Lur Albizu Etxetxipia
Gauza gutxi dakigu: akaso, atzean utzi dugun mundu hura ezagutzen dugu bakarrik, eta hori da errealitatearekiko dugun lotura bakarra. Memoria. Zer ginen eta nola bizi ginen gogoratzea. Dagoeneko hilabete luze daramagu etxean itxita, eta gure aurretik mundu oso bat pasatu dela ematen du. Ezer ez da berdina izanen: hobe dugu ahalik eta lasterren onartzea.
Hasteko, normal deitzen dugun egoerara bueltatzeko denbora falta zaigulako oraindik. Eta, jarraitzeko, hausnarketarako tartea eman beharko ligukeelako (batzuentzako) itxialdi derrigortu honek: beharbada normaltasun hori ez zen bizigarria. Beharbada aldatu beharko genuke. Beharbada pentsatu beharko genuke zer herritan bizi nahi dugun. Pentsatzeko tartea, izan, badugu. Aurretik ere ebidenteak izan zitezkeen kontuak are argiago ikusi ahal izan ditugu aste hauetan.
Adibidez, osasun publikoan inbertitzeak duen garrantzia ez dela txikia, ospitaleetako oheak ez direla zenbaki huts. Osasun publikoa ez dela bakarrik etxean geratzea: isolamenduak eta bakardade behartuak ere hiltzen gaituztela; eta, luzera, hankak mugitzera ezin ateratzeak ondorio larriak ekarriko dizkiela, adibidez, pertsona zahar dezenteri. Osasuna ez dela bakarrik gaixorik ez jartzea. Itxialdiak bestelako ondorioak ere ekarriko dizkigula.
Adibidez, zein garrantzitsuak diren oharkabean pasatzen zaizkigun (edo pasarazi dizkiguten) lanbide horiek: garbitzaileak, supermerkatuetako langileak, suhiltzaileak, udaletan lanean ibiltzen direnak, nekazariak, etxe ondoan duzun dendari hori. Haiek mugitzen dute gure ezinbesteko mundua, eta ez beste inork; traba guztien gainetik jarraitu dute lanean, babes neurri nahikorik gabe, jaiegunetan dendak ireki behar izanda, arriskuak hartuta… Eta hausnar dezakegu agian etxe ondoko denda hori inportantea dela guretzat, inportantea ez ezik, ezinbestekoa. Zaintzen gaituztenak zaintzeko betebeharra dugula, eta mundua sustengatzeko ezinbestekoak diren pertsona horiek ezagutzen ditugula eta ondoan bizi direla. Ez dutela supermerkatu izenik (auzo eta herri-merkatuen antz handiagoa dutela, denda txikiena, zuzenean saltzen duten ekoizleena).
Adibidez, pentsatu beharko genuke zergatik bilakatzen den hain erraz osasun-langileentzat zen txaloa poliziarentzat txalo ere; zenbat garbiketa-operazio dauden martxan. Bizilagunak beti poliziaren gainetik jarri nahi ditugunok kontraofentsibari ekin beharko diogu. Pentsatu beharko genuke zenbat beldur geratuko zaizkigun iltzatuta, nola sendatuko ditugun kalera kezkaz atera ondoren sortutakoak.
Ez da beste ezer berriz berdina izanen. Komunitatean ekin beharko diogu honi; mundua aldatu nahi dugunok bizitzeko beste modu batzuk jarri beharko ditugu mahai gainean; elkar babesteko guneak, momentuak, ohiturak hartu beharko ditugu; kalera atera, berriz, beste modu batean igual, berriz betetzen ditugun arte: asko galdu dugu honen guztiaren aurretik ere. Komunitatea, emantzipazioa, burujabetza behar ditugu arnasteko eta bizitza hobeak eraikitzeko.