Kattalin Barber
Irantzu Etxebestek (Bera, 1987) debuta egin du Emakume Master Cup txapelketan. Berako pilotariak txikitan hasi zuen bidea, baina hogei urtez alde batera utzi zuen, beste emakume askok bezala. Berriro hasi da eskuak egiten, pilotarekin gozatzen jarraitu nahi duelako. Txapelketatik kanpo gelditu da Agurainen jokatutako jardunaldian, baina urtarrilean binakako lehiaketan parte hartzeko asmoa du.
Nondik datorkizu pilotarako grina?
Haurra nintzela hasi nintzen pilotan, txiki-txikitatik. Ia 13 urte izan arte aritu nintzen. Bi anaia zaharrago ditut, eta horietako bat beti aritu da pilotan; gainera, nahiko maila onean. Asteburuetan bere partidak ikusten egon gara beti, eta hortik sortu zitzaidan pilotarako grina. 13 urterekin utzi nuen, emakume gehienek bezala. Gorputz aldaketa fisikoak direla eta. Ezin nuen segitu mutilen martxa, eta utzi egin nuen.
Orain pilotalekura itzuli eta izena eman duzu Emakume Master Cup lehiaketan. Zer dela eta?
Azken urteotan, telebistan jakin nuen emakumeen txapelketa bat zegoela. Gutxi gorabehera jarraitu nion. Familiak eta ingurukoek beti esaten zidaten animatzeko, baina nik ez nuen neure burua han ikusten, hainbertze denbora eta gero. Azkenean, ordea, animatu naiz. Ekainean hasi nintzen berriro jokatzen, entrenatzen eta eskuak egiten. Egia erran, hainbertze denbora pasatu eta gero, kostatzen da. Udan nire kabuz aritu nintzen, eskuak egiten, eta txapelketan izena ematea erabaki nuen, probatzeko.
Nola ikusi duzu zure burua?
Uste baino hobe, egia erran. Hasieran ez nekien zer-nolako maila emanen nuen. Gainera, kantxan aritzea desberdina da, baina nahiko ongi eta gustura aritu naiz. Hasieran, arraroa egiten zitzaidan herriko frontoian aritzea, gehienetan mutilek okupatu baitute espazio hori. Hogei urtean ez naiz esku pilotan aritu, eta eskuak ez nituen eginak. Zorionez, badut pilotariak diren edo izan direnen laguntza.
Zure herrian, Beran, jokatzeko parada izan zenuen duela bi asteburu. Berezia izan zen?
Bai. Nik Aramaion debutatu nuen, baina ez nekien non izanen zen hurrengoa. Jakin nuen udalak txapelketa herrira ekarri nahi zuela, baina haiek ez zekiten izena eman nuela. Ez genuen berririk ez alde batetik ez bertzetik. Kasualitatea izan zen, eta, Aramaion irabazita, hurrengo kanporaketa Beran izanen zela jakin nuen. Ez nengoen sobera prest, baina egia da urduritasuna ongi kudeatu nuela eta disfrutatzea lortu nuela. Niretzat, polita izan zen, haurra nintzelarik herrian ibili naizelako, baina azkenean espazioa mutilek okupatu dute. Ikusezinak ginen, baina toki bat lortu dugu emakumeontzat. Frontoia ia beteta zegoen, eta jendea, gustura.
Zer-nolako giroa egoten da lehiaketan?
Giroa hagitz ona izan da, bai pilotarien artean, bai eta publikoarekin ere. Pilotarien artean elkar laguntzen eta animatzen aritu gara. Familiaren babesa handia da ere. Gainera, pilotalekura joaten den jendeak gozatzen duela nabari da. Hori ikustea oso polita da. Babestuta sentitzen gara. Aldaketa handia da guretzat, haurrak ginela ia bakarrik sentitu garelako frontoian, mutilen artean, eta ez dugulako inoiz protagonismorik izan. Orain hain lagundua sentitzea eta hainbeste animo jasotzea oso polita izaten ari da.
Lehiaketak bultzada handia eman dio emakumeen pilotari?
Bai. Lortu behar duguna da ez izatea zerbait puntuala, egun zehatz batean gertatzen dena. Segida behar du. Orain gaudenekin frontoiak bete ahal ditugu, eta gazteek behar dute pilota ibilbidean segida izatea; hori bermatzea beharrezkoa da. Guri gertatu zaigu bidea moztu zaigula, 12 edo 13 urterekin gustuko dugun kirola utzi behar izan dugula ibilbiderik ez zegoelako. Orain lortu behar dugu, bederen, gazteek normalki kirola praktikatzen segitzea.
Zer-nolako oztopoak daude?
Zaletasuna badago, baina, adibidez, erreferenteak falta dira. Segitzea zaila da. Praktikatu dezakezu, baina beharrezkoa da txapelketak egitea ere, entrenamendu hutsak ez izateko. Emakumeei eskaini behar zaie gizonen pareko ibilbide bat.
Behar dira txapelketa gehiago?
Orain dela hiru urtetik antolatzen da txapelketa, eta oso garrantzitsua da duen ikusgarritasuna. Gainera, pilotari batzuk animatu gara parte hartzera ondokoari esker, beste batzuk ikusi ditugulako pilotalekuan. Beharrezkoa zen txapelketa, eta beharrezkoa da gehiago izatea.
Azken urteetan ikusgai egin da emakumeen pilota, baina itzalean ere emakume askok lan egin dute urte hauetan guztietan.
Hori da. Lehenago, emakumeen pilota ikusten ez zen zerbait zen. Baziren pilotariak, baina ikusezinak ziren. Txapelketak ikusgarritasuna eman du, emakumeen pilota aitzinera eramateko.
Bidea egiten ari zarete. Zeren beharra sumatzen duzu zuk?
Ni oraintxe sartu berri naiz mundu honetan, eta sakondu beharra dut. Halere, uste dut herrietako udalek honen aldeko apustua egin beharko luketela, emakumeen pilota herrietara ekartzeko. Ahalik eta toki gehienetan ikusteko. Gainera, pilotari gazteak zaindu behar ditugu, entrenatzeko tokiak eta txapelketak izan ditzaten. Adibidez, Bortzirietan pilotariak badaude, baina elkarrekin aritzeko tokiak behar dituzte. Gazteak zaintzea oso garrantzitsua da. Belaunaldi berriok pilotaren aldeko apustua egin dute. Kontua da ez dakidala noraino laguntzen dituzten; agian hor dago hutsunea.