Edurne Elizondo
Dendan sartu nintzen lehen aldian jakin nuen hemen egin nahi nuela lan”. Ana Jimenezenak dira hitzak. Kide jostailu dendako arduraduna da, Nekane ahizparekin batera. 1970eko hamarkadatik dago zabalik, baina ekainekoa du azken hilabetea: 30ean itxiko dute, behin betiko.
“Akaso lehenago, zer saldu gabe gelditzen bagara. Harrituta gaude etorri den jende kopuruarekin. Lepo bete digute denda”, azaldu du Ana Jimenezek. Azken orduko salmentak, baina, ez dira nahikoak izan azken urteotako joerari buelta emateko. Krisiak jo du sektorea, eta are gehiago Kide: “Kalitatezko jostailu hezigarrien aldeko apustua egin dugu beti, baina ezin izan diogu eutsi”.
Jostailu elektriko eta elektronikoen garaian, etxe guztietan pantailak nagusi diren honetan, Kidek amore eman behar izan du. Ia berrogeita hamar urteko bidea egin du dendak, 1972. urtean martxan jarri zenetik. Lagun talde batek garatu zuen proiektua; haietako batzuk Zizur Txikiko San Fermin ikastolarekin bazuten harremana, eta helburu zuten, hain zuzen ere, geletan erabili ahal izateko materialak eskuratzea. “Kide izan da aitzindaria”, erran du, harro, Jimenezek. Harro baitago gehiengoak egindako bidetik aldendu izanaz, eta hasierako beren balioei eutsi izanaz.
Bide propio horrek eta balio horiek esparru jakin batera bideratu dute Kideren jarduera, eta jarduera horrek ezaugarri nagusi argi bat izan du: “Jolasari duen garrantzia eman diogu”, laburbildu du dendako arduradunak. Horrek zer erran nahi duen zehaztu du Ana Jimenezek: “Jostailu baten helburua ez da bakarrik haurra entretenitzea; jostailuak izan behar du hezigarria, gainera, eta balio behar du umearen garapena laguntzeko”. Horregatik, Kiden beti utzi dituzte bazter jostailu sexistak, eta zuraren gisako kalitatezko materialen alde egin dute. Ez hori bakarrik: “Jostailuzko armarik ez dugu inoiz izan; ezta ura botatzeko pistolak ere”.
Esker ona eta tristura
Beren bidearen eta balioen aldeko hautu horri eustea ez da beti erraza izan, Ana Jimenezek azaldu duenez; ezta orain ere: “Sexismoaren arloan, orain arte neskentzako eta mutilentzako jostailuak bereizteari uko egin dioten etxe batzuk ere hasi dira jostailu arrosak eta urdinak egiten”.
Hitz egiten duen bitartean, denda betetzen hasi diren bezeroei so egiten die Ana Jimenezek. Nekane Jimenez ari da erakusmahaiaren atzean erosleak artatzen. Apalategiak hutsik gelditzen hasi dira jada. “Jende anitz etorri da; eta mezu eta dei anitz jaso ditugu, orain arteko lana eskertzeko eta agur errateko. Jendea triste dago Kidek atea itxi behar duelako”. Jimenezek ez du ukatu oraingo arretak “sentimendu kontrajarriak” eragin dizkiola. “Maite gaituztela erakutsi digute, eta hori polita da; baina, ahizpak lehengoan galdetzen zuen bezala, non zegoen orain etorri den jende hau guztia Gabonetan?”.
Nekane Jimenezek 1979. urtean hartu zuen bere gain Kideren ardura. Erretiroa hartzeko garaia hurbil du jada. Ana ahizpak, baina, ez du argi aurrerantzean zer eginen duen. “58 urte ditut; nonbait egin beharko dut lan, baina, oraingoz, ez dakit non; ez dakit zer eginen dudan”. Kosta egiten zaio bere burua Kide ez den bertze nonbaiten irudikatzea. “12 urte nituen dendara lehen aldiz sartu nintzenean. Ahizpa laguntzera etortzen nintzen, eta hasieratik maitemindu nintzen proiektuarekin”, kontatu du Ana Jimenezek.
Gorriti karrikan zegoen Ana Jimenezek 12 urte zituenean ezagutu zuen Kideren denda hura. 2000. urtean mugitu ziren orain arteko egoitzara, Tafalla karrikako 33ra, alegia. “Nik ez dut bertze inon lan egin”, nabarmendu du Ana Jimenezek, irribarreari eusteko ahalegina eginez.
Badu gehiago errateko, baina ondotik pasatu den umeari egin dio so. Haurra zaintzen ari den emakumearengana jo du Jimenezek, zuzenean: “Margo horiek erosi behar dizkiozu?”. Bezeroak margoak zirenik ere ez zekiela erantzun dio. Nahi zuena hartzen utzi diola. “Bere adinerako ez dira egokiak; hobe du bertze zerbait hartu”. Ezin du bere lana bazter utzi; ezta haur ororentzat jostailurik aproposena bilatzeko bere grinari uko egin ere.
“Gehienetan, helduek aukeratzen dituzte haurren jostailuak”, erran du Jimenezek. Eta haurrei zer nahi duten azaltzeko aukera eman behar zaiela uste duela gaineratu du. Profesionalen aholkuek duten balioa nabarmendu du, halere; bertzela, Jimenezi gertatu zaizkionak gertatzen dira: “Haur bat etorri zen behin gurasoekin; denda osoko jostailuen artean gustukoen zuena aukeratzeko erran zioten, eta su itzalgailua aukeratu zuen”.
Inoiz huts egiten ez duten jostailuak dira margoak; bai eta plastilina ere. Horixe azaldu du Kideko dendariak, garai bateko eta bertzeko haurren artean alde handirik ez dagoela azaltzeko. Eta guztien artean, “onenak” taldeko jolasak direla erantsi du. “Pantailen aurka ere irabazle dira taldeko jolasak”. Taldea osatzea, baina, ez da beti erraza. Are gutxiago pantaila bat haurra toki batean geldirik egon dadin erabiltzen denean. Edo jolasari berez duen garrantzia ematen ez zaionean.
Pantailen eta Interneten bidezko salmenten garaian, bidean atzean gelditu da Kide. Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisia izan da dendak jaso duen azken kolpea. Aldi berean, gustukoen dutena egiten disfrutatzeko azken aukera eman die azken hilabeteotako konfinamenduak Jimenez ahizpei. “Denda itxia izan dugu, baina telefonoz artatzen genuen jendea. Bati puzzle bat, bertzeari margo batzuk… Paketeak prestatu, eta etxera eramaten genizkien”. Jostailuekin batera, jostailu arteko lanen memoriak ere banatu dituzte, etxez etxe.
Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku