du Sergio Garciak.
356 milioi euro
Aralar elkarteko kideak “ikaragarritzat” jo du, halaber, kirol apustuak egiteko aretoen atzean mugitzen den dirua. “Espainian, negozio horretan ari diren enpresek 300 milioi euro gastatzen dute, urtean, publizitatean. Pentsa zenbat irabaziko duten!”. Nafarroan ere, interes ekonomikoa dago apustu etxeon atzean. “Ezin dugu ahaztu gobernuak ere, zergen bidez, jasotzen duela bere zatia”, azaldu du Sergio Garciak.
Iaz, nafarrek 356 milioi euro gastatu zituzten zorizko jokoetan, loterietan eta apustuetan. Kopuru horrekin goia jo du herrialdeak: %4 egin du gora, 2017ko kopuruarekin alderatuta. Kirol apustuen arloan, zehazki, 86,4 milioi euro gastatu zituzten herritarrek, 2017an baino %16,8 gehiago, hain zuzen ere.
Kirolbet eta Codere dira Nafarroan kirol apustuen arloan aritzen diren enpresetako bi. Biek dute etxe bana Iruñeko Sanduzelai auzoan. Bizilagunek plataforma sortu zuten ekainean, eta, geroztik, hirutan egin dute protesta kirol etxeon aurrean. Joan den astean egin zuten azkena. Txema Barea plataformako kidea da, eta argi eta garbi erran du helburu hartu dutela kirol apustuen etxeak ixtea. “Debeka ditzatela nahi dugu; gure auzoan ez dugu nahi kirol apustuak egiteko etxerik, eta beste inon ere ez”.
“Gazteen egoerak kezkatzen gaituelako gaude hemen, karrikan; arrisku handia dute kirol apustuak egiteko etxeetan. Familiak suntsitzen ahal dira jokoaren erruz”. Mezu hori jarri nahi izan zuen erdigunean Consuelo Artieda Sanduzelaiko bizilagunak, joan den asteko manifestazioan. Ontzat jo zuen plataforma osatu izana, eta erakunde publikoei eskatu zien “esku hartzeko”.
“Gazteena hagitz sektore ahula da”, berretsi du Aralar elkarteko Sergio Garciak. Hori dela eta, kirol apustuen eta zorizko jokoen arloa arautzeko beharra nabarmendu du. “Jokoa, bai eta joko horren inguruko publizitatea ere”, erantsi du. “Gazteek miresten dituzten pertsonak erabiltzen dituzte enpresek, apustu eginez gero aberats izanen direla saltzeko”. Osasuna futbol taldeak, adibidez, Kirolbet etxearen publizitatea du elastikoan. Gorritxoek erabaki dute aztertuko dutela kentzeko aukera.
Garciak azaldu du enpresek “hagitz ongi diseinatutako estrategiak” erabiltzen dituztela non eta nola ezarri erabakitzeko: “Langileen auzoetan zabaltzen dituzte beren egoitzak; kirol apustuak egiteko etxe anitzek makinarik gabeko areto bat dute sarreran, badakitelako adingabeak arazorik gabe egon daitezkeela hor. Kontua da behin hor egonda anitzez ere errazagoa dela jokatzeko urratsa egitea”.
Adingabeek legez ezin dute apusturik egin, baina egiten dituztela argi dute Aralar elkarteko kideek. Beren lanak horixe erakusten die. “Ezin dugu ahaztu erakunde publikoek ez ezik, gazte adingabe horien gurasoek ere badutela ardura”, nabarmendu du.
Ardura kolektibotzat jo dute Sanduzelaiko joko aretoen aurkako plataformako kideek beren lana. “Herritarrok mugitzen ez bagara, ez da deus lortzen. Beti izan da horrela, eta auzi honetan ere karrikara atera behar izan dugu”, salatu zuen Pilar Consuelok, joan den asteko protestan.
Sanduzelaiko bizilagunek hasitako bidea jarraitu dute Iruñeko bertze hainbat auzok ere, bertzeak bertze Txantrean, Mendebaldean, Buztintxurin eta Arrotxapean; bai eta Iruñerriko bertze hainbat herritan ere, tartean Eguesibarren eta Uharten. “Administrazioa hasi da urratsak egiten, eta ontzat jo dugu lizentzia gehiago emateko prozesuak bertan behera utzi izana; hala ere, gure lana da presionatzen jarraitzea, eta hori eginen dugu”, nabarmendu du Txema Bareak.
Presio hori beharrezkoa dela argi du Aralar elkarteko kudeatzaileak. Orain arteko legeak ezer gutxi arautzen duela salatu du, eta araudi zorrotzago bat eskatu du. “Egungo legeak ez du mugarik ezartzen”, salatu du. Kirol apustuak egiteko etxeetan sartzeko, adibidez, nortasun agiria erakustea ez da beharrezkoa. “Apustua egiteko bai, ustez; baina sartzeko ez da deus behar”, azaldu du. “Ostatu eta kafetegietan ere badaude kirol apustuak egiteko makinak”.
Elortzibarko Udalaren ordenantza da apustu etxeen jarduera gehien mugatzen duena, Sergio Garciaren hitzetan. “Zehazten du ikastetxeetatik gutxienez 400 metrora egon behar dutela, adibidez”. Uharten herritarrek plataforma sortu dute apustu etxe bat zabaldu nahi dutelako. Udalak zehaztu du ezin duela baimena ukatu, ordenantzarik ez duelako. “Legeak eta ordenantzak behar ditugu, etxeon jarduera behar den bezala mugatzeko”, berretsi du Sergio Garciak. Debekua nahi dute Sanduzelain, eta aisialdirako bertze alternatibak bultzatu.
Irudiak: Iñigo Uriz / Foku