Edurne Elizondo
Etxean, sakelako telefonoarekin. Ez da erabatekoa koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoerak ekarri duen itxialdia, herritarrek elkarri bidaltzen dizkioten argazki eta bideoen bidez bertzeen balkoiaz harago gertatzen denaren berri jaso baitezake gizarteak. Konfinamenduaren leiho bilakatu dira irudi horiek, nolabait erranda, eta leiho hori zabaldu duten egungo baliabideak aprobetxatu nahi izan ditu Nafarroako Artxibo Garaikideak ere: herritarrei eskatu die duten materiala bidaltzeko, konfinamendua dokumentatzeko asmoz.
Argazkiak, bideoak eta audioak nahi dituzte artxibo horretako kideek, bai eta Iruñeko eta Tuterako udal artxiboetako arduradunek ere. Hiriotan bat egin dute Nafarroako Gobernuak egindako deiarekin, eta dokumentazioa eskatu dute, oraina memoria bilakatzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko.
Vianako Printzea erakundeak 2018. urtean jarri zuen martxan Nafarroako Artxibo Garaikidea. Zehazki, Administrazioaren Artxiboa baliatu du Nafarroako Gobernuko Agiritegien eta Dokumentazio Ondarearen Zerbitzuak lan esparru hori jorratzeko: “Herritarrei zabaldu nahi izan dizkiegu Administrazioaren Artxiboko ateak, haiek ere parte har dezaten hurbilekoa dokumentatzeko prozesuan”, nabarmendu zuten Kultura Departamentuko arduradunek, proiektu berria aurkeztu zutenean.
Orain arte, Nafarroako Administrazioak berak sortutako agiriak gordetzea izan du xede Administrazioaren Artxiboak. Duela bi urte lan esparrua zabaldu eta gero, artxibo horretako arduradunek bertze hainbat arlotako agiriak jaso dituzte jada. “Kontua da gizarte garaikidearekin lotutako jardueren memoria gordetzea”, berretsi dute gobernuko kideek.
Gizarte garaikidearekin lotutako jarduera horiek askotarikoak dira, eta askotarikoak dira, halaber, Nafarroako Artxibo Garaikideak orain arte jasotako funtsak: Aralar alderdiak bere material grafikoa jarri du artxiboko arduradunen esku, adibidez; Arrosadiko Auzo Elkarteak, bertzalde, bere agiriak eman ditu; eta Etxarri Aranazko Jauregi familiak jada existitzen ez den San Miguel irin fabrikako funtsa utzi du artxiboan gordetzeko. Ez dira bakarrak: Saide enpresak ere eman du berea, Alaiz kolektiboak bere agiriak, eta herritar batzuek beren bildumak.
Elkarlana
Artxiboko arduradunen asmoa da joan-etorriko prozesua izan dadila herritarrek beren hurbileko historia jasotzekoa; hau da, jasotako funtsa landu, eta herritarren esku jarri nahi dute, berriz ere, Kultura Departamentuko arduradunek. Horren adibide izan da Zinema Aretoa izeneko ekinaldia: Administrazioaren Artxiboak bere funtsari gehitu zizkion herritarren eskutik jasotako materialak, eta, horiekin guztiekin, Cines en Navarra (Zinemak Nafarroan) izeneko liburua osatu zuen, 1940tik 1990era bitarteko herrialdeko zinema aretoen memoria jasotzeko.
Oraingo deialdiarekin ere, administrazioren eta herritarren arteko elkarlana sustatu nahi du Nafarroako Artxibo Garaikideak. Iruindarrek hiriko artxibora bidaltzen ahal dituzte beren materialak: argazkiak, archivomunicipal@pamplona.es helbidera gutxienez 300 ppp-ko bereizmena behar dute—, eta audioak eta bideoak, berriz, Whatsapp bidez, 606 540 019 zenbakira.
Tuterako herritarren argazkiak eta bideoak archivo@tudela.es helbidean jasoko dituzte, eta gainerako hiri eta herrietako bizilagunenak, berriz, Administrazioaren Artxiboaren helbidean: administracion.donaciones@navarra.es helbidean, hain zuzen ere.
Koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdiaren berri emanen du Nafarroako Gobernuak bere artxiboan, oraina iragan bilakatzen denean. Jada iraganekoak diren bertze hainbat pandemiaren memoria ere gordetzen du Kultura Departamentuak bere artxiboetako pareten artean. 1348. urteko izurri beltzaren eta gaitzak eragindako gosetearen ondorioz, adibidez, garai hartako Nafarroako Erresumako herritarren erdiak hil ziren. Duela mende bat, berriz, Espainiako gripearen epidemiak jo zuen Nafarroa. Garaiko agiriek eta kronikek kontatzen dute, orain bezala, jendea bakartzeko neurriak hartu zituztela, bertzeak bertze.