Uxue Rey Gorraiz
Urteak dira Esako urtegiaren auzia hasi zela, eta ez dirudi, oraindik behintzat, laster konpontzekoa denik. Beste behin, instituzioak, enpresak eta Esako ingurumarietako herritarrak ez datoz bat. Urtegiaren eskuin magalean pitzadura berriak agertu direla salatu dute hainbat plataformak berriki. Azpiegituraren egoerari buruzko azken azterketaren gainean Nafarroako Gobernuak egin duen interpretazioak, ordea, ez du adierazten egoera larritu denik. Dena dela, txostenean hainbat gomendio daude bilduta, segurtasuna ziurtatzeko neurriak areagotu daitezen. Kontraesan horietaz kexu dira herritarrak.
Abenduan aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak urtegiaren egonkortasunari eta segurtasunari buruzko azken ebaluazioa jasotzen duen txostena. Geoconsult España enpresak egin du ikerketa, joan den legealdiko gobernuak eskatuta. Urtarrilean, Javier Remirez presidenteordeak argitara atera zituen ondorioak. Haren esanetan, txostenak adierazten du Esako urtegiaren eskuin magala “oreka hertsian” dagoela. Gaineratu zuen detektatutako lur mugimenduek ez dutela baldintzatuko urtegia handitzeko proiektua.
Lanekin jarraitzeko, hala ere, beharrezkotzat jo dituzte hainbat segurtasun neurri, eta hala igorri dizkio gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari joan den astean Zaragozan egindako bileran. Zehazki, urtegiaren magalaren barrenaldeko drainatze sistema hobetzeko neurriak proposatu dira, baita gainaldea egonkortzeko eta lur-irristatzeak txikiagotzeko beste batzuk ere, batik bat. Konfederazioko arduradunek aditzera eman dute Nafarroako Gobernuaren aholkuak “ebaluatuko” dituztela, eta “arrazoizkotzat” jotzen dituzten neurri horiek ezarriko dituztela.
Ebroko Ur Konfederazioak, baina, kontra egin die herritarrek urtegian agertu diren azken pitzadurei buruz egindako adierazpenei. Konfederazioak esan du aurkitutako pitzadurak “azaleko ezegonkortasun lokal batzuei” dagozkiela “soilik”, eta are gehiago, arduradunek adierazi dute ez direla berriak. Pitzadura horiek duela lauzpabost urte agertu zirela diote, 2015tik jakinaren gainean daudela, eta tentuz erreparatu dietela. Lanen aurkako plataformek irmoki ukatu dute hori hala denik.
Gerta daitekeena buruan
Herritarrak eta aspaldi Esako urtegiaren handitze lanen aurka borrokan ari diren hainbat plataforma bereziki sumindu ditu Konfederazioaren eta gobernuaren beraren jarrerak. Urtegiaren egoera “makillatzen” saiatu izana leporatu diete. “Egoera larri honen berri emateko darabilten normaltasun tonuak agerian uzten du, beste behin, haien arduragabekeria”, salatu dute Esa gehiago ez, lanak gelditu plataformakoek.
Are gehiago, esan dute pitzadurak ez direla arazoaren muina, “ezegonkortasunaren sintoma” baizik. Azaldu dutenaren arabera, 2013ko euri jasa handiez geroztik ez da hain sakontasun handiko pitzadurarik aurkitu azpiegituran. Gogora ekarri dute orduan 103 etxebizitza desjabetu egin behar izan zituztela egoerak eragin zuen arriskua zela eta.
Urtegia handitzeko proiektua “hondamendia” dela defendatzen segitzen dute bizilagunek. Urteetan, manifestazioak eta protestak ugari izan dira, baina ez dute jarrera aldaketarik antzeman auziaren inguruan. Erabaki guztien atzean “interes politikoak” daudela argudiatu dute hainbatetan, eta “ez entzunarena” egin dietela, “ingurumenarentzat eta bizilagunentzat izan ditzakeen arriskuak aintzat hartu gabe”. Handitze lanak amaitzera iritsiko balira, mila milioi tonako ur edukiera izanen luke Esako urtegiak.
Herritarrek beren kezka azaldu dute larrialdi egoera batean zer gerta litekeen imajinatuta. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, oso argibide gutxi jaso dituzte urtegitik ura aterako balitz egin behar luketenari buruz. Esan dietenaren arabera, alarma seinale bat adituko litzateke, eta 30 minutu inguru izango lituzkete alde egiteko. Ez dakite nola.
Urtarrilaren 4an egin zuten protesta azkenekoz bizilagunek, urtegiaren segurtasunaren gaineko azken azterketaren emaitzak ezagutu ondotik. Ehunka lagun bildu ziren Zangozan, aldarrikapen bera ahotan: segurtasuna, gardentasuna eta ardura eskatu zituzten, eta lanak gelditzeko, enegarrenez.
Jarrera aldatu dezala galdegin diote Ebroko Ur Konfederazioari, eta Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroari ailegarazi diote eskaera, berak baitu konfederazioaren gaineko kontrolaren eskumena. Haren ministerioak “uraren kultura berriarekin” duen konpromisoa erakuts dezan eskatu diote, eta beste bide batzuk proposa ditzala egoerari aurre egiteko.
Azpiegitura handitzeko lanak geldiarazteko eskatzen jarraituko dutela defendatu dute plataformek, eta gaineratu dute Madrilera ere joko dutela, beharrezkoa bada.
Ez litzateke lehendabiziko aldia, hain zuzen ere. 2016. urtean, Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten urtegia handitzeko lanen aurkakoek. Orain, eman beharreko hurrengo pauspoak zein diren definitzeko lanean ari dira, eta data bat dute aurreikusita: Esako urtegia helmuga izanen duen martxa bat antolatzen ari dira datorren apirilaren 19rako.