“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa”

“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa”

Edurne Elizondo

Iruñeko Udalak Emakumeen Etxean zentsuratutako hitzaldia emanen du Paola Damontik (Milan, Italia, 1984), gaur, Iruñeko Katakraken. Orgasmo arrakalaz ariko da, emakumeek sexualitateaz gozatzeko duten eskubideaz.

Zer-nolako azalpenak eman zizkizuten zure hitzaldia bertan behera uzteko?

Telefonoz deitu zidan Iruñeko Udaleko berdintasun teknikariak, hitzaldia egin baino bi egun lehenago. Teknikariak, noski, ez du auzi honetan inolako ardurarik. Azaldu zidan, tamalez, saileko arduradunak erabaki zuela hitzaldia ez egitea; erabaki politiko bat zela erran zidan.

Zergatik ez zuten egin nahi izan, programan sartu eta gero?

Ez zidaten erran. Izenburuaz zerbait aipatu zidaten, baina bertzerik ez. Halere, argi utzi nahi dut erran direla zuzenak ez diren kontu batzuk: adibidez, hitzaldiaren izenburua aldatzeko edo bertze momenturen batean egiteko aukera eman zidatela. Hori ez da egia.

Harritu zaitu zentsurak?

Ez nuen espero. Iruñeko Udala jarri zen nirekin harremanetan, Emakumeen Etxea martxan jarri zutenean. Aurretik ere egin nuen hitzaldiren bat udalarekin, eta berdintasun teknikariak ezagutzen ninduen. Proposamenak eskatu zizkidan, eta nik hiru hitzaldi egiteko aukera proposatu nion. Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino izenburukoa hautatu zuen udalak. Data zehaztu, eta Emakumeen Etxearen egitarauaren barruan jarri zuten. Pentsa, navarra.com-en ere eman zuten berria, inolako arazorik gabe.

Zerk eragin du hitzaldia zentsuratzeko erabakia?

Iruñeko Udalaren jarrera aldatu zen Vox-ek hitzaldiaren aurkako txio bat idatzi eta gero. Nik argi dut txio hori idatzi izan ez balute hitzaldia ez zutela bertan behera utzi izanen.

Ez da larria erakunde publiko batek eskuin muturreko talde batek egindako txioaren aurrean amore eman izana?

Larria da. Hitzaldia proposatu nuenetik ez dut inolako aldaketarik egin, ez izenburuan, ezta edukian ere, eta azken unera arte, udalak ez du arazorik izan.

Azken unean, baina, patriarkatuarekin batera Navarra Suma ere jazarri zaie emakumeei, oheraino?

Bai, hala izan da. Hitzaldia bertan behera uzteko erabakia Navarra Sumak hartu du. Batetik, ez dute nahi sexualitateaz hitz egitea adingabeekin, eta hori hagitz larria iruditzen zait. Bertzetik, helduekin ere ezin dugu sexualitateaz hitz egin. Skolaeren aurka egin dituzten erasoek ez zuten inolako zentzurik, eta hitzaldiarekin egin dutenak are gutxiago.

Zergatik uste duzu ez dutela sexualitateaz hitz egin nahi?

Nik uste dut kontua dela friboloa iruditzen zaiela hitz egitea emakumeen orgasmoak izateko eskubideaz edo orgasmoen auzian dagoen desberdinkeriaz. Ematen du ulertarazi nahi dutela, oro har, onartu dela soldata arrakala badagoela eta ez dela zuzena, baina orgasmoak nahi izatea lelokeria bat bertzerik ez dela.

Eta lelokeria bat da?

Ez. Ideia horren atzean dagoen ustea da emakumeok ez dugula plazera sentitzeko eskubidea. Hori, noski, estuki lotuta dago genero identitatearekin, identitate femeninotzat eta maskulinotzat jotzen den horrekin. Horren arabera, gizonezkoei onartzen zaie sexualitateaz gozatzeko eta hitz egiteko eskubidea, baina emakumeoi ez. Egia da, ñabardura guztiekin, emakumeok urratsak egin ditugula sexualitatearen esparruan, azken urteotan, baina urratsok izan dira, batez ere, sexua izateko eskubidearen arloko urratsak; sexuaz gozatzeko emakumeon eskubidea bertze kontu bat da.

