Edurne Elizondo
Askotarikoak dira. Eta horregatik egin dute bat. Askotarikoak direlako, baina gizarteak arau bilakatutako bidetik at: batzuek ezin dituzte hankak mugitu, eta aulki gurpilduna erabiltzen dute toki batetik bertzera joateko. Bertze batzuek keinu hizkuntza erabiltzen dute hitz egiteko, eta eskuak altxatuz eta mugituz txalotzen dituzte hizlarien diskurtsoak. Nafarroako Cermi erakundeak desgaitasuna duten nesken eta emakumeen foro soziala egin du, hirugarrenez, Iruñean, eta parte hartzaileek argi utzi dute askotarikoak izan nahi dutela.
Makila erabiltzen dute batzuek, nekez mugitzen diren hankak laguntzeko; bertze batzuentzat, makila begien ordezko bilakatu da, ikusmena galdu eta gero. Agerikoa den arrastorik uzten ez duen desgaitasun bat dute bertze anitzek, eta horiek ere bat egin nahi izan dute jardunaldietan. Askotarikoak direlako, eta askotarikoak izan nahi dutelako, baina berezko dituzten eskubideak galdu gabe.
Gizarteak arau bilakatutako bidetik at direnak baztertzen ditu. Horri aurre egiteko, beraz, gizarteak aldatu behar du bere begirada: arauak arau izateari utzi behar dio, gu eta bertzeak bereizten dituen gizartea iraultzeko. Pribilegioei lotutako botereak ezartzen ditu gu eta bertze horien arteko mugak, eta horri aurre egiteko beharra erdigunean jarri nahi izan dute Iruñean egindako foro sozialean.
Desgaitasunaren esparruan, izen zehatza du pertsonak beren gaitasunen arabera baztertzen dituen aurrejuzguak: kapazitismoa. «Bada garaia hitz hori erabiltzeko. Gizartea kapazitista da, eta erran egin behar dugu, behingoz, aldatzeko. Gizarteak ezgaitzen gaitu; desgaitasuna soziala eta politikoa da», erran du Alicia Ramajo Falconek, argi eta garbi.
Ramajo Falconek bere esperientzia kontatzeko egin du bat foro sozialarekin; harekin batera aritu da Wafa El Elj, Iruñean. Desgaitasuna duten emakumeak dira biak, baina ez hori bakarrik. Zapalkuntza ardatz batek baino gehiagok zeharkatutako gorputzak dira haienak. Ramajo Falcon emakume transa da, eta makila erabiltzen du ikusmena ia guztiz galdu duelako, gaixotasun baten ondorioz. El Eljek aulkia behar du, burua bertzerik ezin baitu mugitu. Bikote ohiak tratu txarrak eman zizkion urte luzez, eta, duela bost, tiro egin zion. Gizonak bizkarra txikitu zion, eta gero bere buruaz bertze egin zuen. El Eljek indarkeria matxista sufritu, eta bizirik ateratzea lortu du: «Anitz dira betirako zaurituta gelditu diren emakumeak, baina ez dira inongo zerrendatan agertzen», erran du Cermi erakundeko buru Mariluz Sanzek.
Giro beroa
Askotarikoak dira foro sozialean parte hartu duten emakumeak: askotarikoak gaitasunak, adina, jatorria eta bertze hamaika ezaugarri kontuan hartuta. Halere, bat egin dute helburu komun batekin: kapazitismoaren aurka lerratzeko, eta kapazitismoari gehitzen zaizkion zapalkuntzen aurka lan egiteko. Fatima Wadik jardunaldietan egon behar zuen, baina ezin izan du Iruñera etorri. «Administrazioak hamaika traba jarri dio; ez da kasualitatea», salatu du Sanzek. Siriako errefuxiatua da Wadi, eta desgaitasuna duen emakumea, aulkia behar baitu mugitzeko. Ezin izan du Madrildik atera Iruñera etortzeko.
Foro sozialean bat egin duten emakumeek txalo zaparrada bat eskaini diote Wadiri. Giro bero eta lasaia sortu dute, gainera, harrera egiteko Ramajo Falconi eta El Elji, mahaiaren atzean eseri, eta beren esperientziak erdigunean jartzeko urratsa egin dutenei. Eskertu dute bi hizlariek konfiantzazko giro hori. Diskurtsoak amaitu dituztenean, parte hartzaileetako anitz ahalduntzeko beharraz eta gogoaz mintzatu dira.
Beren buruen jabe izatea; hori da gako nagusia foro sozialean aritu diren bi emakumeontzat, plazaratu duten mezua laburbilduz. Wafa El Eljek indarkeriaren auzia nabarmendu du, bere kontakizunaren bidez. Astelehena izan da indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna, hain zuzen ere, eta datuek agerian uzten dute bortxa horrek bereziki jotzen dituela desgaitasuna duten emakumeak. Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko Espainiako behatokiak zabaldutako estatistikek errealitate gordina islatzen dute: desgaitasunen bat duten emakumeen %31k sufritu dute indarkeria matxista; kopurua %12,5ekoa da desgaitasuna ez duten emakumeen artean. Oro har, desgaitasuna duten emakumeak bereziki jotzen ditu indarkeria fisikoak, sexualak, psikologikoak eta ekonomikoak ere.
«Nire egoeraren berri eman zidatenean, jota gelditu nintzen. Sentitu nuen nire bidea hor amaitzen zela, mugitu gabe ezin izanen nintzela bizi». Horixe erran du Wafa El Eljek Iruñean. Ez du hasierako etsipena ezkutatu nahi izan, baina, batez ere, nabarmendu du orain ongi dela. Bera bezala dauden bertze pertsona batzuk ezagutzea izan da El Eljerentzat gako nagusia bere bizitzaren jabe bilakatu ahal izateko: «Sentitzen nuena ulertzen zutela ohartu nintzen; konturatu nintzen gai zirela independente izateko. Mugak bazituzten, noski, nik bezala, baina, muga horien gainetik, posible da aurrera egitea. Hori ikasi nuen haien ondoan».
Hain zuzen ere, tiro egin zion gizonarekin zegoenean baino askeago sentitzen da orain. «Inork ez dit bizirik sentitzeko gogoa kenduko berriz ere», erran du. Onartu du laguntzen duela bere esperientziaren berri zabaltzeak, eta ikusgarri bilakatuz desgaitasuna duten bertze emakumeak lagundu nahi dituela. Argi utzi du, halere, «bertze edozein emakumeren gisakoa» dela: «Aurrera egiteak ez du erran nahi aparta naizenik, edo bertze inor baino hobea. Diskurtso hori ez dut batere gogoko».
Bertzeen bozgorailu
Alicia Ramajo Falconek ere ez du entzun nahi emakume aparta dela aurrera egiteagatik, ikusmena ia galduta izan arren. «Foro sozial honetan egotea pribilegio bat da niretzat; desgaitasuna duten bertze emakume anitzek ez dute honen gisako bozgorailu bat. Denon esperientziak ezberdinak dira, baina, aldi berean, hagitz antzekoak», erran du solasaldia hasteko.
«Ikusten ez duen emakume trans bat naiz». Horrelaxe aurkeztu du bere burua Ramajo Falconek. 26 urte ditu, eta duela bi egin zuen trantsizioa. «Irudiaren diktaduraz» hitz egin nahi izan du Iruñeko foro sozialean, pertsona transei buruz ari garenean gizartearen begiradak botere handia duelako oraindik ere. «Zuk zeure burua ikusteko duzun modua hagitz garrantzitsua da; nik ez dut ikusten, ordea. Nire gorputza ukituz ikasi behar izan dut nolakoa naizen». Eta argi du: «Nire gorputza zoragarria da. Maite dut nire gorputza».
Ramajo Falconek argi du, batez ere, bere gorputzari buruzko erabakiak berari baino ez dagozkiola. «Ni naiz neure buruaren jabe». Salatu du, ordea, karrikan dagoenean bertzeek beragarik erabakitzeko eskubidea dutela uste dutela: «Makilarekin ikusten naute, eta, deus erran gabe, baimenik eskatu gabe, besotik heltzen didate. Hori indarkeria da», nabarmendu du.
Kapazitismoak berekin ekartzen du gizarteak haurrak balira bezala tratatzea desgaitasuna duten pertsonak. Horixe azaldu du Ramajo Falconek foro sozialean, eta nabarmendu du egoera hori are argiagoa eta larriagoa dela emakumeen kasuan. «Laguntza behar badut, eskatzen ahal dut. Baina bertzeei bost axola. Gizarteak uste du desgaitasuna izateagatik ahotsik ere ez dugula; erabakitzeko eskumenik ez dugula. Horrelako jarrerek hagitz txiki sentiarazten naute, deus balioko ez banu bezala. Ez dut zertan horrelakorik jasan behar».
Ramajo Falcon gai da eguneroko kapazistismoari aurre egiteko. Horixe argi utzi du: bere buruaren jabe sentitzen dela, eta inguratzen duten jarrera kapazitistak salatzeko indarrez. Kontua ez da desgaitasuna dutenak ahalduntzea, haren ustez: «Gure gorputzetan ongi sentitu behar dugu, noski; baina guk botere gehiago hartu baino, gakoa da egun botere asko duten horiek pixka bat galtzea». Hau da, gizarteak sortzen baditu desgaitasuna dutenek gainditu beharreko oztopoak eta mugak, gizarteari dagokio bere jarrera aldatzea. «Desgaitasuna soziala eta politikoa da», berretsi du Ramajo Falconek. «Terapia egin behar dut kapazitismoak eragindako zauriak sendatzeko; hori izugarria da. Nik pairatzen dut kapazitismoa, eta nik egin behar dut neure burua sendatzeko ahalegina, pribilegioak dituztenak ez direlako gai pribilegio horiei buruzko gogoeta egiteko, eta ez direlako gai konturatzeko badagoela indarkeria desgaitasuna dugunonganako beren jarrera kapazitistetan», salatu du Alicia Ramajo Falconek.
Egungo diskurtsoen aurka
Ramajo Falconek musika baliatzen du kapazitismoaren aurkako bere mezua zabaltzeko. Alicia Vatra hartu du izen artistiko gisa, eta laster disko berria izanen du karrikan. Askotarikoak diren gorputzak eta buruak hartzen ditu kontuan bere kantetan.
Askotarikoa ezberdin bilakatzen da, anitzetan, eta, gure eta bertzeen arteko mugak hain zorrotz markatzen dituen gizarte batean, ezberdin den hori arrotz bilakatzen da. «Gora egin du ezberdinaren aurkako diskurtsoak, egungo testuinguru politikoan. Badirudi desgaitasuna deabrutzen zen garaietan bizi garela berriz ere. Horren aurka egin behar dugu, elkarrekin», bukatu du Mariluz Sanzek.
Irudiak: Iñigo Uriz /Foku
Leave a Reply