Edurne Elizondo
Beran egin zuten, duela astebete, eta Uharten eginen dute, bertze astebete barru: N-121-A errepideko trafikoa etengo dute, Nafarroako Gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala; neurriak, zehazki, segurtasuna bermatzeko. Urtea hasi zenetik, lau pertsona hil dira Iruñea eta Irun lotzen dituen bide horretan; 2010etik 2019ra, 31 dira zendutakoak: epe berean Nafarroako errepideetan hildako guztien %9, alegia.
N-121-A errepideak ukitzen dituen herrietako agintariek argi dute arazo nagusia zein den: kamioiak, ibilgailu astunen kopuruak etengabe egin baitu gora 1997. urtean Belateko eta Almandozko tunelak zabaldu zituztenetik. Horregatik nahi dute hautetsiek kamioiek A-15 autobia erabil dezaten. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik; horien laurdenak dira kamioiak. Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri ditu hainbat proposamen, baina, oraingoz, herritarrak ez dira kontent.
Joan den ostiralean Beran egindako protestak ederki islatu zuen zenbaterainokoa den N-121-A errepidearen erabiltzaileen haserrea eta amorrua: 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten bat, 19:30ean, alkateek deitutako bide mozketan. Ordubetez hartu zuten errepidea, eta manifestazioa egin zuten Segurtasuna, gure lehentasuna lelopean. Baztan-Bidasoko eta inguruko bertze hainbat herritako jendea bildu zen. Denera, 29 udalerrik babestu zuten joan den asteko protesta, eta, gainera, Uhartekoan parte hartzera deitu dute.
Beran, denek zuten buruan bidea itxi zuten toki berean duela egun gutxi gertatutako istripua: 53 urteko Lesakako gizon bat zendu zen han, otsailaren 25ean, kamioi baten kontra jota. Urtarrilaren 11n gertatutako istripuak ere Bortziriak kolpatu zituen: Igantziko 19 urteko gazte bat eta Arantzan etxea zuen 21 urteko Donostiako bertze bat zendu ziren Olaguen, errepide berean. Eta Arantzakoa zen, halaber, otsailaren 6an N-121-A errepidean Irunen jazotako istripuaren ondorioz zendutako gizonezkoa.
2+1eko errepidea
“Segurtasunak kezkatzen nau; egunero egiten dut joan-etorria, eta ez da samurra; kamioi anitz dago, eta beldurra ematen du”. Teresa Rojo lesakarrarenak dira hitzak. Iruñean egiten du lan, eta, ondorioz, egunean bitan egiten du errepidean gora eta behera. “Zenbatu izan ditut nirekin gurutzatu diren kamioiak, eta 150 baino gehiago ere izan dira”. Kamioi horietako anitzek nazioarteko zama garraiatzen dute, eta horiek dira, nagusiki, udalek errepidetik atera nahi dituztenak.
Nafarroako Gobernuak, baina, ez du aukera hori ontzat eman oraingoz, eta N-121-A errepidea 2+1 bideko errepide bilakatzea lehenetsi du. Zehazki, bost zatiko proiektu bat egin du, eta lehendabizikoa uda baino lehen esleitu nahi du, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Andres Lopezek iragarri duenez. Lopezen hitzetan, gobernuaren proiektuak zehaztu du bidean zortzi biribilgune egitea, eta horrek ekarriko du kamioilariek, berez, A-15aren aldeko hautua egitea.
Nafarroako Parlamentuak otsailaren 27an onartu zituen 2020rako aurrekontu nagusiak: milioi bat eurokoa da N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko zehaztutako diru saila. Espainiako Sustapen Ministerioak, gainera, hamar milioi euroko diru laguntza onartu zuen obra hori egiteko, abenduan. Denera, 80 milioi euro da aurrekontua.
2+1eko konponbidearen alde egin du Nafarroako Gobernuak, baina Bortzirietako, Baztango, Malerrekako, Ultzamako, Uharteko eta protestekin bat egin duten gainerako herrietako alkateek ez dute uste neurri hori nahikoa denik. Berretsi dute “segurtasunaren alde ezinbertzekoa” dela salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzea. “Badakigu neurri magikorik ez dela existitzen eta ziur aski bat baino gehiago jarri beharko direla martxan dugun gaitza hutsean uzteko, baina behin eta berriz erranen dugu premiazkoa dela nazioarteko zama garraioa desbideratzea”, nabarmendu dute.
Berako bidea oztopatzean lelotzat hartutako esaldia hartu dute helburu nagusi: segurtasuna jo dute lehentasun, alegia. Horregatik, argi utzi dute ez dutela onartuko “interes ekonomikoak” jartzea inguruko bizilagunen segurtasunaren gainetik. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek auzi horri buruz zer iritzi duen ere jakin nahi dute, eta bilera bat eskatu diote asteon, N-121-A errepideari buruz hitz egin ahal izateko.
ANET da Nafarroako garraio enpresen erakundea, eta elkarteko idazkari nagusi Ignacio Orradrek ez du ontzat jo kamioiak N-121-A errepidetik atera behar izatea. “Hori da kamioientzako bide naturala, eta horren alde egin nahi dugu”. Gero eta gehiago dira N-121-A errepidea erabiltzen dutenak, eta horrek, trafikoa zaildu ez ezik, izan du bertze ondoriorik: hamaika gasolindegi ireki dituzte errepide horren bazterretan. Herritarrek eta alkateek argi dute: segurtasuna nahi dute. Hori dute lehentasun.
Irudiak: Iñigo Uriz / Foku