Uxue Rey Gorraiz
Zaharrak dira koronabirusaren eraginez hil diren gehien-gehienak. Hainbatek salatu dute, ordea, lehentasuna ematetik urrun, bigarren mailako gaixotzat hartzen dituztela. Oneka Emakume Pentsiodunen Elkarteko kidea da Ana Sarobe (Arantza, 1948), eta uste du urteetan egindako akatsak azaleratu dituela krisiak.
Nola bizi duzue koronabirusaren krisia adinekoek?
Argi dago, orokorrean, birusaren mehatxua handiagoa dela guretzat. Adituek hala diote: adinean gora goaz, eta horrek arrisku taldean kokatzen gaitu. Gainera, jendea beldurtzen ari da datuak ikusita, bistan baita adintsuak direla gehienak hildakoen artean.
Krisia hasi zenetik, maiz izan dira adinekoak mintzagai. Besteak beste, entzun izan da adin batetik gorakoak ez dituztela ZIUan sartuko. Zer iritzi duzu?
Ulertezina iruditzen zait. Adinak ezin du definitu norbaitek ospitalera joateko eskubidea duen ala ez. Edozein pertsonari bermatu beharko litzaioke behar bezalako arreta jasotzeko eskubidea, adinean mugarik jarri gabe, baina ez dago baliabide nahikorik, eta, horrelakoetan, ematen du adinekoak sobran gaudela.
Uste duzu osasun sistemak gutxietsi egiten zaituztela?
Askotan hala iruditzen zait, eta lotsagarria da. Ezagun bati osasun etxe batera lagundu behar izan nion behin, eta beste batek zentro jakin batera joateko gomendioa egin zidan, argudiatuta zentro horretan “zaharra izan arren” oso ongi tratatuko zutela. Baldintza guztietan izan beharko luke horrela!
Zer deritzozu zahar etxeetan gertatzen ari denari?
Oso egoera zailean daude zahar etxeetan bizi diren asko. Adinekoak dira ia denak, noski, eta horien artean, gainera, emakumeak dira gehienak, gehiago bizi omen garelako. Azken finean, denak elkarren ondoan bizi direnez, arrisku handiagoa dute edozein gaitz harrapatzeko. Badakit bisitak debekatu dituztela hori eragozteko, baina ez dakit hori neurri egokia den.
Bermatu beharko litzateke bisitak jasotzeko eskubidea?
Egoitzetan bizi direnentzat, familiakoen edo lagunen bisitak pizgarriak izaten dira askotan, eta inor ikusi ezinik egoteak asko zailtzen du positibo izatea itxialdiak iraun bitartean. Horregatik uste dut komenigarriagoa litzatekeela, galarazi ordez, bisitei eustea, behar adina segurtasun neurri eskatuta, jakina. Uste dut badagoela modua arduratsuak izan eta pertsona horiek maite dituztenekin harremanetan jarraitzea ahalbidetzeko. Bestela, bakarrik egonda, are gogorragoa da guztia psikologikoki.
Uste duzu aldatu dela heriotzaren inguruko ikuspegia adinekoengan?
Hein batean, uste dut baietz. Ikusita gaur egun zer baldintzatan egin behar diren hil ondoko ekitaldiak, edo, hobeki esanda, nola gauza gehienak ezin diren egin segurtasuna dela eta. Baina okerrena ez da hori: gogorrena da badakigula jende asko bakarrik ari dela hiltzen, inor ondoan ez duela. Hori oso tristea da, eta beldur hori buruan dute askok.
Oro har, esanen zenuke itxialdia gogorragoa dela adinekoentzat?
Baliteke, baina uste dut jakin dugula egoera berri honetara moldatzen. Lehenago hainbeste egiten ez genituen gauzak egiteko ere ari gara aprobetxatzen. Esaterako, inoiz baino gehiago hitz egiten dugu telefonoz. Gainera, buruan izan behar ditugu itxialdia guk baino baldintza okerragoetan bizi dutenak ere.
Nortaz ari zara?
Adibidez, preso daudenak, eta zer esanik ez espetxeetan gaixorik dauden horiek. Bestalde, gure etxeak nolakoak diren, eta zenbat bizi garen elkarrekin, horrek ere baldintzatzen du konfinamendua. Badira gela txiki bakar batean bizi behar duten familia handiak, edo etxean tratu txarrak jasaten ari diren emakumeak ere bai. Gu baino okerrago bizi dira horiek guztiak, eta ezin gara horiez ahaztu.
Hainbat herri eta auzotan zaintza sare solidarioak sortu dituzte, batik bat adinekoei laguntzeko. Zer iruditzen zaizkizu?
Oso lan ona egiten ari dira; hori iruditzen ari zait, behintzat, gurean daudenak ikusita. Historikoki, Euskal Herrian erakutsi izan dugu badakigula auzolanean funtzionatzen, eta orain ere ikusten ari gara. Eskaini didate laguntza sare horietatik, eta, oraingoz behar izan ez badut ere, eskertzekoa da horrelakoak eskura edukitzea. Krisi egoerek gizarte baten gabeziak agerian uzten dituzten bezala, elkartasunerako gaitasuna ere azaleratu egiten da halako egoeretan.
Eta zein dira gabezia horien adibide?
Egoerak baliabiderik gabe harrapatu gaitu. Azken urteotan sistema publikoan egin diren murrizketek zer eragin duten ikusi da orain. Dena pribatizatzen aritu dira, eta orain ohartu gara sistema publikoan dugunarekin ez dela aski horrelako gaitzei aurre egiteko.
Aditu askok aurreratu dute krisi hau amaitutakoan krisi ekonomiko sakon batean sartuko garela. Nola eragingo die horrek pentsiodunei?
Denek pairatuko ditugu ondorioak, eta ikusi beharko dugu estatuak nola banatzen duen bere esku duen dirua; baina guk gure aldarrikapenei eutsiko diegu. Osasun zerbitzu publikoak indartu ditzatela eskatzen jarraitu beharko dugu, eta zaintza ere aintzat har dezaten galdegiten. Krisi honetan garbi ikusten ari gara arazoak konpondu gabe jarraitzen duela. Hasieran, adibidez, umeek eskolara joateari utzi ziotenean, aitatxi-amatxiek zain genitzan nahi zuten, baina gero ohartu ziren ez zela komeni, adinekoak arriskuan jartzen zituelako erabaki horrek. Denak ongi gaudenean, ez da hainbeste nabaritzen zaintza lanetan dagoen arazoa, baina gauzak okertzen direnean, orduan bai ikusten dugula falta.