Edurne Elizondo
Aitzindaria, ausarta, abangoardista”. Roldan Jimeno Aranguren historialariarenak dira hitzak, Jose Maria Jimeno Jurio bere aita zenari buruz erranak. Zehazki, Artaxoako historialari eta etnografoak memoria historikoaren esparruan egindako lana nabarmendu nahi izan zuen Jimeno Arangurenek, otsail amaieran, aitaren ikerketak oinarri hartuta argitaratutako azken lana aurkezteko Nafarroako Jauregian egindako ekinaldian.
Represión en Navarra, 1936-1939. Trabajo de campo y archivo (finales de 1974-principios de 1981) izenburuko obra argitaratu du Pamielak, zehazki, Udalbiderekin eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera.
Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du, Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren bitartez, eta konpromisoa hartu du lana osatzen duten bi liburukiak herrialdeko liburutegi publiko guztietan eskuragarri jartzeko.
Departamentu horren barruko Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio zentroan, gainera, Jose Maria Jimeno Juriok herriz herri egindako ikerketari buruzko fitxak digitalizatu dituzte, herritarrek eta ikerlariek erabil ditzaten.
Plazara espazioan jendaurrean aurkeztu behar zituzten Jimeno Jurioren azken bi lanok, joan den astean, baina ekinaldia bertan behera utzi zuten, koronabirusari aurre egiteko neurrien eraginez. “Pena da”, onartu du Jimeno Arangurenek. Izanen da, halere, bertze aukerarik, Artaxoako ikerlariaren lanak herritarrentzat erabilgarria delako baitu balio erantsia. Hau da, herritarren esku du lan horrek bere zentzu osoa.
Jimeno Juriok 1974. urtean hasitako lana bada emankorra oraindik ere: “Azken urteotan, 1936an fusilatutakoen gorpuak lurretik ateratzeko lanetan ere erabili izan dituzte aitak jasotako informazioak”, erran du Jimeno Arangurenek.
Orain bereziki preziatuak dira Jimeno Juriok jasotako informazio, datu eta testigantza guztiak, ikerlariak elkarrizketatutako herritar gehienak hilik baitira jada. Haien memoria, beraz, artaxoarraren fitxetan eta testuetan gelditu da, betirako. Herritarren ahotsa jaso zuen ikerlariak, eta artxiboz artxibo ere ibili zen, datu bila.
Fitxa eta testu horiek izan dituzte oinarri Jimeno Jurioren ondotik memoria historikoa jorratu duten ikerlari guztiek, Jimeno Jurio lanean hasi zenean bertze inor ez baitzen errepresioaren auzia lantzen ari Espainiako Estatuan.
Herritarren kontakizuna
Jimeno Jurio 1974. urtean hasi zen ikertzen 1936. urteko altxamendu militarra gertatu eta geroko errepresioa eta garbiketa politikoa. 1981. urtera arte aritu zen, herriz herri, biktimen senideekin eta lagunekin hitz egiten, herritarren kontakizuna jasotzen. Idazmakina erabili zuen jasotako datu horiek guztiak antolatzeko eta sailkatzeko. Gaika sailkatu zituela gogoratu du Jimeno Jurioren semeak, hain zuzen ere, ikerlariaren asmoa zelako egindako lana baliatzea errepresioaren inguruko bi liburu osatzeko.
Nafarroan gertatutakoa jaso nahi zuen liburu horietako batean, eta bigarrenean, berriz, zehazki Sartagudako kasuan jazotakoa. Lan hori egin gabe utzi behar izan zuen, ordea: heriotza mehatxuak jaso zituen.
Orain Pamielak argitaratutako lanak, beraz, bete egin du, nolabait, Jimeno Jurioren desioa. Proiektuko lehendabiziko bi liburukiak dira orain aurkeztu dituztenak, baina editoreak bertze hiru prestatzen ari dira jada.
Lehendabiziko bi liburuotan Jimeno Juriok egindako fitxak jaso dituzte, zehazki. Jimeno Juriok gaika antolatu zituen bere fitxak, baina Jimeno Arangurenek eta Pamielako David Mariezkurrenak prestatutako edizioan nahiago izan dute informazioa herrika antolatu. Lehen liburuan, beraz, Ablitas eta Martzilla arteko herrietako fitxak jaso dituzte; bigarrenean berriz, Melida eta Ziordia artekoak.
Denera 90 herritako 3.566 fitxa osatu zituen Jimeno Juriok. Haietako batzuetan egilearen zalantzak ere gelditzen dira agerian, bi iturrik emandako bi bertsio kontrajarri jasotzen baitituzte, adibidez. Editoreek “bere horretan” utzi nahi izan dituzte, argi uzteko liburuak jaso duela ikerketa egindako garaiko ezagutza eta informazioa. Ikertzeko zailtasunak ugariak ziren, garai hartan, eta hori ere islatzen du oraingo lanak.
Prestatzen ari diren bertze hiru liburuetan Jimeno Juriok egindako elkarrizketak jasoko dituzte proiektuaren arduradunek, hain zuzen ere. Elkarrizketa horiek zuzenean argitaratuko dituzte, ikerlariak bere garaian jaso zituen bezala.
“Material hori guztia memoria historikoa jorratzen jarraitzeko tresna da oraindik ere”, nabarmendu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Roldan Jimeno Arangurenek proiektuan izan duen parte hartzea nabarmendu du. “Bere asmoaren berri eman zigunean, gobernuak argi izan zuen babestu behar zuela; ez genuen inolako zalantzarik izan”. Ollok Jimeno Jurioren familiaren “eskuzabaltasuna” eskertu du, Nafarroako Memoriaren Institutuaren esku uzteagatik ikerlariak egindako lana.
Ikerlariaren lan osoa
Jose Maria Jimeno Jurioren obra zabaltzea da Artaxoako ikerlariaren familiaren helburua, hain zuzen ere. Orain argitaratutako bi liburuak proiektu handiago baten barruan plazaratu dituzte: Jimeno Jurioren lan osoa argitaratzeko proiektuaren barruan, alegia. Azken bi liburukiak kontuan hartuta, Pamielak 56 lan plazaratu ditu jada, argitaletxeko kide David Mariezkurrenak nabarmendu duenez.
Goiko irudia: Luis Azanza