Uxue Rey Gorraiz
Nafarroan zortzi mila ijito inguru bizi dira, gaur egun. 2019. urteko hasieran, Nafarroako Gobernuak Ijito Herriaren Garapenerako Estrategia onartu zuen, hainbat esparrutan jasaten dituzten bazterketa egoeretan neurri zehatzak martxan jartzeko asmoz. Flor Hernandez (Zarrakaztelu, 1976) emakumea da, ijitoa, eta, gainera, landa eremuan bizi da. Hezkuntzako eta osasuneko sustatzailea da Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioan.
Zer ospatzen duzue apirilaren 8an?
Munduari ijito herria existitzen dela oroitarazteko eguna da, eta baliatzen dugu gure komunitatearen batasuna, eta, aldi berean, taldean dugun aniztasuna erakusteko. Bestalde, aldarrikapenak egiten ditugu, gizarte osoaren elkartasuna erdiestea helburu baitugu.
Zer duzue aurreikusia aurtengo aldirako?
Ezinbestean, aurtengo eguna desberdina izanen da. Normalean, Ibaiaren Zeremonia izaten da eguneko ekintza nagusia. Parte hartzaileek lore hostoak botatzen dituzte uretara, eta kandelak jartzen dituzte ibaiertzetan, arbasoen omenez. Holokausto nazian hil zituzten ijitoei eskainia da, batik bat. Aurten, formatu berri baten bila ari gara, eguna etxetik edo sare sozialen bidez ospatu ahal izateko.
Zer egoeratan bizi da gaur egun ijito herria?
Ijito herria biztanleriaren sektorerik zaurgarrienetako bat da. Oro har, sistemak zokoratuak bizi gara, eta gure komunitateak pairatzen ditu gaitzespen eta diskriminazio tasarik handienak. Zenbait ikerketak agerian utzi dute hori, eta Europako Parlamentuak ere baieztatu du, kasurako.
Diskriminazioari kontra egiteko estrategia bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak iaz. Hobera egin du egoerak ordutik?
Bide orri ona da hasteko. Behingoz neurri politiko konkretuak martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten instituzioek, eta hainbat esparrutan aplikatu ahal izateko diseinatu zen estrategia, hala nola hezkuntzan eta osasunean. Dokumentua oso begi onez ikusten dugu, baina zaila da oraindik ere ondorio zuzenak nabaritzea; are zailagoa, egungoa bezalako larrialdi egoera batean.
Zer gertatzen ari da orain?
Lehendik ere ijito komunitatea zaurgarria baldin bazen, are zigortuagoa da orain. Ikusten ari gara: egun batetik bestera dena aldatzen da goitik behera, izan Madrilgo gobernuak emandako agindu batengatik edo beste zerbaitengatik. Asko zailtzen du osasun eta hezkuntza sustatzaileen lana; batez ere, ezinezkoa izaten ari delako paperean jasoak dauden neurriak praktikan jartzea.
Orokorrean, ari dira urteekin gauzak aldatzen?
Politikoki orain dela urte batzuk baino babes handiagoa dugula sumatzen dugu, baina ijitoei betoa jartzen zaigu oraindik ere egoera askotan; adibidez, lanpostu baterako aukeratuak izateko. Berdin da zure ikasketa maila zenbatekoa den, zure itxurarengatik edo abizenarengatik ijito gisa identifikatu orduko, beste hautagaiek, payo-ek, aurrea hartzen dizute. Gauza bera gertatzen da etxebizitza bat lortzeko garaian ere.
Sistematikoa da ijitoen kontrako arrazakeria?
Ez naiz ausartzen sistematikoa den ala ez esatera, baina ukaezina da sistema payo-ak edozein aukera txiki aprobetxatzen duela ijito herriaren kontra egiteko. Homogeneoa den kolektibo baten gisan irudikatzen gaituztelako gertatzen da hori. Ijito batek jokabide desegoki bat duen aldi oro, ijito herri osoa zipriztintzen da, eta kolektibo osoa uzten du lokaztua. Hau da, azken finean, zigorra ez du jasaten gaizki jokatu duen pertsonak bakarrik. Hori payo-ei ez zaie inoiz gertatzen.
Gizarte payo-ak, gainera, estereotipo mordoa egozten dizkio ijito herriari.
Bai, eta denek ezagutzen ditugu estereotipo horiek. Errealitateak ez du bat egiten horiekin. Adibidez, ijito askok eta askok dituzte ikasketak eta payo-en bizimodu berberak dituzte, baina kasu horiek ez dira aipatu ere egiten. Horiek ikusezin bihurtzen dira, eta jendeak alde negatiboei baizik ez die erreparatzen.
Zein dira emakume ijitoek jasaten dituzten aurreiritziak?
Jendeak uste du emakume ijito guztien nahia dela ezkontzea, haurrak izatea eta etxean gelditzea, eta hori, jakina, ez da egia. Komunitate payo-an gertatzen den bezalaxe, batzuen desioa horixe izanen da, baina beste askorena ez. Gu ere askotarikoak gara, denak ez gara molde berean eginak, ez gara norabide berean mugitzen.
Matxismoaren eta arrazakeriaren biktima zarete aldi berean?
Bai, emakume ijito izateagatik diskriminazio bikoitza sufritzen dugula agerikoa da. Nire esperientziak erakutsi dit bi ezaugarri horiek posizio zehatz batean kokatzen gaituztela, segituan, baina beti ordena berean. Esanen nuke lehendabizi ijito gisa identifikatzen gaituztela, eta, gero, emakume gisa. Bi horiek beti betetzen dira, baina besterik ere badago: ni bezala, landa eremuan bizi garenak are gehiago baztertzen gaituzte. Diskriminazio hirukoitz baten biktima garela esanen nuke.
Zer eragiten du landa eremuan bizitzeak?
Egunerokoa asko zailtzen da herri txikietan edo hiriburutik urrun bizi zarenean. Ez zaigu ijitoei bakarrik gertatzen, baina gure kasuan are larriagoa da arazoa. Izan ere, esaterako, gertatzen da ikasketekin jarraitu nahi duenak kilometro mordoa egin behar duela errepidean, edo ijito familia askok ez dutela ahalmen ekonomikorik izaten.
Zer pauso eman behar dira egoerak hobera egin dezan lortzeko?
Ezinbestekoa da garen bezalakoak ikus gaitzatela; denek, instituzioek zein herritarrek. Pertsona izugarri zaurgarriak gara, sistemak urtetan astinduak. Hori da lehenbiziko urratsa. Dena dela, nahiko positiboa naiz. Iruditzen zait jendeak gero eta kontzientzia handiagoa duela, eta oraindik egunero ikusten ditudan diskriminazio egoerek, etsitzeko bainoago, motibatzeko balio didate, hain zuzen.
Zer-nolako rola betetzen du hezkuntzak aurrera begira egin beharreko bide horretan?
Tresna izugarri boteretsua da hezkuntza jendartean aldaketak eragiteko, eta, hain zuzen ere, esparru horretan ditugu erronkarik handienetakoak. Urtetan ijito familiek oso urrun sentitu dituzte ikastetxeak. Gainera, ijito komunitateak hogeita hamar urte inguru bakarrik daramatza hezkuntza sisteman txertaturik, eta, beraz, arrakala handia da.
Hezkuntzaren esparruko sustatzaileok lan handia egiten dugu bi aldeen arteko hurbiltasuna bizkortzeko eta sendotzeko, sinetsita baikaude hori dela diskriminazioa bukatzeko giltza nagusietako bat.