Uxue Rey Gorraiz
Bestela bezala hasi zen antzerkigintzan Esther Carrizo (1964, Donostia). Beran bizi da, eta han eta hemen aritu da lanean: bide luzea du egina dagoeneko. Besteak beste, clown saioak eta ikastaroak egiten ditu, hiru hizkuntzatan beti: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Nola hasi zinen antzerkigintzan?
24 urte bete nituen arte ez nuen inolako kontakturik antzerkiarekin, baina Ramon Albistur ezagutu nuen orduan, eta hari esker sartu nintzen interpretazioaren munduan. Jostuna nintzen garai hartan, eta emanaldietarako jantziak egiten nizkien hasieran. Ondotik, atrezzoan lagundu nuen, eta, azkenean, administrazio lanean ere jardun nintzen han, garai hartako Bai antzerki elkartean.
Nola egin zenuen salto oholtza gainera?
Oharkabean gertatu zen, kasualitatez nolabait. Hagitz beldurtia nintzen, eta anitz miresten nituen aktoreak, baina sekula ez nuen pentsatu ni horretan aritu nintekeenik. Semea txikia zela, haur eskolako amek antzezlan bat prestatu nahi izan genuen gure seme-alabentzat. Ni ez nintzen aktore modura aritzekoa, baina, azken momentuan, ametako batek huts egin, eta nik bete behar izan nuen haren rola. Anitz gustatu zitzaidan, eta hasieran beldurra zena gogo bihurtu zen gero.
Oharkabean hasi zena afizio eta ofizio bihurtu zen azkenean, beraz?
Bai. Nire formakuntzari ekin nion gero, eta, nirekin lanean aritu den jendearekin batera, gauza eder anitz egin eta abiarazi ditugu urteotan: emanaldiak eta ikastaroak. Oso prozesu ederra izan da hasieratik, baina oso gogorra anitzetan. Urte zailak ere izan ditugu.
Zer-nolako zailtasunak izan dituzue?
Kultura oso arlo zaila da, eta antzerkiaren mundu profesionalaz erabat nazkatuta izan nintzen denbora batez. Erabat urrundu nahi izan nuen. Zubi guztiak moztu nituen, eta konpainia bera ere itxi egin genuen.
Uhartean eskola ibiltaria sortu zenuten gero, ordea, 2001ean. Zerk piztu zizun berriz motibazioa?
Antzoki bat ireki zuten Beran, eta udala gurekin jarri zen harremanetan proposamen bat egiteko. Espazioa uzteko prest agertu ziren, antzezlanak prestatu eta emanaldiak entseatzeko; trukean, antzerki tailerrak antolatu genituen herrian. Eta halaxe sortu genuen Uhartean adierazpen eta clown-antzerki eskola ibiltaria. Izan ere, bi adar sendotu nahi izan ditugu hasiera-hasieratik: antzerki eskolak eta clown ikastaroak.
Zer da clowna?
Izaki kontziente bat da, bizitza sakonki bizi duen norbait. Guk lantzen dugun moduan behintzat, clowna ez dator irria eragiteko bakarrik. Bere bizitza gurekin partekatzera dator, emozio mordoarekin, eta zuzenean hitz egiten digu. Guk ohitura dugu bertzeek ikustea nahi ez duguna gorde eta ezkutatzeko. Clownak, ordea, ez, bera egiatan aritzen baita beti. Denek dugu bat barrenean.
Zer egin behar dugu aurkitzeko?
Konfiantza lortu beharra dago lehenbizi, eta, horretarako, taldea eratzea da garrantzitsuena. Ezinbertzekoa da, taldekideek ematen dizutelako behar den babesa eta indarra. Bestalde, gorputzarekin bat egin behar da. Nork bere gorputza onartu behar du, eta jostatu. Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara.
Zer asmorekin joaten da jendea clown tailerretara?
