Edurne Elizondo
Konfinamendua hasi aurreko batzuen eta bertzeen egoerak markatu du batzuen eta bertzeen itxialdia nolakoa den; herritar anitzentzat, bakarraldiak ekarri du aurretik zaila zen egunerokoa gehiago zailtzea. Gizakia Helburu fundazioak droga mendekotasunen bat dutenak artatzen ditu, eta haiei so egiteko beharra nabarmendu du erakunde horrek, bereziki egunotan.
Fundazioko kideen eguneroko lanari ere eragin dio koronabirusaren pandemiak sortutako alarma egoerak, baina, hala eta guztiz ere, lortu dute kudeatzen dituzten hiru programei eustea. Programa horiek helburu dute mendekotasunei aurre egitea, bai eta herritarrak konfinamenduaren mende diren garaiotan ere.
Fundazioak komunitate terapeutikoa du, Lizarran, batetik. “Laguntza gehien behar dutenentzako programa da hori”, azaldu du Gizakia Helburu erakundeko kide Kristina Illescasek. 35 pertsona artatzen dituzte, egun, programa horren bidez. Illescasek, bertzetik, Aldatu programa zuzentzen du, eta, horretan, astean behin edo bitan artatzen dituzte erabiltzaileak, zentroan gelditu gabe. 150 pertsona inguruk parte hartzen dute programa horretan. Suspertu izenekoan, berriz, prebentzio lana egiten dute fundazioko kideek, arriskuan egon daitezkeen nerabeekin. Programa horretan 41 gazte eta haien familiak artatzen dituzte.
“Alarma egoera ezarri zutenetik, lehen aurrez aurre egiten genituen lanak orain telefonoz edo Internet bidez egin behar izaten ditugu”, kontatu du Illescasek. Hau da, Suspertu eta Aldatu programetako erabiltzaileak ez dituzte fundazioak Iruñean duen egoitzan hartzen orain. Lizarrako komunitate terapeutikoaren egoera bertzelakoa da. “Lizarran, bertan behera utzi behar izan ditugu asteburuko irteerak eta bisitak, erabiltzaileen osasuna bermatze aldera”. Erabiltzaileok, beraz, zentroan ari dira betetzen beren konfinamendua.
Neurriak, martxan
“Ez da erraza; batzuek seme-alabak dituzte, eta egunotan ezin dituzte ikusi ere egin. Telefono bidezkoa da duten harremana”, azaldu du Illescasek. Segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte zentroan, erantsi duenez, eta nabarmendu du oraingoz ez dela inor gaixotu. “Segurtasun distantziari eusteko markak margotu ditugu lurrean, adibidez, eta bazkaltzeko eta afaltzeko txandak antolatu ditugu. Terapeutek ere ohi baino lanaldi luzeagoak egiten dituzte, ahalik eta jende gutxien joateko. Finean, gu gara erabiltzaileak kutsa ditzaketenak”.
Lizarrako erabiltzaileen jarrera txalotu du Illescasek. “Egoera zaila izan arren, ongi moldatzen ari dira. Badakite egoerak denoi eragiten digula, eta ez dagoela beste aukerarik”.
Lizarrako erabiltzaileek Gizakia Helburu fundazioko profesionalak dituzte ondoan. Bertzelakoa da zentroan gelditu gabe artatzen dituzten erabiltzaileen egoera, eta horiekin du kezka handiena Illescasek. “Erabiltzaileok artatzen jarraitzen dugun arren, eskaintzen ahal dugun arreta ez da ohi bezain sakona”, onartu du. Egoerak baldintzatuta ari dira Gizakia Helburu fundazioko kideak lanean, finean.
Erabiltzaileek etxean duten egoerak ere markatzen du batzuen eta bertzeen sasoia, Illescasek erantsi duenez. “Argi dago itxialdiak denoi eragiten digula, eta, noski, are gehiago mendekotasun bati aurre egiten ari direnei. Etxean bakarrik diren pertsonentzat zailagoa izan daiteke egungo egoera; babes sarerik gabe, arriskua handiagoa da”, nabarmendu du.
Antsietatea, ezinegona, tristura, asperraldia… Anitz dira bakartzeak eragiten ahal dituen emozioak, eta, horiek kudeatzeko zailtasunak daudenean, arazoek okerrera egin dezakete, Illescasek erran duenez. Argi du kontsumitu nahi duenak kontsumituko duela. “Alarma egoeran egon arren, nahi duenak erosi eginen du”. Droga batzuk erostea ez da zaila, Illescasek aipatu duenez: “Alkoholaren salmentak gora egin du dendetan konfinamendua hasi zenetik”.
Orain gertatzen ari denaren ondorioak ez dira berehala agerian geldituko. Hori uste du Illescasek, eta, ondorioz, adi egoteko beharra nabarmendu du. Konfinamedua luzatzen bada, gainera, ekar ditzakeen ondorioak are larriagoak izan daitezkeela erantsi du.
Nerabeen egoerari ere so egin nahi izan dio, bereziki, Gizakia Helburu fundazioko kideak. “Lagunekin egoteko garaia dute oraingoa, baina gurasoekin egon behar dute etxean, halabeharrez. Ez da erraza”. Fundazioko erabiltzaileen artean, halere, anitzek konfinamendutik zer ikasi atera dutela erran du Illescasek: “Elkarrekin egon beste aukerarik ez dutenez, beren arteko harremana lantzeko urratsak egin dituzte, eta emaitza ona izan da”.
Gizakia Helburu fundazioak duela ia hiru hamarkada hasi zuen bere bidea, eta berrogei profesional ditu: medikuak, psikologoak, hezitzaileak eta pedagogoak ari dira lanean. Bakartze garaiotan ere bai.