“Gure diskurtso propioak eraikitzeko beharra dugu”

“Gure diskurtso propioak eraikitzeko beharra dugu”

Edurne Elizondo

Duela urtebete luze ailegatu zen Zarys Falcon Kolonbiatik Iruñera (El Carmen de Bolivar, 1976). Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kide da, bai eta Katanga Dub taldeko abeslaria ere. Erruz zabaldu da sareetan Martxoaren 8an Iruñeko Gazteluko plazan egin zuten kontzertua.

Nolakoa izan da zuretzat Martxoaren 8ko emakumeen besarkadaren esperientzia?

Indarrez betetako egun bat izan zen niretzat. Zaila da hitzez azaltzea sentitu nuen guztia. Ekinaldi zoragarria izan da, garrantzi handikoa. Hainbertze emakume elkarrekin dantzan, gure ahotsaren eta gure musikaren erritmoan! Ikaragarria izan zen.

Edukiz betetako dantza da zuena.

Nire aspaldiko asmoa da oholtza gainean eta diskurtso batean jasotzea egunerokoan mugiarazten nauten indarrak. Tradizioa ere bai, ezin baitut bazter utzi gatazka armatuko testuinguru batetik natorrela: ez bakarrik Kolonbiatik natorrelako, baita ni bizi nintzen eremua, Los Montes de Maria, bereziki ukitzen zuelako ere gatazka horrek. Ez da eskualde hagitz handia, eta 67 sarraski gertatu dira han.

Nola eragin dizu gatazka horren erdian egoteak?

Gatazka armatuaren zuzeneko lekuko izan naiz; senideak galdu ditut terrorezko testuinguru horretan; iluntasun handiko momentuak izan ditut, eta nire erabakia izan da pozaren aldeko apustua egitea: gogoratu nahi izan dut zerk bultzatzen nauen zutik jarraitzera eta aurrera egitera. Diskurtso hori da gure lanean dagoena: erresistentzia eta eraldatzeko indarrak funtsezkoak dira, eta gorputza zeharkatzen dute. Zauriak ukitu eta sendatzen dituen pozaren energia horrek zeharkatzen ditu gorputzak. Eta hori ikusi nuen Martxoaren 8an, Iruñean.

Erresistentzia?

Erresistitzeko gure moduak eta gure herentzia partekatu genituen Martxoaren 8an plazan bat egin zuten emakume guztiekin. Emakume migratzaile eta arrazializatuak gara, eta gu izan ginen denak batu zituen besarkada horren gidari. Testuinguru ezberdinetako emakume anitzek egin zuten bat egun hartan, eta denok batera mugitu ginen; borroka bereko ahizpa bilakatu ginen, finean. Horrek izugarri poztu ninduen.

Errealitate eta testuinguru ezberdinez harago, badira loturak eta kode komunak?

Bai. Hemen ere, gainera, Nafarroan eta, oro har, Euskal Herrian, zauriak sendatzen ari dira emakumeak oraindik ere. Zauriak ez dira berdinak, baina neurri batean badute antza; terrorea, gatazka dago atzean, eta emakumeen gorputzak zeharkatzen ditu bortxaketen eta torturen bidez.

Gorputza jarri duzu erdigunean; gorputza borrokarako esparru bat da?

Gorputzaren askatasuna eta ahalduntzea aldarrikatu nahi ditugu. Gu gara geure buruaren eta gure gorputzaren jabe, eta inork ezin du zehaztu nik nola mugitu behar dudan. Egia da dantza afrolatino anitz sexualizatuta daudela, edo exotikotzat hartzen dituztela. Baina bertzelakoa da errealitatea. Dantza aldarrikatzeko tresna bat da, eta egiten ditugun mugimenduak gure aurreko emakumeek sortu zituzten. Gakoa ez da nola dantzatzen garen, baizik eta zertarako, hau da, mugitzen garenean zer erraten dugun. Mugimenduak duen indarra aldarrikatzen dugu, zauriak sendatzeko, borroka egiteko, errateko, geure burua irudikatzeko.

Feministen artean badira besta eta aldarrikapena lotzea nahi ez dutenak. Zer deritzozu?

Gauzak ez dira beltz edo zuri. Gris anitz dago, eta gris horien artean saiatu behar dugu lotzen gaituzten puntuak aurkitzen. Euskal Herrira ailegatu nintzenean, eta mugimendu feminista ezagutu nuenean, ohartu nintzen hemengo feminismoak gogoetarako zaletasun handia zuela, hagitz akademikoa zela. Txantxa moduan erraten nuen doktoretza egin beharko nuela hemen feminista izateko! Ulertzen dut besta bakarrik ikusten dutenen kritika, bestak bakarrik ez baitu balio. Baina nik aldarrikatzen ditut zertarako mugitzen diren argi duten gorputzak; zerk mugitzen dituen argi duten gorputzak. Besta giroko iraultza batean sinesten dut, zergatik mugitzen diren ongi dakiten gorputzetan sinesten dudalako. Dantza egin behar dutela erraten dutenekin egiten dut bat, bai eta besta kontu huts bat ez dela erraten dutenekin ere. Bi jarrera horiek arazorik gabe elkartzen ahal dira.

Euskal Herrira ailegatu zineneko unea aipatu duzu. Zerk ekarri zaitu Iruñera?

Duela urtebete eta hiru hilabete ailegatu nintzen. Josu Marti ezagutu nuelako etorri nintzen, bera da nire kide Katanga Dub taldean. Kolonbiara joan zen hango hotsen eta emakume abeslarien eta artisten inguruko ikerketa egitera, gatazka armatuaren testuinguruan. Elkar ezagutu genuen, hitz egin genuen, eta musika egin genuen elkarrekin. Euskal Herrira gonbidatu ninduen, hiru hilabetez, hainbat kontzertu ematera, eta hemen jarraitzen dut.

Kontent zara, beraz?

Bai. Hemen bizitza hobe baten alde migratzea erabaki duten bertze emakume anitzekin egin dut topo. Erronka anitzi egin behar diete aurre, eta lanik prekarioenak egin behar izaten dituzte, gehienetan. Ni ere banago prekaritate horren barruan. Eta abiapuntu horretatik, guk argi erran nahi dugu badugula zer eman, aniztasunez. Aberastasun handia dugu partekatzeko.

Feminismo hegemonikoak bazter utzi ditu emakume migratzaile eta arrazializatuak?

Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kide naiz. Sare horrek auzitan jarri izan du feminismo hegemonikoaren diskurtsoa. Uste dut oraindik lan handia dagoela egiteko, baina egia da Nafarroan gertatu denak ez duela zer ikustekorik Bilboko edo Gasteizko errealitatearekin.

Martxoaren 8ko emakumeen besarkada egin izanaz ari zara?

Bai. Martxoaren 8ko koordinakundeak harrera hagitz ona egin zion gure proposamenari. Guk argi utzi nahi genuen gure diskurtso propioak eratzeko beharra dugula. Hori oraindik ez dugu lortu, baina hasi dugu bide bat, eta Nafarroan mugimendu feminista guri harrera egiteko prest da. Horrek ez du erran nahi, noski, jada geure burua ordezkatuta sentitzen dugunik. Feminismo hegemonikoak ikasi behar du pribilegioak deseraikitzen. Ez da erraza, baina urratsez urrats egin behar dugu.

Emakumeen besarkada egun bakarreko kontu ez bilakatzea da helburua?

Hori da. Beldur ginen gure parte hartzeak atzean duen diskurtsoa bazter geldituko ote zen. Dantza egiten zuen talde bat ikusiko ote zuten bakarrik. Baina ez zen hori gertatu. Dantza eta diskurtsoa jarri genituen mahai gainean, eta erantzuna hagitz ona izan zen. Benetako besarkada bat izan zen.

Eta orain zer?

Disko bat prestatzen ari gara; udan plazaratu nahi dugu. Hilaren 27an, berriz, kontzertua emanen dugu Interneten bidez, arrazakeriaren aurka egiteko.

Irudia: David Sanchez