Denetarik izaten dugu. Badira beren bizitza profesionalean erabilgarri zaielako etortzen direnak, baina bertze batzuek ez dute halako asmorik, eta ongi pasatzea dute helburu bakarra. Bertze batzuk terapeutikoa izan daitekeelako datoz tailerretara. Nik beti errepikatzen diet ez naizela terapeuta, baina zalantzarik ez dut oso modu ederra dela gizartean edo gure baitan gertatzen dena mahai gainean jartzeko, ondotik nork bere bidea egiteko.
Heriotzaren gaia lantzen ari zarete aurten. Zergatik erabaki zenuen gai hori jorratzea?
Joan den urtean antzezlan berri bat muntatu genuen: En tránsito, perdonen las molestias. Nire aitaren heriotzatik abiatuta idatzi nuen gidoia, adiskide batek lagunduta. Nire dolu prozesurako oso garrantzitsua izan da, lagungarri. Zenbait emanaldi egin genituen, eta seguru nengoen interesgarria izanen zela clown tailerretan lantzea.
Nola uztartzen duzue heriotza clowngintzarekin?
Normalean zeharka begiratzen diogu heriotzari, eta aurrez aurre begiratu behar diogu. Clownak du hitza tailerretan, eta barrenekoak ateratzen laguntzen du. Joan den saioan, esaterako, bizipoza zer den landu dugu, zer den bizitza gozatzea. Bertze batean, galdera bat egin nien ariketa abiarazteko; galdetu nien zer eginen luketen gaurko eguna beren bizitzetako azkena dela jakinen balute. Gauza oso ederrak sortzen dira.
Beran prestatutako Harritik hazia antzezlanean emakumeen historia izan zenuten hizpide. Zer asmoz?
Bigarren Errepublikatik gaur egunera arte gure inguruetako herrietan gertatutakoa kontatzea zen asmoa, lehenbizi. Ordea, testigantzak biltzen hasi, eta ohartu ginen ez zegoela emakume ahotsik. Hori ikusita, pare bat lortu genituen, ahal bezala, eta antzezlanaren helburua aldatu genuen: gai nagusiak emakumeen historia behar zuen izan; hobeki esanda, kontatu behar genuen nola ez zaigun sekula emakumeen historia kontatu.
Nola erantzun zuen jendeak?
Sekulako arrakasta izan zuen. Hiru emanaldi eskaini genituen, eta ikusi zutenak oso kontent atera ziren. Anitz disfrutatu zutela zioten, eta, batez ere, oso beharrezkoa dela hori kontatzea.
Antzezlan horretatik abiatuta sortu zen Emakumeen Memoriaren Baratzea. Beharrezko ikusi zenuten jarraipena izatea?
Ate bat ireki zen antzezlanarekin, baina beti oinarekin traba egin behar izaten dugu ateak itxi ez daitezen. Feminismoan hori gertatzen da. Ez da aski atea ireki eta bertze aldean dagoena zer polita zen ikustearekin, edozein haize korrontek atea kolpe batez itxi dezakeelako berriz. Horretarako sortu genuen baratzea Arantzan, horretara ez mugatzeko.
Uzta emankorra izaten ari da baratzea?
Bai, bi zentzutan eman ditu fruituak, gainera. Alde batetik, lurra oso emankorra izan da orain arte, eta jasotzen diren fruitu eta barazkiak eskolara eta zahar etxera eramaten ditugu. Bertzetik, lortu dugu emakumeentzako lan bat egitea. Dena dela, geuri ere, emakumeoi, kosta egiten zaigu sinestea gure historiak nonbait idatzita behar duela egon. Gure historia txikia dela uste dugu, eta merezi duen garrantzia eman behar diogu. Jakina, gizonena da letra larriz idatzita dagoena.
Zein dira eman beharreko pausoak?
Anitz dira, baina nik, pertsonalki, asko maite dut ekofeminismoaren diskurtsoa. Hagitz beharrezkoa iruditzen zait.