Kattalin Barber
Europa, xenofobia eta faxismoa. Elkarrekin agertzen dira maiz hitzok, eta horien inguruan hizketan aritu dira Askapenak antolatutako Herrietatik Europa berria eraikitzen izenburuko jardunaldietan. Katakraken egin dituzte, hilaren 15ean eta 16an, eta bertan aritu dira alderdi politiko eta herri mugimenduetako kide batzuk hizlari, mugimenduen artean aliantzak sortzeko eta elkar ezagutzeko, besteak beste.
Europa “guda zelai” baten gisa aurkeztu du Askapenak, eta Europako Batasunaren aurkako “borroka ildo berri batean” kokatu dituzte egindako jardunaldiak.
Besteak beste, jardunaldietan parte hartu dute Julio Zamarron, Nines Maestro eta Marco Santopadre adituek, Europako faxismoari nola aurre egin aztertzeko. Europaren “gainbehera” izan dute hizpide hiru hizlariek, eta alternatibak eman dituzte, faxismoaren gorakadari ezkerretik aurre egin ahal izateko. Kapitalismoak eta faxismoak duten lotura estuaz, komunikazioaz, etorkinen krisiaz eta klase kontzientziaz aritu dira.
Zamarron fotokazetaria da, eta Ukraina ekialdeko gatazka gertutik ezagutu du. Haren berri ematen ari da, Donbass eskualdean 2014an gerra hasi zenetik. Testuinguru horretan, faxismoa “normalizazioaren bidean” dagoela eta Europak “aurpegia zuritu” nahi izan duela dio. Horregatik, hain zuzen ere, mintzatu da borroka komunikatiboaren alde. “Gatazka bati buruz hitz egiten ez badugu, gatazka hori ez da existituko; kontatzen ez dena ez da existitzen”, adierazi du.
Hori dela eta, faxismoa “behar bezala” izendatzeko beharraren garrantziaz aritu da, eta ekintza antifaxistek oihartzuna izateko komunikazioa “ezinbestekoa” dela iritzi dio.
Ildo beretik mintzatu da Marco Santopadre. Kazetari eta idazle italiarra da, eta Europako herri mugimenduak eta Europako Batasuneko politikak izan ditu aztergai. Haren ustez, instituzioak berak eragin du faxismoaren gorakada: “Eskuin muturraren diskurtso arrazistek bat egiten dute Europako politikekin: Europako Batasunak saldu egin du bere irudia, eta kontinentea mitifikatzen ari da”.
Hain zuzen ere, Santopadrek salatu du estatuek ez dutela ordezkatzen herritarren borondatea, eta Mediterraneoko herrialdeetan “demokrazia murrizten” ari dela. Grezia jarri du adibidetzat, baina ahoan izan ditu, neurri txikiago batean, Portugal, Malta, Italia eta Espainia ere. “Eskuin muturreko mezuak aise iristen dira jendearengana”. Aurre egiteko ezkerreko indarrak falta direla gaineratu du.
Etorkinen auziari dagokionez, halaber, Europaren diskurtsoa mahai gainean jarri du: “Bere mugetatik errefuxiatuen uholdea urrundu nahi duen arren, ez zaio interesatzen mugak guztiz ixtea. Eskulan merkea behar du Europak, eta, horretarako, pertsonak eskubiderik gabe sartzea interesatzen zaio”. Bide horretan, antifaxismoak antikapitalista izan behar duela esan du, argi eta garbi, “ezin baita amaitu faxismoarekin sistema hau bidezko sistema izango balitz bezala aurkeztuta”.
Hausturarik ez
Nines Maestro politikari ohiak esan du ez dagoela hausturarik kapitalismoaren eta faxismoaren artean, eta ezinbestekotzat jo du klase kontzientzia bultzatzea. “Kapitalismoak zapalkuntza harreman bortitzak garatzen ditu, eta bortizkeria maila hori klase gatazkaren arabera garatzen da”. Krisi garaiak izan ditu jopuntuan, momentu horretan boterea bermatzeko zailtasun gehiago dagoelako: “Orduan agertzen zaigu sistemaren aurpegirik gordinena, hain zuzen”.
Hainbat urtetan alderdi komunistakoa izandakoa da Nines Maestro; gaur egun, Red Roja erakunde komunistako militantea da. Klase kontzientziaren garrantzian jarri du arreta, hain justu: “Ezkerreko alderdi eta sindikatuek badute erantzukizuna: klase kontzientziarekin ezinezkoa litzateke faxismoaren diskurtsoa barneratzea”, nabarmendu du adituak.
Horrez gain, Espainiako Gorteetarako bozak izan ditu hizpide, eta ultraeskuinak duen babesaz aritu da. “PPk, Voxek eta Ciudadanosek eskuratutako botoak apirileko berak dira; gertatu dena da botoen birbanaketa eta erradikalizazioa”. Horregatik adierazi du eskuin muturra “ez dela ezer berria”. Maestrok argi du: Europako Batasunetik eta eurogunetik ateratzeko bidearen alde egin du.
Hiru hizlariak Europako Batasunari alternatiba “erreal eta integral bat” planteatzen hasteko bide orria marrazten hasi dira jada. Faxismoaren normalizazioaren kontra borrokatzea eta faxismoari herrietatik eta ezkerretik aurre egitea jo dute gako nagusitzat.
Askapena erakunde internazionalistak argi du, hain zuzen ere, elkarren arteko “babes sareak, antolakuntza eta borroka antifaxista” direla jarraitu beharreko bidea: “Europako Batasunaren aurkako masa kritikoa indartzea” da helburua, argi erran dutenez.