Lohizune Amatria
Legea gogorra da, baina lege. Betebeharra, gu guztion ongizatearen mesedetan, etorkizuneko belaunaldiek desio dugun gizartea bizi dezaten. Hitzez hitz hartu dute beretzat gure agintariek erromatar garaiko zuzenbidetik datorkigun esaera. Lege idatziak hautazko aukera oro deuseztatu zuen, lege saihetsezin eta orokortzaileak ezarriz. Nor-nori-nork aldagaia erabakigarria izan zen orduan; baita orain ere. Nork, zer eta noren mesedetan (eta noren aurka) ezartzen duen, alegia.
Maiatzean onartu zen Iruñean euskararen inguruko udal ordenantza berria. Ez ditu indarrean hilabete asko emanen hizkuntz eskubideak bermatzeko bidean aurrerapauso bat izan zen arauak. Ez gaituzte, baina, apirilean genuen egoerara eramango. Atzerago aurkitu du Enrique Maiak gustuko araua, betiere “gehiegikeriak” atzean uzteko. Ez omen baita onargarria hiriko paisaian euskarazko hitzak azaltzea (barkatu, aukera berdintasunik ematen ez duela esan nahi nuen). 6 Unibertsitate publikoa billabesa hartu eta nora doazen ez dakitela dabiltza elebakarrak.
Hirigunea, Auzogunea, Elkargunea eta Behatokia. Zertarako nahi ditugu euskaraz izendatu parte hartze organoak gaztelaniaz denek ulertzen badugu?
Hedabideen audientziaren arabera ezarriko ditu udalak aurrerantzean udal iragarkiak komunikabideetan. Hori baita “justuena”: noraino iristen den, horraino emango zaio. Audientziaren muga, hori bai, guztientzat berdina izango da. Orokortzailea zapaltzailea denaren erakusle neurri hau. Gaztelania hutsean aritzen direnentzako, bi hizkuntzetan aritzen direnentzako edota euskaraz soilik aritzeko erabakia hartu dutenentzako, guztientzako berdin. Baliabideak murriztuz, euskaldunen ahotsa isilarazten saiatzen ari dira berriro.
“Eta kasu haurrei kontatzen diogunarekin, dena xurgatu egiten dute eta”. Aurkitu dute hori konpontzeko bidea. Nafarroako ikastetxeetan erabiltzen diren euskarazko testuliburuak zentsuratu nahi dituzte (barkatu, ikuskatu), “Nafarroako curriculumarekin eta Foru Erkidegoko errealitate instituzionalarekin bat datozen egiaztatzeko”. Gehiago ere eginen dute. Pailazoak aurten ez dira Iruñean egonen. Txosten tekniko bat falta dela esan, gehiago ez dute behar izan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna bertan behera uzteko. Dura lex, sed lex.
Elebitasuna modu “orekatuan” arautu nahi dute Navarra Sumak eta PSNk. Eskubideen balantza nabarmenki alde batera okerturik izanen dugu berriro elebidunek, eta orekari eusteko nola eginen dugun ez da egonen agintarien esku.
Gaur zortzi ez da haurrez beteko Baluarte. Baina Gaiarre leporaino bete genuen bi egunez jarraian Zaldi urdina antzezlana gozatu genuenok, eta aspaldi zintzilikatu zuten sold out kartela Navarra Arenan gaurko eta biharko kontzertuetarako. Zoritxarrez edo zorionez, euskal aisialdiak gurean asko du borroka eta erresistentziatik.
Ohar labur bat amaitzeko: Ez dut gaurkoaz spoilerrik nahi, eskerrik asko.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku