Edurne Elizondo Iruñea
Musika elektronikoaren esparruan emakumeak egiten ari diren lana aztertu dute Civicanen, Soinu Paisaia izenburuko programaren barruan. Ruth Garcia kazetariak (Madril, 1979) parte hartu du saioan, bertzeak bertze. Dj-a ere bada, eta Mots plataformako arduraduna. Musikaren arloan sufritutako matxismoa salatu du. Nabarmendu du «hagitz kontent» dagoela oholtzan gero eta andre gehiago badirelako.
Egoera aldatzen hasi da. Zerk eragin du oraingo loraldia?
Nik uste dut eragin handia izan duela mugimendu feministaren azken garaiko gorakadak. Agerian gelditu da feminismoa behar dugula egungo gizartean, eta uste dut horrek ekarri duela, gure esparruan, musika elektronikoa egiten ari garen emakumeok kontuan hartzea. Gure proiektuei heltzeko urratsa egin dugu emakume anitzek, azkenean.
Emakumeak, beraz, ari zineten musika elektronikoa egiten, baina espaziorik ez zenuten oholtzan?
Bai. Arazoa da ikusezin izan garela, orain arte. Gertatu zaigu erreferenterik ez dugula izan. Ez, behintzat, esparru publikoan. Sistema patriarkalak emakumeak ezabatu ditu historiatik, eta kulturaren arloan ere gertatu zaigu. Nik ezagutzen nituen lanean ari ziren emakumeak nire inguruan, baina ez ziren publikoaren aurrean agertzen. Hori falta zitzaigun. Ikusgarri bilakatzea, behingoz.
Kazetaria zara zu, eta kazetari lanak eraman zintuen musikaren esparrura. Lagundu dizu horrek?
Musika beti izan dut gogoko, eta kazetari lanetan hasi nintzenean musikari buruz aritzeko aukera izan nuen. Gustatzen zitzaidanaz idazteko aukera izan nuen hainbat mediotan. Saiatu izan naiz beti medio nagusietan agertzen ez ziren horiei so egiten. Lan horrek aukera eman zidan jendea ezagutzeko. Lanerako askatasun handia eman zidaten, eta makumeak elkarrizketatzen ahalegindu nintzen, ikusgarri bilakatzeko bide horretan laguntzeko. Kazetari izateak lagundu dit erreferenteak izaten.
Mots plataforma sortu duzu. Zure lana zabaltzeko, kontzertuak antolatzeko eta bertzeen proiektuak ezagutarazteko. Bertzeen esku ez gelditzeko?
Bai. Musikaren esparruan aritu naiz beti, baina bertzeentzat lan egiten. Azkenean konturatu nintzen erabakitzeko boterea zutenek nik baino esperientzia eta ezagutza gutxiago zutela; gauzak egiteko dirua zuten, baina ez zuten irizpiderik. Dj gisa hasi nintzen lanean, eta erabaki nuen urrats bat harago egitea, eta Mots sortzea. Lehenbizi Londresera joan nintzen, han egiten ari zirena ezagutzera, funtsezkoa iruditzen zitzaidalako.
Handik Berlinera joan zinen, ezta?
Bai, han ere lan egin nuen. Han, adibidez, sumatu nuen desberdinkeria ez zela hain nabarmena. Artearen eta kulturaren esparruan bertze maila batean ari dira.
Madrilen edo Bartzelonan aritu zarenean zuk sufritu duzu matxismoa zuzenean?
Bai. Behin baino gehiagotan. Nire gorputzaren inguruko komentarioak entzun behar izan ditut, eta nire lanerako gaitasuna ere zalantzan jarri dute, emakume izateagatik. Musika elektronikoan gizonak ikusi izan ditugu, batez ere; publikoan ere gizonak izan dira, batez ere. Estereotipoak nagusitu dira, eta behin baino gehiagotan jasan behar izan ditut nire lanari buruzko aurreiritziak, estereotipo horien ondorioz.
Orain, zu bilakatu zara bertze emakume anitzentzat erreferente.
Hori hagitz polita da. Nik erakutsi nahi dut emakumeok gai garela gure proiektuak garatzeko musika elektronikoaren esparruan. Prest nago bertze emakumeak bultzatzeko eta laguntzeko. Nire plataformaren bidez, hain zuzen, beti saiatzen naiz mezu hori zabaltzen.
Musika aktibismo feminista egiteko tresna ere bilakatu duzu?
Bai. Emakumeon aldeko mezua zabaltzeko, eta lanean ari diren emakumeak ikusgarri bilakatzeko. Nire plataformaren bidez aukera eman nahi diet jendaurrean aritzeko. Musika elektronikoaren esparruan emakumeak ez gaude bakarrik oholtza gainean. Soinu teknikari zoragarriak ere badira. Haiekin aritzen naiz. Finean, sarea osatzea da kontua. Gero eta gehiago gara, eta kontent nago, baina oraindik ere lan handia dugu egiteko gure tokia lortzeko.
Jaialdi nagusietan, oraindik ere, zaila da emakumeen lana nabarmentzea?
Bai. Anitz gara, baina, oraindik ere, jaialdietako egitarauak prestatzen dituztenak gizonak dira. Gizonak daude erabakitzeko ahalmena duten postuetan. Hori aldatzeko beharra ere bada, emakumeok arlo guztietan egon ahal izateko.
Leave a Reply