Birusaren aurka, Senegalen

Birusaren aurka, Senegalen

Natalia Tajadura

Arratsaldeko zortziak Oussouyen, Senegalgo Cassamance eskualdeko herri batean. Etxeratze agindua indarrean sartu da, biharamuneko 06:00ak arte. Hori da Macky Sallen gobernuak joan den martxoaren 23an martxan jarritako neurrietako bat, COVID-19aren hedatzeari aurre egin ahal izateko. Badira bertze hainbat: garraio publikoaren esparrukoak, turismoaren arlokoak —mugak itxi dituzte—, eta turismoarekin lotutako jarduera ekonomikoen alorrekoak, bertzeak bertze.

Neurri horiek errotik aldatu dute eskualdeko komunitateen egunerokoa: eskolak itxita daude; azokek zabalik jarraitzen dute, baina jende gutxi dabil. Janari bila ateratzen dira bakarrik herritarrak etxetik. Zorionekoek hozkailua dute, baina gehienak azokara joaten dira egun oro behar duten arroza erostera. Arroza ez dute falta, oraingoz, ezta duten hori banatzeko ohitura ere. Teranga (abegi ona, Senegal osoan ofiziala den wolof hizkuntzan) hemen ohiko gauza bat da; hemengo herritarrek berezkoa dute abegi oneko izatea.

Herri osora hedatu dira koronabirusari aurrea hartzeko neurriak. Etxez etxe joaten dira boluntarioak gaitzaren berri ematera eta maskarak banatzera. Herrixketako zuhaitzetan ere kartelak jartzen dituzte, eta herritarrek segurtasun neurriak betetzen dituzte. Hala ere, beti dute irribarrea aurpegian, eta agurra prest, kaletik pasatzen denarentzat.

Hamar urte lanean

Cassamance eskualdeko herrixketan erabat aldatu da egunerokoa, krisiaren ondorioz. Pandemiak bereziki eragin die Asiako eta Europako herri batzuei. Afrikan, batzuek diote mendebaldeko herriei hilaren bukaeran eraginen diela pandemiak, bereziki; tokiko komunitateek argi dute, ordea, hemen ez dela Europan gertatu dena errepikatuko. Hori uste dute, “berezko tresnak martxan” jarri dituztelako herritarrak babesteko. Mendebaldeko begiradarentzat ulertzen zaila izan daiteke hori, baina beren sinesmenen parte bat da. Mendebaldean lan egiten dute gaitzarentzako sendabide bat aurkitzeko; hemen, berriz, prebentzioa bazter utzi gabe, lehentasuna da osasunaren alde egitea: jendearen osasuna suspertzeko zer egin asmatzea.

Senegalgo Cassamancen, bertako eta Mendebaldeko moldeek egiten dute bat, neurri batean: eskualde horretan lanean ari da, duela hamar urtetik, Zinemagileak Martxan izeneko Madrilgo gobernuz kanpoko erakundea. Federica Romeoren zuzendaritzapean, erakunde horrek lan egiten du hainbat hezkuntza eta gizarte proiektu garatzeko, betiere ikuspuntu feminista batetik.

Erakundeak 2020rako lehentasunen artean du egoerarik zaurgarrienean direnekin lan egitea: adingabeekin eta emakumeekin, hain zuzen ere. Proiektu horiek guztiak tokiko profesionalek kudeatzen dituzte, boluntarioen laguntzarekin.

Proiektu horietako batek helburu du adingabeen formakuntza, Ziginchor hiriko daara batean. Senegal osoan daude daara-k: Korana oinarri duten eskolak dira, mutikoak musulmanen erlijioan trebatzeko. Eskola horietan ez dago neskarik; mutikoak, anitzetan, baldintza izugarri kaskarretan bizi dira, eta karrikan aritzen dira eskean, aurrera egin ahal izateko. Kasu gehienetan, haurron familiek ezin dituzte adingabeak mantendu. Gobernutik ekinaldion kontrako arauak badira, baina, hala eta guztiz ere, halakoak existitzen dira.

Ziginchor hiriko eskolan diren mutikoen, boluntarioen eta Zinemagileak Martxan taldeko langileen lanari esker, han bizi diren adingabeen egoerak hobera egin du; egun, hain zuzen, lanbide heziketa eskaini ahal izateko baliabideak lortzea dute helburu, lanpostu bat lortzeko aukera gehiago izan dezaten. Koronabirusaren pandemiak mundu osoan eragindako krisiak asmo horiei ere egin die kalte, ordea.

Kanpaina martxan

Egungo egoerari aurre egiteko, kanpaina bat jarri dute martxan dirua lortzeko. Asmoa da, batez ere, adingabeek zer jan izanen dutela bermatzea, gazteei bereziki kalte egin baitie krisiak. Gainera, proiektu berri bat jarri dute martxan Cassamance eskualdeko Oussouye herrian, turismo iraunkorra sustatzeko amoz. Helburua da tokiko gazteak trebatzea, bereziki emakumeak, turismoaren arlo horretan lan egin dezaten: emakumeon lanpostu bat lortzeko aukerak gora egin dezan, batetik, eta genero ikuspuntu batetik tokiko ekonomiaren eta ingurumenaren aldeko egitasmoak martxan jar ditzaten, bertzetik.

Emakumeak dira nagusi Zinemagileak Martxan-ek babesten duen bertze proiektuetako batean: Kabrousseko baratze komunitarioa, hain zuzen ere. Bertze hainbat proiektu ere laguntzen dituzte gobernuz kanpoko erakundeko kideek: denda solidario bat kudeatzen dute Oussouyen, eta udan, berriz, bidaiak antolatzen dituzte boluntarioentzat, Oussouyeko Ojacks elkarteko kideekin batera.

Proiektuok guztiok kolokan dira orain; neurri handi batean, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeragatik. Senegalgo Gobernuak ezarritako segurtasun neurriek baldintzatuta ari dira, baina lanean jarraitzen dute Cassamance eskualdeko herritarrek eta Zinemagileak Martxan erakundeko kideek, halere, beren bizi baldintzak hobetze aldera. Ilusioa eta ideiak erruz dituzte, behintzat.

OHARRA:

Natalia Tajadura Arizaleta gizarte langile eta sexologo iruindarrak hiru hilabete daramatza Cassamance eskualdean, Senegalen, Zinemagileak Martxan gobernuz kanpoko erakundearentzat boluntario lanak egiten.