Emakumeek ez dute sexuaz gozatzen?

Ikerketa anitz badira. Horietako asko antisorgailu konpainiek edo sexu jostailuak saltzen dituztenek egin dituzte. Ikerketa horietako baten arabera, 25 urte baino gutxiagoko emakumeek astean hirutan dituzte sexu harremanak, gutxienez, baina herenek baino ez ditu orgasmoak. Bada zabaltzen ari den diskurtso bat, aurrerakoiak diren esparruetan, eta, horren arabera, orgasmoak izatea ez da hain garrantzitsua. Nik uste dut mezu hori arriskutsua dela.

Zergatik?

Gauza bat da zure sexu harremanetan orgasmoak izatea, eta, egunen batean, edozein arrazoi dela kausa, ez izatea. Noski, orgasmorik gabe ere gozatzen ahal duzu. Bertze gauza bat da, ordea, zure sexu harremanetan orgasmorik ez izatea, modu sistematikoan.

Datuek erakusten dute emakumeek gutxiagotan izaten dutela orgasmoa sexu harremanak dituztenean. Hainbat unibertsitatek egindako ikerketa baten arabera, gizonezkoen %2k ez dute orgasmorik beren sexu harremanetan, inoiz edo ia inoiz. Emakumeen kasuan, bostetik bat dira orgasmorik ez dutenak. Horregatik, errealitate hori bazter utzi eta orgasmoa garrantzitsua ez dela erraten duen diskurtsoa arriskutsua iruditzen zait; atzerakoia da. Emakume horiei ukatzen die orgasmoak izateko eskubidea aldarrikatzeko aukera, zilegitasuna kentzen dio aldarrikapen horri.

Sexu orientazioaren arabera, aldaketak daude datuetan?

Emakume eta gizon heterosexualen arteko orgasmo arrakala hagitz handia da, 30 puntukoa. Hau da, gizonen %95ek izaten ohi dituzte orgasmoak, eta emakumeen %65ek. Emakume lesbianen eta gizon homosexualen kasua aztertuz gero, datuak hagitz bertzelakoak dira, eta arrakala desagertzen da. Beraz, auzia ez da biologikoa, kontua ez da konplikatuagoak garela edo orgasmoa izatea gehiago kostatzen zaigula; datuek erakusten dute lesbiana izanda bertze emakume batekin orgasmoak izateko aukerak gora egiten duela, eta gizonen kasuan, berriz, gizon homosexualek bertze gizon batekin orgasmoak izateko aukerak pixka bat behera egiten duela.

Zein da arrazoia?

Aztertu behar dugu emakumeen identitatea nola eraikitzen den: emakumeak bertzeak zaintzen ditu, bertzeen beharrei ematen die lehentasuna. Kontrakoa gertatzen da gizonezkoen kasuan.

Genero identitatea eraikitzeko moduak baldintzatzen du arrakala, beraz?

Hori da lehen arrazoia, bai. Bertze funtsezko elementu bat ere bada: sexu hegemonikoa. Egun, sexu hegemonikoaren ideian koitoa da nagusi. Denok gaude eredu horren menpe, hori da irakasten digutena. Eta datuen batez bertzekoaren arabera bost emakumetatik batek baino ez du lortzen orgasmoa koitoarekin. Koitozentrismo horren atzean dago androzentrismoa, batez ere. Hau da, gizonei plazera ematen dien sexua hartzen da eredutzat. Eta, gainera, orgasmorik ez izatearen ardura emakumeari egozten zaio: gizonak ez badu plazera lortzen, errua emakumearena da, eta emakumeak ez badu lortzen, haren gorputza da huts egiten duena.

Gaiaz hitz egiten da?

Ez. Ez da hitz egiten, eta behar da. Hitz egiten dugunean, emakumeok konturatzen garelako saltzen diguten eredua ez dela benetazkoa.