Edurne Elizondo
Hemen gaude. Bidea hasi genuenean, nekez pentsatzen ahal genuen gaurkoaren gisako jardunaldi bat eginen genukeela; gauza handia da guretzat”. Mezu hori nabarmendu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, duela astebete, Iruñean egindako saioan. Zentro erlijiosoak eta pederastia izenburupean, egun osoko jardunaldi bat prestatu zuten, auziari hainbat arlotatik heltzeko eta, batez ere, argi uzteko hasi duten bidean ez dutela atzera eginen. Hamarkada luzez barneratutako isiltasuna hautsi dute, eta ez dute inolako asmorik berriz isilik gelditzeko.
“Egun intentsoa izan da”. Elkarteko kide anitzek errepikatu zuten esaldi hori, joan den ostiraleko azken mahai ingurua amaitu eta gero. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera antolatu zuten jardunaldia, eta, lehen zatian, hain zuzen, unibertsitatearen esparruko hainbat adituk hartu zuten hitza, Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilari Eduardo Santosek saioa zabaltzeko hitzaldia egin eta gero. Arratsaldez, Nafarroako hainbat ikastetxe erlijiosotan sexu abusuak sufritu dituztenen bozgorailu izan diren kazetariek egin zuten lehen mahai ingurua; eta azkenekoan, abusu horiek sufritu eta salatu dituztenek hartu zuten hitza. Azkena, eta gogorrena. Elkarteko kideek babesa eman zioten elkarri, une oro; hitzak ateratzen ez zitzaizkienean ere, lortu zuten beren mezua mahai gainean jartzea. “Ez dadila berriz gertatu; ez diezaiotela bertze inori egin”.
Nafarroan, azken hilabeteotan egin du eztanda herrialdeko hainbat ikastetxe erlijiosotan gertatutako sexu abusuen auziak. Jose Luisek irrati kate batean egindako salaketa izan zen abiapuntua, dena martxan jarri zuen urratsa, duela orain urtebete. Egun hartan, Jose Luisek jendaurrean eman zuen bere buruaz bertze egin zuen anaiak utzitako gutunaren berri. Garesko Erreparaziokoetan izan ziren biak, eta biek sufritu zituzten sexu abusuak. Inoiz ez zioten elkarri deus erran, ordea. Jose Luisen anaiak bere gutunaren bidez apurtu zuen ordura arteko isiltasuna. Eta idatzitako hitzen bidez, bidea markatu zion Jose Luisi: “Gutunarekin zer egin jakinen nuela idatzi zidan. Argi ikusi nuen kontatu behar nuela, salatu”.
Abusuen arrastoa
Jose Luisen ondotik, apaizen sexu abusuak sufritutako bertze hainbatek egin zuten salatzeko eta kontatzeko urratsa. Haietako bat izan zen Jesus Zudaire, elkarteko presidentea. Jose Luisi besotik heldu zion ostiraleko saioan, lagunak behera egin zuen bakoitzean. Hitza hartu zuenean, baina, ustez hotza zen hizkera bat erabili zuen. Berrogeita hamar urtez isilpean gordetakoa azaldu zuen: Lizarrako El Puy ikastetxean sufritutako abusuak. “Gaizki nago; amorruak hartzen nau, baina ezin dut negarrik egin. Ezin dut negarrik egin. Hori da sufritutako abusuek utzi didaten arrastoa. Duela hemezortzi urte gelditu nintzen alargun… Ezta malko bat ere”.
Koldori kosta egin zitzaion ostiralean malkoei eustea. Aretoan bat egin zuten herritarren aurrean agertu zen, baina ezin izan zuen sufritutako abusuen berri eman. “Badakit hitz egiten badut berriz ere erabat jota geldituko naizela; ezin dut”.
Mikel eta Patxi dira elkarteko bertze bi kide. Entzuleen artean eseri ziren ostiralean, eta handik hartu zuten hitza. Jose Luisek egindako urratsak bertze anitzi eman die sufritutako abusuak salatzeko indarra. Ez dute bide erraza izan, elkarteak Eliza izan baitu aurrean, martxan jarri zenetik. Ez da abusuak sufritu dituztenen ondoan agertu. Jose Luisek ostiralean gogoratu zuen bilera bat egin zuela Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezekin, anaiaren gutuna irakurri eta gero, eta abusuak salatu baino lehen. “Gutuna gordeko zuela erran zidan; proba desagerrarazi bertzerik ez zuen nahi”.
Elkarteko kideek ostiraleko jardunaldian parte hartzera deitu zuten Iruñeko artzapezpikua. Francisco Perezek uko egin zion eskaerari, ordea. “Artzapezpikutzak gure salaketen berri jaso zuenean egin zuen lehendabiziko gauza zera izan zen, ukatzea abusuak egin zituzten zentro horien ardurarik”, nabarmendu zuen Marcos Leiunek.
Espainiako Estatuko Elizako agintarien jarrera ere salatu zuten Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko kideek, Iruñean egindako saioan. Nabarmendu zuten aita santuak agindutakoaren kontrako bidea egiten ari direla, hain zuzen ere. Horren adibide aipatu zuten Iruñeko Artzapezpikutzak hartutako azken erabakia: batzorde bat osatu du, adingabeak eta egoera zaurgarrian diren pertsonak babesteko. “Aita santuak zehazki eskatu du apaizen sexu abusuak sufritu dituztenei so egiteko; baina hemen ez dute hori egin. Abusuak sufritu dituztenak artatzeko batzorde bat osatu dute, ikastetxe erlijiosoak aipatu gabe ere”, salatu zuen Leiunek.
“Etsigarritzat” jo zuten Elizak orain arte bete duen rola. Nabarmendu zuten elkarteak “urrats anitz” egin dituela, halere, eta “ontzat” eman zuten orain arte egindako bidea. Joan den asteko jardunaldia izan da elkarteak antolatutako azken ekinaldia, baina aurretik lortu du auzia Nafarroako Parlamentura eramatea. Han azaldu dituzte zentro erlijiosoetako ikasle ohiek hainbat urtez sufritutako sexu abusuak. Parlamentuak erabaki du, hain zuzen ere, ikerketa batzordea jarriko duela martxan. Elkarteko kideek “kontent” hartu dute urrats hori. Bide gogorra dute aurrean, baina irmo ari dira urratsak egiten.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku